Maitane Urbieta: “Realeko neskek ez dute titulu bat bakarrik ekarri, erreferente bihurtu dira”

Baleike 2019ko mai. 14a, 17:50

Euskadi Irratiko Hiru erregeen mahaia irratsaioan egiten du lan kazetari honek, eta emakumezkoen Realak Erreginaren Kopan lortutako garaipena kontatu zuen. Bere inpresioak jaso ditugu.

Nahikari Garciak Realaren bigarren gola sartu zuenean Maitane Urbietak botatako oihua sare sozialetan bolo bolo ibili da, eta batzuek Josean Alcorta mitikoak Gijonen, gizonezkoen Realak lehen liga irabazi zuenean kantatutakoarekin parekatu dute. Bere atseden egunean partidari buruz eta egun horretan sentitu zuenaren inguruan hitz egin dugu. 

Granadara joan aurretik Kopa irabaziko zutenaren itxaropenik ba al zenuen?

Finalera joatea bakarrik sari bat zen Realarentzat. Baina beraiek oso konbentzituta zeuden finala irabaztea posible zela. Sinetsita zuten, eta hori transmititzen zuten. Finaleko bezperan Nerea Eizagirrek prentsaurrekoa eman zuen, eta finala irabaztera zihoazela esan zuen, ilusioan ez zietela irabaziko. Eta pentsatzen jartzen zara ea hauek oraindik zerbait handia egingo duten. Gero partidan erakutsi zuten baietz. Oso zaila zen. Denboraldian Realaren gol bikoitza sartu duen taldea zuten aurkari, gol oso gutxi jasotzen dituen taldea. Aurrekariak ere hor zeuden: 5-0 galdu zuten Madrilen, eta justu orain astebete 1-3 irabazi zuten hemen.  

Zer giro sumatzen zenuten finalaren aurretik?

Nik taldearekin egin nuen bidaia hegazkinean. Ostiral arratsaldean heldu ginen. Nire lankideak ostegun iluntzetik zeuden han. Ostiralean jende gutxi zegoen, baina larunbatean marea heldu zen. Ez, agian, gizonezkoen partida baten adinakoa, baina 1.500 lagun egotea, eta, gainera, Granadan, handia da. Hor hasi zen titulua irabazten Reala. Realak denboraldi honetan sintonia lortu du zaletuekin. Zubietara jende gutxi joaten da, baina Anoetan jokatu duenean ekarri du jendea. Orain falta dena da ohitura bat sortzea, jendeari emakumezkoen kirola kontsumitzeagatik ordaintzea asko kostatzen zaio.

Partida hasi eta 15 minutura Atletico Madrilen gola.

Gol karrokada jasoko genituela pentsatu nuen hor, baina aldi berean Atletico Madril oso lasai zegoen; partida aurrez irabazita izango balute bezala. Horren inguruan, finala amaitu zenean diskoteka batera joan ginen, eta Realeko jokalariak han zeuden, gune VIP batean. Gero esan ziguten Atletico Madrilek lotuta zuela gune hori, finala galdu ondoren ezeztatu zuela, eta Realekoei deitu zietela. Pentsa zer konbentzituta zeuden, ospakizunak ere prestatuta zituztela. Kristoren kolpea izan zen haientzat. Haiek joan ziren pentsatuta txapeldunak zirela, eta Realak hor asmatu zuen: ilusioa zuen, gogoa, eta berdegunean erakutsi zuen.  

Nahikariren golaren ondoren zer pentsatu zenuen?

"Ostras! Koparekin bueltatu behar dugula etxera!". Hori bai, azken ordu erdia luze egin zitzaidan. Ordulariari begiratu, eta ez zuen aurrera egiten.

Partidaren ondoren nola ikusi zenituen neskak?

Laino batean. Oso konbentzituta zeuden lortzea posible zela, baina gero hori barneratzea beste gauza bat da. Nik uste atzo [igandeagatik] hasi zirela sinesten, Donostiara itzuli zirenean. Jendetza hori ikusi zutenean egin zutenaz orduantxe ohartu ziren. Realarentzat klub bezala ere izugarria da. Ikusita, gainera, denboraldi hau nolakoa izan den gizonezkoen taldearentzat. Neska hauek asko eman diote klubari, ea orain klubak zer ematen dion taldeari.

Agian ez gara oraindik konturatu zer lortu duten neska hauek.

Emakumeen kirolaren garaipena izateaz gain, Euskal Herriaren garaipena ere izan da. Udaletxeko eta Aldundiko harreretan egotea tokatu zitzaidan, eta Alderdi Eder ikustea jendez beteta, zuri-urdinez jantzita, hainbeste umerekin… Neska hauek ez dute titulu bat bakarrik ekarri, erreferenteak bihurtu dira ume askorentzat. Orain ume hauek esango dute futbolariak izan nahiko dutela. Hori lortu dute neska hauek. Gizartean ere ikuspegi berri bat sortu da askorentzat. Talde honek kristoren indarra hartu du, baina indar hori lortzeko begira zer egin behar izan duten.  

Zer egoeratan daude jokalari hauek?

Batzuk kontratua badute, baina ez dago konbeniorik, eta futbolaz aparte lan egin edo ikasi egiten dute. Batzuk kirola utzi behar izan dute ezin aldi berean lana egin edo ikasi, eta kirola egin. Hori Bera Beran gertatu da, eta baita saskibaloian ere. Kirolari profesional bezala ezin badute hortik bizi... Hor arazo handiena da emakumezkoen futbolak ez duela diru sarrerarik sortzen.

Zer uste ekarriko diola garaipen honek emakumezkoen kirolari?

Nahiko nuke pentsatu zerbait ekarriko diola, baina oso zaila ikusten dut. Orain boom batean gaude, baina hau ahaztu egingo zaigu zoritxarrez. Gero, egia da salto handia dagoela gizonezkoen kiroletik emakumezkoena. Ehun eskailera kolpe batean ezin dira igo. Pixkanaka igo behar da, baina ea begiak pixka bat zabaltzen ditugun.

Kazetari bezala zer suposatu du honek zuretzako?

Asko, oraindik ere hunkitu egiten naiz. Esan didate Realaren titulua Josean Alcortak Gijonen kontatutako gol harekin lotzen zutela, eta orain Nahikariren gol hori barrenean eramango dutela. Ostras! Hara joan nintzenean niretzat ardura handia zen final baten kontaketa egitea titulu bat irabazteko aukera zegoenean. Lehen aldia izan da halako gertakizun handi bat kontatzen nuela. Kristoren bizipena izan da, eta baita ohorea ere. Hor egotea eta horren berri ematea, hori ohore handia da niretzat. Gero, jaso ditudan erantzunekin gaindituta ere sentitu naiz. Ni realzalea naiz eta Realaren titulu bat kontatzea handia da. Azken titulua irabazi zutenean 4 urte nituen, eta hori ez dut bizitu. Ospatu edo bizi izan dudan Realaren lehen titulua da. Horregatik, bakarrik, niretzako ikaragarria da bai pertsona bezala eta baita profesional bezala ere.