GUTUNA. "San Jose kalearen goiko aldera doan igogailua dela eta... irisgarritasuna?"

Ainhoa Linazisoro 2019ko mai. 21a, 11:54

San Jose kaleko 26.portaleko bizilaguna naiz. Nire izenean idazten dut baina auzokide batzuekin hitz egin dut eta iritzi berdinekoa dira, seguruenik gehiengoak ere berdin pentsatzen duela. Kalkulu zehatzik egin gabe, inguruan 52 etxebizitza daude 6 portaletan banatuak.

Ze ilusio neukan gure etxeetara iristeko zegoen proiektuarekin, baina denak zapuztu zaizkit eta haserrea gero eta handiagoa da azkenean egiten ari denarekin.

Igogailuaren inguruan egin diren bilera guztietara azaldu naiz azkenengo aurkezpenera izan ezik, ezin izan nuelako. Herritarrei aurkeztu zizkieten bost proiektuek ez zuten gaur egun egiten ari denarekin zerikusirik. Auzokoengan pentsatuta zeuden, baina oraingoak San Juan egoitzari bakarrik errazten dio irisgarritasuna, auzokideok baztertuta.

Ulertzen dut San Juan egoitzako egoiliarrek behar bereziak dituztela, baina gu zer? Bien interesak betetzeko beste aukerarik izango zen, ezta? Gainera, aldunditik diru-laguntza jaso du Udalak San Juan egoitzarako irrisgarritasuna hobetzeagatik.

Udalak gure auzoa beti baztertuta izan du. Gugatik egin den gauza on bakarra San Juan egoitza eta ingurua lotzen zituen pasabidea izan da, aldapak zeudelako igotzeko eta ingurura iristean laua zelako, gaur egun existitzen ez dena.

Obrak bukatzean aldapa gora latza eta aldapa behera latza izango dugu igogailua hartu ahal izateko, eta auzoan gero eta pertsona adindu gehiago daude urteak aurrera doazen heinean arazo handiagoekin, eta nik ere egunen batean izango ditudanak. Eguneroko erosketak karruekin, anbulategirako bueltak, bankuetara egin beharrekoak joateko gure makulu, bastoi eta dena denakoarekin eta eguraldi txarra eginez gero euritakoarekin... nola moldatu behar gara? Hori bai, San Juan egoitzara zuzen zuzen.

Bizikletak igotzeko ere orain kanposantura doan aldapa besterik ez dugu, urrira arte bazegoen aukera.

Gainera, pentsatu al du Udalak  igogailua puskatzen denean nola utzi gaituzuen? Puskatuko da, eta egun batean ez da konponduko; ezta aste betean ere. Eskailerak besterik ez ditugu izango ume kotxeekin, erosketa karruekin eta belauneko minekin igo ahal izateko.

Gainera San Jose kaleko beheko aldean igogailua hartu ahal izateko espaloirik gabeko kaletik pasa behar dugu, bertatik kotxe asko pasatzen dira, asko abiadura handian eta ez gaituzte errespetatzen. Espero segurtasun neurriak hartuko dituela udalak. Gainera inguruko edadetuekin hizketan komentatzen didate, eta ez nuke imajinatuko, bertan dagoen aldapatxoa euria egiten duenean oso irristagarria izaten dela. Ez dakigu kotxeen olioarengatik edo zoruan egoeragatik baina erosketetatik bueltan karru, aterki…batek baino gehiegok eskapada ederrak egin dituztela.

Azkenik Zumaiar guztioi gonbidapena luzatzen dizuet auzotik bueltatxo bat ematera, egoera nola dagoen ikusi eta bakoitzak bere ondorioak atera ditzala. Hau nire iritzia da.