Zumaiako flyscha mundu mailan hedatzen lagundu duen Orue-Etxebarria omendu du Geoparkeak

Baleike 2019ko mai. 23a, 11:28

Europako Geoparkeen IX. Astearen baitan Geo Talks ekitaldia egin zen atzo iluntzean Aita Mari zinean. Hasieran, baina, Zumaiako flyscharen ezagutza mundu mailan hedatzen lagundu duen Xabier Orue-Etxebarria omendu zuten. 

EHUko Paleontologia katedradun eta Geoparkeko Batzorde Zientifikoko kide Xabier Orue-Etxebarriak Ohorezko Geoparkezale oroigarria jaso zuen atzo. Euskal Kostaldeko Geoparkeak lehen aldiz eman du oroigarri hau, eta helburua Geoparkeko ondare natural eta kulturalaren ezagutzan ekarpen garrantzitsuak egin dituzten pertsonen lana eskertzea da. Omenduak ia 40 urte luzez egindako ikerketa lan mardulari esker, Zumaiako flyschak nazioarte mailako ezagutza eskuratu du. Geoparkeko kideen esanetan, azpimarratzekoa da Itzurungo hondartzan estratotipoak izendatzeko Orue-Etxebarriak egin zuen apustua. 

Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Estratigrafia eta Paleontologia Saileko kide Aitor Payrosek eman zuten Orue-Etxebarriaren ibilbide luzearen berri. Biek goraipatu zuten Zumaiako flyscha ezagutzera emateko omenduak egindako lana. Payrosek, gainera, Orue-Etxebarriak herrigintzaren alde egindako lana ere nabarmendu zuen. Hala, omenduak egindako lanari esker, Euskal Herriak mundu mailako hiru estratotipo dituela adierazi zuen, bi Zumaian eta Getxon bat.

Oier Korta alkateak jarri zion Orue-Etxebarriari Ohorezko Geoparkezale sinbolizatzen duen txapela. Hunkituta agertu zen paleontologoa. Ohore bezala hartu zuen oroigarria, "jakinda, gainera, Biotopoarekin, Geoparkearekin eta Zumaiako sektorearekin zer ikusia zuela". 

Zumaiara lehen aldiz 1976an etorri zela izan zuen gogoan, atzo hizlari izan zen Estibaliz Apellanizekin batera. Laginak hartzen bi egun egon zirela gogoratu zuen. Ordutik harreman estua izan du Orue-Etxebarriak Zumaiako sekzioarekin, eta Itzurungo labarretako bi puntu estratotipo bezala aukeratzerako orduan bere iritzia eta lana garrantzitsua izan zen. 

Munduko leku askotan izan dela adierazi zuen, "Mexikon, Italian, Tunisian...", baina bere bi maitatuenak etxekoak bertakoak dituela azpimarratu zuen: "Getxoko Gorrondatxe hondartza eta Zumaiako Itzurun". 

Omenaldiaren ondoren El día que murió el mesozoico dokumentala ikusteko aukera izan zen. Dinosauroak meteorito batek Lurrak kolpatu zuenean desagertu zirela defendatzen du ikus-entzunezko honek. Teoria horren inguruan hitz egin zuten jarraian Jose Antonio Arz Zaragozako Unibertsitateko paleontologoa eta K/T mugan adituak, eta Estibaliz Apellaniz EHUko paleontologoa eta Zumaiako flyscharen ikerketan aitzindaria. Bi zientzialariek adierazi zuten gaur egun teoria hau ia inork ez duela zalantzan jartzen.