Iñaki Ostolaza: “Gure erronka handiena da Zumaia izatea herri bat bizitzeko modukoa”

Baleike 2019ko mai. 25a, 09:02

2011-2015 legealdian zinegotzi izan zen Zumaiako Udalean Iñaki Ostolaza, baina alkate izateko asmoz aurkeztu da maiatzeko udal hauteskundeetako hautagaitzan. Zumaia bidegurutze batean dagoela uste du, eta bizitzeko moduko herri baten norabidean ipintzea du helburu.

Nola baloratzen duzu aurreko legealdia?

Udal gobernu bat baloratzeko orduan, kontuan izan behar da zer egin duen, baita zer jarrera izan duen ere. Udal gobernuak oposizioarekiko izan duen jarrerari dagokionez, oso legealdi traketsa eta etsigarria iruditu zait. Hasieran batez ere, oposizioarekiko minduta egon balira bezala; oposizioaren jarrera, aldiz, beti izan da eraikitzailea eta parte hartzekoa.

Asko harritu ninduen legealdiaren zati handi bat aurreko udal gobernuaren inguruan hitz egiten pasatzeak. Gainera, udal gobernua osatzen duten zinegotzietatik bat bera ere ez zen izan aurreko legealdian.

Jarrera, egin dutena eta etorkizunerako duten planteamendua ikusita, huts egindako legealdia iruditzen zait. 

Zer erronka ditu Zumaiak datozen urteetan?

Bidegurutze batean gaude. Zumaia herri industriala izan da, eta turismoa ere egon da; baina eragin gehiegi izan ez duena. Orain, azken legealdi honetan gehien bat, Juego de Tronos telesailaren grabaketak direla eta, Ocho apellidos vascos, flyscha…. Boom bat dago, eta eragina dauka.

Horrek beste lan mota batzuk ekarri ditu, lan prekario batzuk: estazionalagoak, soldata duinik gabekoak eta ez industrialak. Etxebizitzen prezio altuak ere gehitu behar zaizkio horri, eta horrek esan nahi du zumaiarrontzat zailagoa dela oraingo Zumaian bizitzea. Bidegurutze horretan gaude, eta bi aukera ditugu: gure herri industrialari eutsi eta soldata duinak dituen herria eraiki, edo estazionalitate batera joan, prekarietate batera, eskaparate batera. Gure erronka handiena da Zumaia izatea herri bat bizitzeko modukoa, norabide horretan ipintzea.

Zein dira zuen programaren ardatz nagusiak?
Hiru ardatz nagusi ditu: alde batetik, eraikin edo azpiegituren ingurukoak; beste alde batetik, Zumaian bizi ahal izateko hartu beharreko neurriak; eta, azkenik, Zumaian bizi duina eduki ahal izateko hartu beharrekoak.

Guretzat hirigintza arloan puntu garrantzitsuena Komentuko proiektua da, gure proiektu izarra da. Kulturaren inguruan mugitzen diren arlo guztiak batu nahi ditugu eraikin horretan. Sinergiak sortzeko, baina baita alde zaharrari bizia emateko ere. Horrek libre uzten dituen lokal guztiekin banaketa berri bat egin genezake. Guk programan proposamen batzuk egiten ditugu, baina proposamen guztiak itxi aurretik, lokal horiek erabili behar dituzten taldeekin hitz egin behar da.

Bestetik, kirol instalazioetan aurrerapauso bat eman beharrean gaude.  Duela bi legealdi, udal gobernuan geundenean, plan bat bagenuen, baina ez genituenez hauteskundeak irabazi, eten egin zen. Orain dagoen udal gobernuak erabaki zuen dena geratzea eta aztertzea. Egia esan, geratu egin dute, baina martxan ipini ez.

Udal gobernuak epe luzerako proposamen bat aurkeztu du. Etorkizun hurbilerako zer proposatzen duzue?
Duela bi hilabete aurkeztu zuten proposamen hori ez dakit amu bezala bota zuten. Hori aurrera eramateko Plan Orokorra aldatu egin behar da, hango lurrak ez dira eta Udalarenak.

Puntanoetan eraiki behar zituzten 300 etxebizitza babestuen proiektua – horietatik 100 alokairuan – atzera bota eta kolpetik aberasteko proiektu baten bila doaz. Etxebizitza libreak eraiki, bost-zortzi pisuko etxebizitzak, alkatearen hitzetan, aurkezpenean esan zuen bezala, “gu babestuen alde gaude, baina hau finantzatzeko dirua behar da; beraz, ahalik eta gehien eta garestien saldu behar da”. Badirudi bere garaian frontoiarekin ez zutela ikasi, nahiko sufritu dugu horrekin. Guri tokatu zitzaigun horri buelta ematea, eta berriz ere horra itzultzea erantzukizunik ez izatea iruditzen zait.

Lehendabizikoa da beste kantxa bat egitea. Badirudi bideratuta dagoela; guk, behintzat, bideratuta utzi genuen duela bi legealdi, baina oraingo gobernuak geratu egin zuten. Frontoiaren ondoan joango da kantxa bat, ez osorik estalita, beste erabilera batzuk ere izan ditzakeena. Guk proposatzen duguna da igerilekua handitzea, pare bat kale gehiago ateratzeko. Posible da, eta bere garaian geneukan plana zen mugimendu batzuk egitea, lokal batzuk libratzea eta horrekin epe motzean irtenbidea eman diezaiokegu horri.

Gaur egun, kiroldegia dagoen lekuan bertan gauza gehiago ere egin daitezke. Guk aurkeztu genuen plan bat: beheko aldagelak hustu, hor dauden spako guneak igerilekuko aldamenera atera, eta behekoa libre utziz gero, lokal gehiago egin daitezke. Horrez gain, futbol zelaiaren eta polikiroldegiaren arteko tarte horretan gehigarri bat egin daiteke eta horrekin asko irabazten da: gimnasio zabalak egin daitezke.  Egingarriak dira, eta ez diru gehiegirekin. Hori da gure helburua.

Etxebizitzak prezio garestian daude erosteko, eta alokairuak prezio ere antzera, edo okerrago. Neurririk proposatzen duzue?

Laguntzak egon dira alokairurako. EH Bilduk proposatzen zuen baldintzetan alokairuaren prezioaren muga igotzea, Zumaian etxebizitzarik ez dagoelako 600 euroan.

Gazte jendearen emantzipaziorako zeuden laguntza horiek, baina gure ideia laguntza hori zabaltzea da, alokairurako etxebizitzen mugimendua egon dadin.

Bestetik, bultzada handia emango liokete alokairuko merkatuari Ppuntanetako 100 etxebizitza horiek. Egia da aurreko legealdian EH Bilduren eta EAJren aldetik hori bultzatzea adostu zela. Lau urte pasa dira, gauzak dauden bezala daude, eta ustekabean, megaproiektu fantastiko bat.

 

Bere momentuan ezarri genituen neurri guztiak eta kendu dituztenak ere kontuan izango ditugu: esaterako, etxebizitza hutsei IBIak gehitzea, alokairuko merkatura ateratzeko. Alokairuko merkatura ateraz gero, IBI berdina ordaintzen da.

Gero eta zaharragoa da Zumaiako biztanleria. Alde horretatik zer proposatzen duzue?

Jendea autonomoa den bitartean, ahalik eta denbora gehiena norberak bere etxean egitea izango litzateke aproposena. Etxebizitza zahar asko dago Zumaian, eta Udalak lagundu egin behar du: igogailuak behar dituzten etxeetan jartzen , egokitzapenak behar dituztenei laguntzen, eta igogailua sartzen ez den tokian aulkiak igotzeko beharrezko lanak egiten.

Bizitzeko baldintza duinei dagokienez, aldarrikatzen dugu pentsiodunek 1.080 euroko soldata minimoa eduki behar dutela. Eskumena Espainiako Gobernuarena da, baina eskumen subsidiarioa eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Parlamentura eraman genuen proposamenari ezezkoa eman zioten EAJk eta PSE-EEk, baina gure helburua da hori sistema propio batean bermatzea.

Azterketa bat egitea proposatuko dugu pentsiodunekin eta oro har herritar guztiekin, jakiteko zein dauden muga horietatik behera. Gure helburua da inor atzean ez geratzea.

Turismo Plana onartu zen. Gaiak eztabaida sortzen du herrian. Zer proposatzen duzue?

Turismo Plana lantzeko prozesuan buru-belarri inplikatu ginen. Azterketa ondo joan zela uste dut, eta atera zen plana gure gustukoa da. Onartu zenetik sei edo zortzi hilabete joan dira, eta oraindik ez da pauso bat bera ere eman. 

Eskualdeko langabezi datuak Gipuzkoako onentsuenak dira. Hala ere, badago jendea langabezian. Ze neurri hartuko dituzue?

Azken legealdian edo azken urteetan inguruko enpresa handi batzuk itxi dituzte. Zumaiako 400 bat lanpostu desegin dira urte gutxian. Batzuk berrezarri dira, eta beste batzuk ez; baina berrezarri diren horiek guztiak ez dira lehengo baldintzetan lanean ari.

Xey inguruan baditugu lurrak, baina hutsik dago. Ateak jotzen hasi behar dugu, jendearekin hitz egiten, enpresa promozioak egiten dituzten eragileekin kontaktuan ipintzen, Zumaiara enpresak erakartzeko.

Laburrean

  • Izen-abizenak: Iñaki Ostolaza Esnal
  • Adina: 50.
  • Jaioterria: Zumaia.
  • Leku bat munduan: Kamineroetatik Zumaiarako jaitsiera.
  • Janari eta edari bat: arroza eta zerbeza.
  • Liburu bat: Milan Kunderaren La insoportable levedad del ser.
  • Pelikula bat: Alan Parkeren El expreso de medianoche.
  • Musikari bat: Evaristo Páramos.
  • Politikan noiz arte: Hil arte.
  • Oier Korta: ikasi behar du arerioak ez direla etsaiak.
  • Patricia Camacho: Zumaian ondo integratutako pertsona, politikoki ezezaguna.
  • Arritxu Marañon: alderdiaren mugak elkarlana oztopatzen dio.