Heriotza hizpide izango da Kabi tabernan egingo diren solasaldietan

Baleike 2019ko mai. 24a, 08:15

Heriotza hizpide izango da Zumaiako Kabi tabernan hilean behin egingo diren solasaldi batzuetan. Death Cafe du izena ekimenak, eta Pausa psikologia bulegoko kideek gidatuko dute.

Heriotzaz hitz egitea, eta heriotza bera, tabu bat da askorentzat. Horma horiek hautsi eta heriotzaz hitz egiteko gune bihurtzea du ekimenak helburu. John Underwoodek garatutako plangintza hau Bernard Cretazzen ideian oinarrituta dago. 

Ekimenaren sustatzaileek azpimarratu dutenez, solasaldi hauen asmoa ez da ez ondorioak ateratzea, ezta dolurako laguntza ematea ere, heriotzaz hitz egiteko gune bat sortzea baizik. 

Lehen saioa asteazken honetan, hilaren 29an, egingo da, 18:00etatik 20:00etara bitartean, Kabi tabernan. Saioak hilean behin egitea aurreikusten dute. 

Death cafe hauetan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da 688717247 (Irune) telefonora deituta. Izen ematea zabalik dago plazak bete arte.