Herritarrak hasi dira jada botoak ematen

Baleike 2019ko mai. 26a, 09:28

Hauteskunde eguna dugu gaur. Udala, Gipuzkoako Batzar Orokorrak eta Europar Parlamentua osatzeko hauteskundeak egingo dira gaur. Hauteskunde-mahaiak arazorik gabe osatu dituzte eta herritarrak hasiak dira jada botoak ematen. 

Hauteskunde-mahaietarako deituta zeuden lagunak 8tarako hauteslekuetako ateetan zain egon dira mahaiak osatzeko. Batzuk bospasei minutuko atzerapenarekin agertu dira, baina ez da hori arazoa izan mahaia eratzeko. Informazio guztia jasota, goizeko 9:00etan zabaldu dituzte hauteslekuetako ateak, eta herritarrak pixkanaka joan dira beraien botoak ematen. 

Mahai gainean hiru koloretako hautetsontzi dituzte: urdina Europako parlamenturako, zuria Udalerako eta izokin kolorekoa Batzar Orokorretarako. Iluntzeko 20:00etan itxiko dituzte hautetsontziak, eta botoak kontatzeko unea helduko da. Europako parlamenturako botoak kontatuko dituzte lehenbizi, Udalerakoak jarraian, eta Batzar Orokorretarakoak azkenak. Zenbaketa gaua luze joango dela aurreikusten dute denek. 

Postaz emandako botoak ere eraman dituzte hauteslekuetara.