Iñaki Ostolaza: "Zumaian lan talde baten moduan funtzionatzen dugu, herritik eta herriari begira"

Baleike 2019ko mai. 21a, 19:03
Iñaki Ostolaza: "Zumaian lan talde baten moduan funtzionatzen dugu, herritik eta herriari begira"

Erantzun ditu Iñaki Ostolaza EH Bilduren alkatetzarako hautagaiak herritarren galderak. Hemen irakur ditzakezue erantzunak.

1. Kaixo! Guztiok dakigun bezala, Zumaiak irrisgarritasun arazo haundiak ditu egin diren galdeketak dioten bezela. Orain arteko lana eta udalaren konzientzia ez dira nahi ainakoak izan. Zuen aldetik, nolako konpromezua eta lana espero den jakin nahiko nuke Zumaia erosoago baten alde. Milesker
Jabi

Zumaian azken urteetan sortu da herritar talde bat, irisgarritasun aldetik dauden oztopoen inbentario moduko bat egin eta Udalari hobekuntzak eskatzeko. Talde horrekin bildu ginen, eta beraien txostena badaukagu. Elkarlanerako konpromisoa hartu genuen eta irisgarritasun aldetik dauden arazoak identifikatuta daude, beraz, horiek konpontzen joatea izango da gure asmoa.

2. Zer eritzi duzue kirol patronatuari buruz?zumaiko kirola aurrera eramateko beharrezkoa ikusten dezute?
Bilintx

Patronatua tresna bat da, gaur egun beharrezkoa ikusten duguna. Dena den, garrantzitsuena kudeaketa publikoa, zuzena eta egokia izatea da.

3. Ota eta egoiluarrak jartzeko aurka zeudeten eta zoritxarrez gero eta okerro dago herria aparkatzeko. Ze asmo daukazue hurrengo 4 urtetako?
Elo

EH Bilduren proposamenean ez geunden egoiliar txartelaren ezta OTAren aurka ere. Defendatzen genuena zen herri osora zabaltzea (Udal Gobernuaren lehen asmoa poligonoa erregulaziotik kanpo uztea izan baitzen) eta bai ezarpenaren aurretik, baita ondorengo jarraipenean ere, herritarren iritzia eta parte hartzea bideratzeko guneak sortzea. Hori da datozen urteetan egingo genukeena, herritarren iritziak kontutan izanda sistema hobetzen joateko.

4. Komentuko baratz-lorategia herritarrei zabalduko zaiela esatean, inguratzen duen harresia botako zenutekela esan nahi duzue?
Monjaxarra

Ez, harresi hori komentuaren ondaretzat hartzen dugu. Bi gauza planteatzen ditugu komentuko lorategia herritarrei zabaltzeko: alde batetik, Arritokieta kalera dagoen harresian jada aterpetxerako existitzen den sarrera bera lorategirako herritarrei irekia izatea. Bestalde, San Jose kalera ematen duen (Luxiaren denda zenaren aurrean) hormak ez du zerikusirik goiko harresiarekin, horma arrunt bat da eta proposatzen duguna da berau kendu eta komentuan kokatuko den kulturgunerako sarrera orokorra eta lorategirako sarbidea bertatik egitea.

5. Kaixo Iñaki. Zuen programako puntuetako bat co-working gunea da Ubillosen. Hori zer den gehiago azaltzerik Bai? Eta Ubillosen gaur egun dagoen musika eskolaren erabilerarekin bateragarria izango al da hori?
lurdes

Musika, dantza eta antzerki eskola berria komentuan egitea da gure asmoa. Beraz, Ubillos libre geldituko litzateke elkarlan edo coorking zentrua bertan jartzeko. Coworking zentrua labur esanda, ofizio edo negozio ideia ezberdinak dituzten zumaiarrek erabiliko luketen egoitza moduko bat da. Adibidez, eraikin berean arituko lirateke abokatu jarduerarekin hasten ari den zumaiar bat eta informatikari lanetan hasi berria den beste bat. Horrela, bakoitzak bere jarduera garatzeko aterpe bat (beharrezko baldintza guztiekin, internet, telefonoa etab.) izateaz gain, jarduera ezberdinen arteko sinergiak aprobetxatu ditzakete.

6. Azken urteetan PNV eta PSOE bat etorri dira ia gai guztietan udalean, nahiz eta udal gobernurik ez osatu formalki. Eh Bilduk ere dezente gaietan bat egin du udal gobernuarekin, adibidez TAO sistema ezartzeari bide emanaz, baina horren truke oso jarrera gogorra izan du alkateak Bildurekiko. Legealdi honetan alkate izendatzen bazaituzte, zein izango lirateke gobernurako zure aliatuak lehentasunez? Adibidez PNVrekin elkarlana aukera erreala dela uste al duzu?
ibon

Lau urte hauetan oposiziotik hartu dugun jarrera mantenduz elkarlana bilatzen saiatuko gara. Hori da gure jarrera, bakoitzak bere herri ereduari uko egin gabe, herriaren mesederako izango diren minimoetan adostasunak bilatzea.

7. Aurreko legealdian EAJk zumaiako balkoiak zabor poltsaz betetzeko eskaera egin zuen eta oso giro gogorra sortu zuen herrian. Aldeen arteko akordioa sinatu zen, baina gero Oier Korta alkate izendatu ondoren, akordioan atzera egin zuen. Azkenean akordioko sistema hori ezartzera behartu dute. Nola baloratzen duzu hori? Eta auzokonposta eta autokonposta bultzatzeko neurririk bultzatuko al zenuke udaletik?
zur

Duela lau urte gure programan eraman genuen bilketa sistema da azkenean PNVk Zumaian ipini duena. Alde horretatik positiboki baloratzen dugu. Bestalde, horrek erakutsi du aurretik sortu zen zalaparta, neurri batean, interes elektoral batzuei jarraitutakoa izan zela. Denborak bakoitza bere lekuan ipini duela uste dugu.
Konpostatzeari buruz, aurreko legealdian martxan ipinitako bideari eta Europatik datozen aginduei lotuta, autokonposta eta auzokonposta bultzatuko ditugu.

8. osatu dezuen taldea primerakoa da, programak ere besteenak baino gehiago konbentzitzen dit, hala ere, iruditzen zait, gobernatzeko orduan, alkatetzan dena delakoa egonda ere bakoitzaren partidoak esandakoa egiten duzuela alderdi guztiek kasu batzutan herritarren kaltetan. Atez ateko garaian adibidez sentsazio hori izan nuen, autokritikarik egin duzue?
Joseba

Zumaian lan talde baten moduan funtzionatzen dugu, herritik eta herriari begira. Atez atekoarekin lotuta, Zumaia izan zen lehendabiziko herria egoera baloratu eta ezberdinen arteko akordio batetara iristen. Ez zen kudeatzeko erraza izan (kanpo zein barne mailan), baina lortu genuen. Denborarekin balioan ipini beharreko gauza bat dela iruditzen zaigu.

9. Kaixo Iñaki! Kartel, pankarta eta muralen zentsuraren gaia konpontzeko parte-hartze prozesua abiatzearen alde agertu zarete urte hauetan. Alkatetza lortuz gero, zehazki nola bideratu nahi duzue kontu hau? Ondo izan.
Kalea Guztiona Da

Gure ustez, gai honetan ere, giltza elkarrizketa eta ordenantza idazteko prozesua herritarren parte hartzeari irekia izatea da. Foro bat sortu beharko litzateke, eta ordenantza eragile eta herritar ezberdinen ekarpenekin idatzi.

10. Alkate izatera iristen bazara zein proposamen dituzu auzoetarako? Auzoek parte hartzeko fororik planteatzen al duzu? Estazioa oso baztertuta dago, adibidez. Eta Oikiari ez dio ia kasurik egin oraingo udal gobernuak.
marta

Estazioko bizilagunekin bildu gara, eta kasu honetan bi plano daudela uste dugu: alde batetik, berehalako neurriak daude (irisgarritasuna, oinezkoen segurtasuna...). Bigarren planoan, hrigintza aldetik epe ertainerako plana legoke (ordenazioz kanpo dauden etxeen soluzioa, biribilgunearen irteera berria poligonoetara etab.).
Oikia, Narruondo, Txiki erdi, Artadi... beste auzoekin ere berdin. Auzotarrekin egon eta dauden arazoen berri izatea premiazkoa da.

11. Erraustegiaren aurkakoa naiz. Eta oso kezkatuta nago gai honen inguruan duzuen jarrerarekin. Alegia, zu zeu Bilduko zinegotzia izan zinean azaldu zinen Bilduk orokorrean mantentzen zuen sistemaren alde, legealdi hartan, hainbat herritan atez-atekoa bultzatu genuen, hain zuzen erraustegiari aurre egiteko, beharrezkoa izan ez zedin. Zumaian azkenean ez da atez-atekorik jarri, horrek nora garamatza? Alkatetzara iristen bazara, zer egingo duzu, PNVren politikei men egin? Alegia, azkenean gaixotu egiten gaituen erraustegi bat ordaindu beharko dugu gure zergekin? Edo, Aldundian gertatzen dela gertatzen dena, ausardiaz jokatuko duzu eta atez-atekoa bultzatuko duzue Udaletxetik eta inposatu nahi diguten erraustegiaren aurrean, desobedientzia zibila sustatuko duzu, baita Mankomunitatearen aurrean ere? Benetan gai garrantzitsua iruditzen zait, ez bait dut nahi, eta asko gara berdin pentsatzen dugunak, mozolo aurpegiarekin geratu hain garrantzitsua den kontu baten aurrean. Beraz, erantzun argi bat behar dugu. Erraustegirik ez!
Ainara Zulaika

Legealdi honetan bilketa sistema berria ezarri da Zumaian eta eskualde osoan, eta horri lotuta akordio bat sinatu genuen beste alderdiekin. Beraz, gaur egun dagoen sisteman sakondu eta egin beharreko hobekuntzak egiten jarraitzea da gure asmoa, ez sistema aldatzea. Gaur egun Zumaian dauden bilketa selektibo datuekin (eta etorkizunean hobetzen joatea espero dugu) erraustegia ez da beharrezkoa, martxan jarri nahi bada beste interes batzuengatik dela uste dugu.

12. Musika eta dantza Patronatua fundamentuzko arrazoirik gabe bertan behera utzi zuen PNVk eta ez zuen bestelako fororik jarri. Berriz martxan jarriko al zenuke?
hodei

Legealdi honetan moztu den kultur mahaia berriz martxan ipiniko dugu. Hori da lehendabiziko pausoa, eta bertan ikusiko da berriro patronatua eratzea behar den edo ez.

13. Azken legealdian, eta kaleko adierazpenen aurrean (pankarta, kartel, pegatina) alkateak hartu duen debekuzko jarrera gotortuak herrian zalaparta sortu du, eta Erribera kalean ia 100 mural margotu dira, alkatearen aginduz marroiez estali direnak. Berriz ere zinegotzi aukeratzen bazaituzte, udalaren eta eragileen arteko partehartze prozesu ireki bat bultzatzearen aldekoa al zara? Orokorrean herritar eta udalaren artean partehartze prozesuak martxan jartzearen aldekoa al zara?
ibon

Aurreko galdera batean erantzunda gelditu da kaleko adierazpenen ordenantzaren gaia. Bestalde, parte hartze bideei lotuta, lau urte hauetan PNVk ez du programan agindu zuen parte hartze eta galdeketak arautzeko ordenantza idazteko inongo pausorik eman. Datorren legealdian gobernuan bagaude ordenantza hori idatziko da.

14. Kiroletako udal teknikoa jubilatu da eta pnvk oaingoz ez du argitu lanpostu publiko horrekin ze pasako den. Zuek Udaleko lanpostu publiko bezela mantentzeko asmoa dezue edo pribatizatu egingo da?
Mikel

Lanpostu horrek publikoa izaten jarraitu behar du. Beraz, lan eskaintza publikoa martxan jarriko dugu.

15. Zenbat etxebizitza behar dira zumaian eta non egingo dituzue alkate ateratzen bazea?
Mirentxu

Zumaia terrenoz mugatuta dago, ez du espazio handirik. Beraz, etxe hutsak merkatura ateratzea beharrezkoa da. Hala ere, gogoratu Puntanuetan 300 etxebizitza babestu egitea dela asmoa. Duela legealdi batzuk onartutako planteamentua da, gaur egun blokeatuta dago eta korapilo hori askatu behar da.

16. Aukerarik ikusten al dezu psoeren babesarekin gobernatzeko? Hala ez bada, zenbat boto behar ditu ehbilduk gehiengo osoa lortzeko? Posible ikusten al dezu? Eskerrik asko
Julen

Guk ez dugu arazorik programa mahai gainean jarrita beste alderdiekin adostasunetara iristeko. Hala ere, EAE mailan PSE eta PNVk elkarren artean alkatetzak banatzeko akordio bat eginda daukate. Beraz, Zumaian ezkerreko gobernu bat egongo bada, EH Bilduk gehiengo osoa atera beharko du. Posible ikusten dugu eta horretara goaz.

17. Zergaitik jarri ziren igogaikuak Jadarre auzoan? Zinegotzi bat bertan bizi zelako? Beste auzoetan jende gehiago bizi eta ez zenuten ezer jarri!
Arturo

Jadarreko igogailua bezala, Torreberrikoa, Mari Kalekoa eta Ardantzabidekoa ere EH Bilduren gobernuekin jarri ziren martxan.

18. Zuek aguntean jartze bazarete edozer pareta margotzeko aukera egongo da? Onartuko zenuke zure etxeko fatxada astero margotzea?
Fe

Aurretik erantzun diot gai honi. Gure ustez, hori erregulatuko duen ordenantza nolakoa izango den eragile eta herritarrei zabaldutako foro batean erabaki behar da, elkarrizketaren bidez.

19. Atez-atekoa. Herritarren parte-hartzearen aldekoak omen zarete. Udal agintean egon zinetenean ere berdina esaten zenuten. Baina denok ikusi genuen atez-atekoaren aurka jaso ziren 4000 herritarren sinaduren aurrean nola jokatu zenuten: mespretxuz. Zein sinesgarritasun duzue, beraz, oraingo honetan?
Mirari

Ezberdinen artean akordiora iristeko gai izan ginen, eta gaur egun martxan dagoen sistema adostu genuen, herritarren arteko giroa ikusita gure programan zetorrena alde batera utzita. Arduraz jokatu genuela uste dugu, ez mespretxuz.

20. Atzoko galdetegian Arritxu Marañoni behin eta berriz galdetu zitzaion PNV hauteskundeak irabazten ez bazituen ea alderdi sozialistak babesa emango zion edo ez EAJ-PNVk alkatetza lortzeko, eta zuk zeuk ere alondigako debatean aurreakordio bat bazegoela komentatu zenuen. Legealdi honetan PSOEk bai zuekin eta baita EAJ-kin ere akordioak lortu dituela jakinda, ez al da deigarria akordio posible hori aurpegiratzea, gainera 2007ko hauteskundetan zu EAko lehendakaria izanda Zumaian, eta EAk bi zinegotzi bakarrik zituela alkatetza lortu zuela jakinda? Gainera, Otegi bera ere prest azaldu da Podemosekin eta PSOErekin alternatibak osatzeko alde. Beraz, nahiko nabarmena ez al da bi neurri aplikatzen dituzuela lotsa handirik gabe, bat zuentzat komeni bezela eta bestea gainontzekoentzat?
Zozoa

Aukera guztiak zilegiak dira, baia PSOEk eta PNVk daukatena ere. Dena den, gure ustez garrantzitsua da hauteskunde emaitzetan herritarrek emandako mezua egoki irakurtzea. 2007an, Zumaian abstentzioa asko igo zen eta PNVk galera oso handia izan zuen, ezohikoa. Herritarrek aldaketa mezua eman zutela ulertu genuen, eta 2011eko emaitzek zuzen gebiltzala berretsi zuten.

21. kaixo Iñaki, Estazio auzoko egoera tamalgarria da urteak doa berrikuntzarik egin gabe, gainera, horrei gehitzen badiogu gure etxebizitzaren egoera ordenamendutik kanpo dago.Egoera honi aurre iteko neurriak hartuko dituzu ? Estazio auzoa hobetzeko asmorik duzu? Eskerrik asko.
lourdes

Aurreko galdera batean erantzun dizut.

22. Arratsaldeon .Ezker independentistaren ikuspegitik, berdintasuna estrategikoa omen da. Donostiako EH BIlduren alkategaiak esan du badela garaia Donostiako alkatetzan emakume batekin “amesteko garaia”. Baina Zumaian ez nonbait. Zergaitik ez du EH Bilduk inoiz emakume bat aurkeztu Zumaiako alkatetzarako?
Ione

Saiatu gara baina oraingo honetan ez da posible izan. Ea hurrengo batzuetan.

23. Zure aurreko legealdian, ordurako zaharkituta zeon kiroldegian zein izan ziren zenbakitan egin zenituen inbertsioak? Kantitate zehatzak eskatzen dizkizut. Zein da Bilduk ematen dion irtenbidea Zumaiakori dituen espazio faltari erantzuna emateko, ez dut ezer aurkitu zuen programan eta alondigako mahainguruan ere ez zenuen irtenbiderik proposatu.
Kirol instalakuntza duinak

Zenbaki zehatzak jakiteko orduko datuak errepasatu beharko nituzke, baina gogoratzen ditudanak: futbol zelaian belarra aldatzeko 200 000 euro, Kiroldegian egokitzapenak egiteko (gimnasioa handitu, larrialdi irteerak egin...) urte ezberdinetan beste hainbestera iritsiko zen. Mahai inguruan aipatu nituen lehentasunezko bi irtenbideak: kantxa berria egitea (herri eskolako frontoi ondokoa estalita) eta igerilekuan bi kale gehiago zabaltzea. Kontutan izan behar da espazioa zabaltzeko aukera egongo dela behin skate parka dagoen lekutik mugituta, eta futbol zelaia eta kiroldegiaren artean ere (zelaira sartu eta eskuinetara) hutsik badagoela orube bat. Epe ertain luzera, eragile guztiekin batera aztertu beharko da etorkizunean kiroldegi berria egin behar den ala ez.

24. Epa, nere galdera honakoa da, suposatzen da benetan ezker abertzalea arduratzen dela gazteetaz, hori horrela izanda, nola uler daiteke PNV gobernura iritsi denean gazteentzako sortu izana alokairurako programa? nola hartu dizue aurrea EAJk zuek 8 urte egon eta gero gobernuan?
Gazte

Nik EH Bilduko kide bezala erantzungo dizut. Aurreko legealdietan, etxe hutsen inguruko azterketa eta inbentarioa egin zen, merkaturatzeko neurri ezberdinak aztertu eta martxan jartzen hasi ziren (etxe hutsen IBI errekargoa adibidez) eta legealdi honetan, bide horri jarraituta, alokairurako diru laguntza proposamena kaleratu zuen EH Bilduk. Proposamen hori prestatzen ari ginelako atera behar izan zuen PNVk "alokairu beka" deitu zuten proposamena. Neurriarekin ados geunden, baina hasieratik esan genuen murritzegia zela. Lehen urteko eskaeren balantzeak hori baieztatu zuen, eta ondoren beraien proposamena gurera hurbildu behar izan dute, oraindik ere gehiago zabaldu behar dela uste dugun arren.

25. Zure legealdian brigada haunditzeko bideari heldu zenioten, gobernu aldaketarekin bide hori eten egin zen, alkate izaten bazara lehenera bueltatuko zara?
Iosu

Inguruko herrietako brigada txikiena dauka Zumaiak. Gai honetan, aurretik hartu genuen bideari jarraiotuko diogu.

26. Aupa Iñaki garbiketa ordenantza bat beharrezkoa da zure ustetan inguruko udalerriek dituzten bezala?
Jone

Aurretik erantzun diot gai honi.

27. Merkataritza sustatzeko web orri bat proposatzen duzue. Nola kudeaduko da orri hori?
Joseba

Aplikazio bat da proposatzen duguna, herriko komertzioetan internet bidezko erosketak errazteko. Hain justu, Martxoan aurkeztu genituen gure proposamenak eta duela pare bat aste jakin dugu Tolosaldeko mankomunitateak proposatzen dugunaren antzeko aplikazio bat garatu eta aurkeztu duela. Beraz, posible dela baieztatzen da. Martxan jarriko dugu eta udala arduratuko da aplikazioaren garapenaz.

28. Zumaian turismo plan bat onartu da. Helburu eta neurri konkretuekin. Parte hartze eta adostasun handiarekin. Orduan zergatik jarraitzen du Ehbilduk turismoa ikusten mehatxu bat bezala?
Fobiari ez!

Turismo planaren prozesuan burubelarri ibili dira EH Bilduko kideak, proposamen asko egin dituzte eta herritarren iritziarekin osatu den planarekin gustura gaude, uste dugu guk buruan genuenaren antzekoa dela. Beraz, Turismo plana gauzatzen hasteko garaia da, azken urtean geldirik egon baita gaia. Guretzat turismoa ez da mehatxu bat, ondo kudeatu behar den aukera bat baizik.

29. Legealdi honetan, besteak beste, plan estrategiko bat eta turismoa plana onartu dira. hausnarketa guzti hauen ondoren EH Bilduk kanpainan errepikatzen duen leloa “bidegurutzean gaudela” da. Ez al da kontraesan bat?
Txikierdi

Hain zuzen horretxek erakusten du, gure ustez, bidegurutzean gaudela. Bidegurutzean egotea ez da arazo bat, erabaki batzuk hartzeko garaia baizik. Aipatu dituzun bi planak, adibidez, erabakiak hartzeko beharrari erantzuten diote. Horiek eta beste plan batzuk gauzatzeko garaia izango da legealdi hau.

30. Kiroletan, zein da etorkizunerako proposatzen duzuen azpiegiturak? Imaginatu ezazu Zumaia 6 edo 8 urteta urte barru. Zein kiroldegi izango luke?
Kirolari

Aurretik erantzun diot galdera honi.

31. Jakina da auzoetan ere jendea bizi garela, baina garaira arte ez dago baliabide askorik herrira gerturatzeko, eta zenbaitetan gure modu bakarra autoa da. Baina, badago jendea autorik ez duena eta beste zenbaitek aukera izanez gero oinez edo bizikletan gerturatu nahi izango genuke. Aurreikusten alduzue auzoak eta herria lotzeko aukera berririk?
Tutifruti

Uda honetan egon da auzobus bat, Oikira joaten zena. Lehen urtea izanda ez du ondo funtzionatu, baina gure ustez horretan sakondu eta behar den denbora eta hobekuntzak eman behar zaizkio.

32. Aupa, Iñaki galdera honakoa da, zergatik oposizioan zaudetenian modu batera jokatzen dezute eta gobernuan beste batera, "gotorlekuan eta lau pareten artean lantzeko bidea ez dezute egokia ikusten" partehartzea zabala kalean, atez-ateko atakan sartu zinetenean "hondakinen mahaia" sortu zenuten eta udalean(gotorlekuan) eta lau pareten artean landu zen gaia, zergatik garbiketa ordenantza ez?
Iker

Duela bi legealdi jada hondakinen mahai bat eratu zen, herritarrei irekia, eta bertan herritarrek parte hartu zuten eta ildo nagusi batzuk finkatu zituzten. Aurreko legealdiko hondakinen mahaia, berriz, alderdi politiko guztiez aparte eragileez (alde bateko zein bestekoak) osatuta zegoen. Beraz, aurreko erantzun batzuetan aipatu dudan ildotik, ordenantza hori ere horrelako foro ireki batean hitz egin eta adostu behar dela uste dugu.

33. Etxebizitza arazoa dela eta, zein dira zuen proposamenak? Alokairu soziala martxan jartzerik aurreikusten duzue?
Braulio

Proposatzen ditugunak honakoak dira:
-Alokairurako diru laguntzak zabaltzea, bai kopurutan baita eskatzeko baldintzetan ere.
-Alokairuak duen demanda handia eta oferta eskasia ikusita, legez kanpo erabilera turistikora bideratzen diren etxebizitzak arautzea. Horrela, horietatik asko urte osoko alokairura pasako lirateke.
-Eraberritze bat behar duten etxe hutsak alokairu publikora ateratzeko udala eta jaurlaritzaren arteko lankidetza. Udalak laguntzak emango lituzke eraberritze lanetarako eta trukean etxe jabeek jaurlaritzaren ASAP programaren baitan prezio mugatuko alokairuan jarri beharko lituzkete.
-Etxe hutsei IBI errekargoa jartzea.
-Puntanuetarako aurreikusi zen planteamentua desblokeatzen saiatzea: 300 etxebizitza horietatik 100 alokiru sozialekoak dira.

34. Ze iruditzen zaizu axularreko TAO gunea errioan beste aldera eramatea??? Hau da karreterako aparkamentuak egoilarrentzat lagatzea eta kiroldegi ta ayra durexeko egoilarrak TAO gunean bihurtzea?
Beste egoilar bat

Gobernura iristean aztertuko dugu gai hau.

35. Irisgarritasuna hobetzeko EAJ-k Erribera kalea eta alde zaharra lotzen dituen igogailua eta Oikiko auzora doan bidegorri bat propozatzen ditu. Nola ikusten ditu Bilduk neurri hauek? eta zein neurri konkretu planteatzen ditu Bilduk irisgarritasuna hobetzeko?
Gora Oikiarrak

Oikiko bidegorriaren inguruan proposamena ateratzeko lanketa bat egin dugu azken urtean, baina dituen zailtasun teknikoak ikusita ez zitzaigun egokia iruditzen hauteskunde aurretik ezer agintzea. Gobernura iritsitakoan zailtasun horiek nola gainditu eta asmo hau nola gauzatu landu beharko da, bere garaian Narruondorekin egin bezala.

36. Forondan Hizkun Eskola Ofiziala ipintzeko proposamena oso egokia iruditzen zait. Zein puntutataraino dago bideratua honetan zeresana duten beste erakundeekin? Erkibe etxeaten inguruarekin zein urbanizazio planteatzen duzue? Herriko sarrerako bidegurutzeak errotonda batek ordezkatzea bideragarria den aztertu duzue?
HEOI

Oraindik gobernuan ez gaudenez ezin dugu Hezkuntza Sailera jo proposamen horrekin. Guk proposatzen duguna da Foronda Hezkuntza Sailari eskaintzea erabilera hori eman diezaion, eta asmo horretan beraiekin elkarrizketak abiatu eta adostasuna lortzea. Herri sarrerarekin zer egin daitekeen aztertu beharko da, ertz asko dituen gai bat dela iruditzen zaigu.

37. Aupa Iñaki! Artadin azken hilabetetan etxe mordoxka in dia ta bertara ayatzeko karretera eskas geatu da, zerbait pentsauta dakazue bide ori mejoratzeko? Ta Artadi auzoako planen badakazue oain jende gehio bizi dan onetan? Eskerrikasko
Huertos

Aurreko erantzun batean aipatu dudan bezala, auzo bakoitzeko herritarrekin egon eta auzo bakoitzarentzako etorkizuneko plana diseinatu beharko da.

Agurra

Eskerrik asko denei egindako galderengatik. Denbora faltagaitik galdera batzuk erantzun gabe geratu dira.
Gogoratu igandean boto gutxiren bueltan ibiliko dela dena eta boto bakoitzak balio handia duela.
EH Bilduk lan talde bikaina du eta igandean botoarekin aukera bat emateko eskatzen dizuet.
Mila esker eta ondo izan.

Iñaki Ostolaza Esnal