Emakumeen presentzia sektore teknikoan eta industrialean sustatzeko hitzaldia izango da asteartean

Baleike 2019ko mai. 16a, 10:34

Emakumeon* Etxeko Elkarteak eta Zumaiako Berdintasun sailak antolatuta, maiatzaren 21ean, Emakumeak arlo teknikoko ikasketetan izeneko hitzaldia izango da Oxforden, 18:30ean.

Hainbat datu eta ikerketak dioten arabera, Lanbide Hezkuntzako ikasketak eta Industria eta Zientzia arloekin zerikusia dutenak ez dira emakumeen lehentasun izaten, eta, hain zuzen, gai horretan fokoa jartzeko asmoarekin, Emakumeon* Etxeko Elkarteak eta Zumaiako Berdintasun sailak eskualdeko emakume guztiei bideratutako saioa antolatu dute.

Emakumeak arlo teknikoko ikasketetan izeneko hitzaldi horrek emakumeak industria munduari buruz orientatzeko helburua izango du eta Oxforden egingo da, 18:30ean.

Hitzaldiaren hasieran ekimen horretan laguntzaile izan diren herriko hiru enpresek parte hartuko dute: GKN driveline, KORTAgroup  eta SIEMENS engines S.A. Haien enpresen jarduera deskribatzeaz gain, emakumeak lan teknikoetara gehitzearen garrantzia nabarmenduko dute.

Jarraian gaur egun sektorean lanean dabiltzan zenbait emakumek beraien lan esperientzia eta ibilbidea kontatuko dute.

Horrez gain, Zumaiako Emakumeon* Etxeko Elkarteak formakuntza eta orientazioa beharra duten emakumeei zuzendutako aholkularitza zerbitzuaren berri emango du, eta, amaitzeko, bertaratzen direnei inguruko enpresak ezagutzeko antolatu diren bisita gidatuetarako gonbitea luzatuko zaie.