EAJk udal hauteskundeetako programa aurkeztu du herritarren aurrean

Baleike 2019ko mai. 21a, 15:14

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeei begira, atzo arratsaldean aurkeztu zituen Zumaiako EAJk programako 35 proposamenak jendaurrean. Oier Korta egungo alkateak eta alderdi jeltzaleko zerrendaburuak eman zituen azalpenak. Bere ondoan izan ziren hautagaitzako hainbat kide.

Kanpainako azken txanpan sartu gara, eta Zumaiako EAJk atzo bertan eman zituen ezagutzera herritarren artean datozen lau urtetarako hartzen dituzten konpromisoak. Dagoeneko etxeetara banatzen ari dira konpromiso horiek jasotzen dituen programa, eta atzo, puntu horiek azaltzea eta zalantzak argitzea izan zen alderdi jeltzalearen helburua.

Dozenaka herritar elkartu ziren Oxforden egin zen ekitaldian. Oier Korta egungo alkatea eta zerrendaburua izan zen konpromiso guztiak azaldu zituena, eta bere taldekideen babesa izan zuen. Amaitzear dagoen legealdian lortutakoa izan zuen hizpide alkateak, eta bide batez, lortutako horren gainean lanean jarraitzeko gogoa ere nabarmendu zuen. Esate baterako, zumaiarren ongizatean inbertitzen jarraitzeko asmoa azpimarratu zuen, baita adinekoen zahartze aktiboa sustatzeko xedea ere. Bide beretik, ekonomia, enplegua eta ekintzailetza arloa egokiena eskualde mailako lankidetzarekin jorratzea zela aipatu zuen. Hirigintza eta irisgarritasunaren inguruan, auzoak eraberritzen jarraitzearen alde agertu zen,  igogailu berriak egiteko helburua azaldu zuen, baita Oikiara doan bidegorria egiteko asmoa eta hango saneamendua egokitzekoa ere. “Auzokoekin harremanak sendotzea da gure helburua, izan ere, beharrezkoa da beraien beharrak ezagutzeko, zerbitzuak orekatzeko eta herritar guztiek dituzten eskubideak bermatzeko zuzeneko harremana lantzea”, azpimarratu zuen.

Proiektu berriei dagokienez, eta batzuk azpimarratzearen, Gernika parkearen azpian lurrazpiko aparkalekua egitea aipatu zuen. Lursail horren eskumena Eusko Jaurlaritzak duela gogoratu zuen, baina proiektu hori gauzatzeko beharrezko mugimenduak egiteko prest daudela nabarmendu zuen. “Proiektu konplexua da, baina aurrera egiteko prest gaude”. Hastera doan legealdi berrian Hirigintza Plan Orokorra egitea izango da beste erronketako bat. “Legealdiko lan garrantzitsuenetarikoa izango da eta herritarren parte hartzearekin burutuko dugu”, esan zuen. Torreagaberriko babestutako etxeetan lehentasuna jarriko dutela adierazi zuen eta kirol instalazioen inguruan proiektua landuko dutela. Horiez gain, Udalaren eskura gelditu diren eraikinekin zer egin behar den jakiteko azterketa sakona egiteko proposamena luzatu zuen. Erkibe aurreko orubea Udalaren eskura pasatzean, esaterako, erabilera anitzeko gunea aurreikusten du. “Proiektu integral bat Eusebio Gurrutxaga eta Zuloaga plaza lotuko dituena. Erabilera anitzeko eta aisialdirako gune estalia izango da”. Emakumeen etxearen kokapena zehaztuko dutela nabarmendu zuen Kortak, baita hezkuntza arloan inbertsioak egiten jarraitzea ere.

Amaitzeko, euskararen aldeko aldarria egin zuen Ainhoa Illarramendi zerrenda kideak. “Euskara gure nortasuna da eta horrek batzen gaitu, beraz, gure helburua hori bistaratzea izango da”, esan zuen. Hizkuntza paisaia hobetzeko ahalegina egingo dutela gaineratu zuen, baita euskararen historia soziala berreskuratzeko eta Bikain ziurtagiria eta Euskaraldia sustatzeko asmoa ere.

EAJren programako proposamen guztiak banaka-banaka ikusteko aukera hemen.