Ezkerreko botoak eman dio garaipena EH Bilduri

Baleike 2019ko mai. 27a, 08:43

Atzoko emaitzak aztertuta, ezkerreko botoak eman dio garaipen historikoa EH Bilduri. Koalizioaren oinarrian dauden alderdiek 2007an lortu zuten orain arteko emaitzarik onena (2.444 boto denen artean) baino ia 200 boto gehiago jaso ditu (2627). Babes portzentaiari dagokionez, EAJrena da marka historikoa: %50,37a 1983ko udal hauteskundeetan.

"EAJtik ezkerrera"

Udal hauteskundeekin batera, Batzar Nagusietarako eta Europako Parlamenturako egin diren bozketen emaitzak aztertuta, nabarmen ikusten da nondik etorri zaion EH Bilduri boto zaparrada gehigarria: Podemosetik. Batzar Nagusietarako 340 boto jaso ditu Zumaian alderdi moreak; Europarako 413. Udalerako hautagaitzarik ez du aurkeztu Podemosek eta boto horiek denak EH Bilduk jaso ditu: 2.273 boto izan ditu EH Bilduk Batzar Nagusietarako (udalerako baino 354 gutxiago) eta 2.159 Europarako (udalerako baino 468 gutxiago). Beraz, bete-betean asmatu du hauteskunde kanpainan "EAJtik ezkerrera" dauden boto guztiak eskatuz, "aldaketa posible izan dadin". Datu honen atzean egon daiteke irakurketa sakonago bat: lehen ezker abertzaleari botoa ukatzen zioten ezkerreko boto emale askok jadanik atzean utzi dute marra gorri hura eta EH Bildu aintzat hartzen dute aukeren artean.

EAJ: 2015eko langa

EAJri kontrakoa gertatu zaio. 2015ean langa oso goian jarri zuen (2.152 boto lortu zituen, sekula baino gehiago), 2011n baino ia 600 boto gehiago (%14 gehiago boto portzentaian) biltzeko gai izan zen eta alkatetzatik atera zuen EH Bildu. Boto kopuruari erreparatuta, aurtengo galera ez da ikaragarria izan (99 boto), baina boto portzentaian sei puntu egin du behera. Uzinek boto batzuk kendu dizkio baina ez du eraginik izan zinegotzi banaketan. Erabakigarria zera izan da, EAJk ez duela boto berririk erakarri: 2015ean baino 430 boto gehiago egon dira aurten hautesontzietan (5.400/4.970), baina EAJk ez du arrakastarik izan boto emale berri horien artean. Deigarria da, bestalde, EAJren markak duen indarrarekin Zumaian nola ez den gehiago baliatu olatu horretaz. Hausnarketa egin beharko dute herriko arduradunek, estrategia egokia ote den pertsona jakin baten irudian oinarritzea.

PSE, udalerako emaitzetan okerrago

PSEk atzo Zumaian jasotako emaitzetan ere bada datu deigarririk: boto gutxiago jaso ditu udalerako hautagaitzak Batzar Nagusietakoak eta Europakoak baino: 511 boto jaso ditu Arritxu Marañonen alkategaiak, 574 (+63) PSEk Batzar Nagusietarako, eta 659 (+148) PSOEk Europarako. PSEri bigarren zinegotzia ematen zioten kiniela askok, baina atzo beste 74 boto falta izan zitzaizkien. Urruti gelditu dira sozialistek 2003an lortutako 700 botoak.

(Baleike.eus/hauteskundeak orri berezian dauzkazue datu guztiak eta hauteskundeen arteko alderaketak egiteko tresna