Herritarrekin, arazoei aurre hartzera

Baleike 2019ko mai. 22a, 09:00

Herritarren arteko harremanak, kohesioa, bizi kalitatea eta bizikidetzaren alde lanean, hainbat urtetako ibilbidea egin du Prebentzio Mahaiak. Haur, nerabe eta familiako kideekin lan egiten duten erakunde esanguratsuak biltzen dituen sarea da gaur egun. Orain arte egindako lana kaleratzeko ordua dela uste dute taldekideek, eta datozen hilabeteetan mahaia ezagutarazteko ekintzak egingo dituzte.

Bakoitzak dituen ezagutzetatik abiatu eta adituak diren esparruak kontuan hartuta, denei eragiten dieten kezkei erantzuna ematea da Prebentzio Mahaiaren helburu nagusia. Ibilbidean asko izan dira mahaia ezagutu eta batu direnak. Gaur egun, adin tarte guztien iritzi eta kezkak jasotze aldera, hauek osatzen dute taldea: Ongizate saila, Hezkuntza saila, Kultura saila, Turismo, merkataritza eta ostalaritza saila, Berdintasun saila, Kirol teknikaria, Ludoteka, Gaztetxola, Udaltzaingoa, ikastetxeetako ordezkariak, medikuak eta politikariak.

Prebentzio Mahaiko taldekide kopurua dela eta, eta landu beharreko gaiek sakontasun handiagoa behar zutela ikusirik, funtzioen eta helburuen inguruko hausnarketa prozesua abiatu zuten duela hiru urte. Bi multzo bereizi zituzten: osasuna eta bizikidetza. Hala ere,  urtean behin elkartzen dira Prebentzio Mahaiko kide guztiak.

Beste funtzioetako batzuk hauek dira: herritarren eskura dauden zerbitzu, baliabide, sistema eta eragileen lana eta esku hartzea norabide berean joan eta herritarren kohesioa, harremanak, bizikidetza, osasuna eta bizi kalitatea hobetzea.

Haur eta nerabeei zuzenduta, askotariko gaiak landu dituzte urteotan: sexu heziketa eta hezkidetza programa, guraso eskola, haur eta nerabeen babeserako prestakuntza saioak, lanbide hastapeneko tailerrak ezagutzea, higienearen eta elikaduraren inguruko lanketa, Gaztedia Sailetik egindako gazte lokalen inguruko azterketa proposamena, bide heziketa… Ekimen horiek guztiak aurrera eraman ahal izateko, ordea, Prebentzio Mahaiko taldekide guztien inplikazioa eta koordinazioa beharrezkotzat jo dute. 

Egiten duten lana eta mahaiaren jarduna kalera ateratzen jarriko dituzte indarrak taldekideek. Arlo ezberdinetatik herritarren ohiturak eta joerak aztertu ondoren, kezka komunak identifikatu dituzte. Horietako bat izan da alkoholaren kontsumoarena: datozen hilabeteetan, alkoholaren kontsumoarekin lotutako kezkak biltzea izango da helburua. Galdetegi bat prestatu dute Agipadekin elkarlanean, eta gainerako kideekin kontrastatu ondoren zabalduko dute. Herritarrek alkoholaren kontsumoaren inguruan dituzten iritziak, kezkak eta joerak jaso nahi dituzte galdetegi horren bitartez. Haur eta gaztetxoei eskaintzen zaien gizartearekin kezka adierazi du Prebentzio Mahaiak, eta kezka hori herritarrekin konpartitu eta landu nahi dute aurrerantzean: “Heldu bezala, nolako kontsumo ohiturak bultzatzen ditugu? Gazteei zer transmititu nahi diegu? Nola sustatuko ditugu ohitura osasuntsuak geure artean? Zuk, guraso, irakasle, entrenatzaile, hezitzaile, begirale, dendari, tabernari edota sendagile bezala, ez al duzu kezkarik?”. Prebentzio Mahaiko kideen ustez, guztien artean norabide berean pauso txikiak ematea da gakoa. 

Haur eta nerabeen kontsumoan fokoa jarri ordez, beharrezkotzat jo dute helduak zertan ari diren ere aztertzea. Herri mailan gai honen inguruan hausnartzeko, eztabaida sortzeko eta kalera ateratzeko beharra nabarmendu dute. Prebentzio Mahaia dagoela ezagutarazi eta gai hauetaz hitz egiteko proiektuak martxan jartzea da beste zereginetako bat. 

Herritarren partehartzea eta konpromisoa izango dute helburu: egiten dituzten urratsak eta abiatutako lanketak ezagutarazi, eta herriak horren gainean ardura bat duela nabarmendu nahi dute. Prebentzio Mahaiko kideen hitzetan, herritarren ongizatea helburu bada, herritar orok du zer egin eta zer esan.