Orduan bai

Kanoiak, danbatekoen oihartzunak

Imanol Azkue Ibarbia 2019ko mai. 25a, 11:01
Gaztelaniaz “Punta del cañón” deitzen zioten inguru honi, eta euskaraz “Puntako haitza”

Kanpotarrek gure kanoiak ikusten dituztenean eta galdetu, behin baino gehiagotan tokatu izan zait azalpenak eman beharra, gure herria ez dela bereziki herri liskartsua edo gerran zaildua. Baina nekez imajina daiteke kanoien bestelako erabilerarik, ez bada guda eta borroka, txikizioa. Zumaian ez dugu izan Amaiurko setiorik, Leningradorik, Intxortako fronterik…, baina gatazkak eta gerrak izan dira, bazter gehienetan bezala, eta horien lekuko –gaur egun isilak– dira gure kanoiak.

Herrian zehar banatuta aurkituko ditugu, bost lekutan: Paolean, Kresala etxearen aurrealdean (3); Arbustaingo Arranplan, erdi ezkutatuta (2); Otsangoko eskaileretan, Alondegiaren ondoan (1); Moilaberrian (2); eta kirol portuan (2). Denak ez dira berdinak, ordea: batzuk benetako kanoiak dira; beste batzuk, berriz, gezurretakoak, itxura egitekoak. Gaur egun apaingarri hutsak dira, zaldi gainean bezala jarri eta argazkiak ateratzekoak, baina garai batean beste funtzio bat zeukaten: herria babestea; izan ere, sarritan erasoak itsasaldetik etortzen ziren, eta horiei aurre egiteko eta bere burua defendatzeko prestatuta zegoen gure herria.

Kanoien kokalekua, izarren bidez: horiz, benetakoak; berdez, gezurretakoak

Historian zehar, gertakari politikoek eta militarrek gurean ere eragin izan dute: itsaslapurren harrapaketak, 1766ko matxinada, atzerriko potentzien (Ingalaterraren eta Frantziaren) inbasioak, gerra karlistak, 1868ko “Gloriosa”, Gerra Zibila… Gurean ere entzun ziren tiro hotsak eta kanoikadak, eta horietako batzuen arrastoak dira kanoiak. Baina zer dakigu, zehazki, kanoi hauen gainean? Luis Martinez Kleiser madrildarrak eta Rafael Del Pilar lagunak berariaz aitatzen dituzte kanoiak beraien liburuetan[1], eta horiei jarraituz, badakigu 1636an kanpotik etorritako sarjentu batek Zumaiako armak eta gotorlekuak ikuskatu zituela, eta ondo babestuta ikusi zuela, itsasaldetik izan ezik; horregatik, gaur egun Alondegia dagoen horretan gotorleku bat egin zuten. Beste gotorleku bat ere bazegoen, ordea: 1638an, garita bat jarri zuten Paolaldean, Talaipe eta Junta egon ziren horretan; “magacén de las municiones” deitzen zioten (hau da, munizio biltegia), eta leku horren izenak emango digu han zegoenaren arrastoa; izan ere, gaztelaniaz, “Punta del cañón” deitzen zioten han hasi eta ibaia zeharkatuta Santiagoko errepideraino doan haitz brankadari, eta euskaraz “Puntako haitza”. 1694an, Mari kaleko fuertean, kanoi gurdien gainean jarri zituzten kanoiak, eta etengabe ondo mantendu zuten urteetan zehar; 1776an, adibidez: “Así mismo, se dio comisión en forma a dicho Agustin Ignacio de Echave para que haga la obrilla de Pared y asientos que se premeditan, y hay necesidad en la punta o fortín de calle berria [edo Mari kalea]”[2]; beste aipamen hau, berriz, 1799koa da: itsasoan frantsesen nabioak eta fragatak ikusi zituztela eta, “se limpien de nuevo los dos cañones únicos que existen en el Fuerte de San Felipe, a la entrada de este Puerto, como prevenir al vigía Manuel de Arrazcaeta esté a la mira de si se acercan a estos Mares algunas naves enemigas con señales de desembarco, invasión o cosa equivalente”[3]; gaur egun ere, Alondegiaren azken solairutik gure herriaren ikuspegi bikaina dago.

Rafael Del Pilarrek ondo baino hobeto hartu zituen kanoien neurriak 2003an (Arrangoleta liburutik hartua).

Rafael Del Pilarrek ondo baino hobeto deskribatzen ditu gure kanoien ezaugarriak: “sacre” motakoak ziren, burdinazkoak; XVII. mendean egin ziren eta 1.000 kg inguru pisatzen zuten; ahotik kargatzen ziren, 9 cm-ko diametroko eta 3 kg inguruko bala esferikoak disparatzen zituzten, 250-300 metrora nahikoa ondo asmatzeko moduan, eta gehienez ere 800/1.000 metrora.

Hauxe Rafael Del Pilarren proposamena, kanoiak estalpean ondo gordetzeko (Arrangoleta liburutik hartua).

Kanoi hauek garai batean bazeukaten funtzioa, baina zaharkitu egin ziren. Mari kaleko gotorlekua ez zen hain beharrezkoa, Parrokiaren ondoan etxeak eraikitzeko asmoa zegoen, eta Rafael Del Pilarren hitzetan, “Bat-batean, lehen ederrak eta mimatuak izandako pieza haiek, hainbat eta hainbat adinekori gertatzen zaien bezala, inork ere nahi ez dituen ‘alferrikako traste’ bihurtu ziren”. Ahaztuta egon ziren bazterrean, zakar eta sasi artean, harik eta XX. mendearen hasieran, Arrangoletan bete lana egin ondoren, Paolbideko pasealekuko petrilean ahuspez sartu zituzten arte, itsasontziak lotzeko aitzakian. Benetako kanoiekin batera, ordea, “gezurretako” beste batzuk ere sartu zituzten, desberdinak; baten batek, gainera, egilearen marka ere badauka: “B. APESTEGUI-ZUMAYA” (alegia, Bernabe Apestegiren fundizioan egina); benetako kanoien antzera, horiek ere itsasontziak lotzeko jarri zituzten, noray edo mutiloi (amarroi) izateko.

Hona hemen bi kanoi, ahuspez sartuta, Arbustainen. Bietatik, zein da benetakoa?

Gure kanoiak hantxe egon ziren porlanetan sartuta, harik eta duela hogei urte inguru (lanak 2003an amaitu zituzten) Paolbidea berritu eta atera zituzten arte; orduan, beste “bizitza” bat ematea erabaki zuten: txukundu, pintatu, azpialdeko egurrezko kanoi gurdia jarri… Bat-batean, agerian eta nabarmen geratu zitzaizkigun iraganeko burdinazko pieza haiek, berpiztu izan balira bezala, herri osoan zehar, gainera, eta ia tiro egiteko pronto. Baina lekurik egokienean al daude? Rafael Del Pilarrek, ohi bezala, hausnarketarako bidea eta proposamen zehatza dakar bere liburuan: kresalak jan egiten du burdina, eta pieza hauek benetan estimatzen baditugu eta iraunarazi nahi baditugu, beharrezkoa da estalpean eta babesean gordetzea, eta herrian museo edo leku hoberik ezean, Udaletxean bertan ipintzea badago, sarreran, zutik; marrazkia ere egin zuen, proposamenarekin.

Mari kaletik ederki zaintzen da Paolaldea.

2001eko irailean, Inaxio Tolosak “Kanoiak????” izeneko artikulua idatzi zuen Baleiken[4], kanoien historiarekin, eta honela amaitu zuen: “Kanoien historia pittin bat argitu delakoan, orain argitzeko geratzen zaiguna kanoien etorkizuna da”. Ia hogei urteren ondoren, uste dut antzera jarraitzen dugula.



[1]                              Hurrenez hurren, hemen:
                  -MARTÍNEZ KLEISER, Luis: La Villa Villagrana de Zumaya, Voluntad, Madril, 1923. 87-89. orrialdeak.
                  -DEL PILAR ZUFIA, Rafael: Arrangoleta 1945-1951 Memorias de un barrio, autoedizioa, Bilbo, 2016. 325-334. orrialdeak.
[2]                              Zumaiako Udal Artxiboa, 69. kaxa, 82. or., 1766-01-14.
[3]                              Zumaiako Udal Artxiboa, 70. kaxa, 1799-06-30.
[4]                              Baleike, 89. zk, 22. orrialdea.