Zumaiako merkatarien ginkana jarri du abian Gertu elkarteak

Baleike 2019ko mai. 25a, 11:52

Gertu Zumaiako merkatarien elkarteak Zumaiako Merkatarien Ginkana ekimen berria aurkeztu du; ekainaren 8a bitartean egongo da martxan.

Honen bidez, Gertu elkarteko dendetan erosten duten bezeroek esku-orri bat jasoko dute eta helburua izango da esku-orri hori elkarteko kide diren lau establezimendu ezberdinetako zigiluekin betetzea. Zigilua lortzeko ez da erosketa kopuru minimorik ezarri.

Behin hori betetakoan, esku-orria turismo bulegoan edo Alondegiko sarreran egongo diren kutxetan bota ahal izango da. Kutxak ekainaren 8an, 20:00etan, jasoko dira eta zozketa ekainaren 10etik aurrera egingo da. Parte hartzaileek 100 euroko hiru erosketa txartel irabazteko aukera izango dute.

Horrez gain eta ginkanari zein tokian tokiko kontsumoari indarra emate aldera, ekainaren 1ean herriko kaleak dinamizatzeko egitarau berezia antolatu du Gertuk. Horrela, goizeko 12:00etatik hasita arratsaldeko 20:30ak arte, Ezten Giro erromeri taldea, gazteei zuzenduriko kapoeira ikastaroa Kofradian eta Zumai txaranga izango dira kaleak alaitzen.