Arritxu Marañon: “Jaurlaritzarekin alokairuaren inguruko hitzarmenak egitea proposatzen dugu”

Baleike 2019ko mai. 25a, 09:01

Arritxu Marañon Basarte da aurten ere PSE-EEren alkategaia Zumaian. Azken lau urteotan alderdi sozialistako zinegotzia izan da Zumaiako Udalean.

Aurreko legealdian zinegotzi izan zara Zumaian. Zer balorazio egiten duzu?

Gure alderdiari dagokionez, orokorrean, positiboa. Legealdia hasi genuenean EAJ-PNVk sei zinegotzi zituen, EH Bilduk beste sei eta guk bat. Alde horretatik, gure balorazioa positiboa da, Zumaiari begira aritu garelako beti lanean. Alderdi jakin bati laguntzen aritu baino, sortzen ziren proiektuen arabera egin dugu lan.

Etorkizun hurbilera begira, zure ustez, zein dira Zumaiak dituen erronka nagusiak?

Legealdi hasieratik buru-belarri aritu gara San Joseko igogailuaren alde lanean. Errealitatea bihurtu den arte ez gara gelditu. San Josen bertan behar-beharrezkoa ikusten dugu irisgarritasuna hobetzeko lanekin jarraitzea; goiko blokeetan jende asko bizi da eta irisgarritasun arazo handiak dituzte. Horiei dagokienez, gure lana orain artekoaren jarraipena izango da. Herriko beste puntu batean ere arazoak dituzte, Estazioan, hain zuzen ere. Estazioan ez da zentimo bat inbertitu azken 30 urteotan. Baldintza penagarrian bizi direla esango nuke, are gehiago beste herri guztia nola dagoen ikusita. Estazioa auzoarekin zer egin jakiteko, eta XXI. mendera ekartzeko, beharrezkoa ikusten dugu serio aztertzea.

Hauteskundeetara begira, zein dira zuen proposamenak?

Hirigintza aldetik, aurrez aipatutako bi auzoetan, Estazioan eta San Josen, lanean jarraitzea. Legealdi honetan lortu da estazio zaharra erostea. Eraikin horretan Zumaiako Industria ondarearen Ikerketa Zentroa jartzea proposatzen dugu. Industria ondare aldetik, Zumaia oso aberatsa da. Historia horri daukan garrantzia ematea dago zentro honen bidez. Etorkizunera begira, Zumaiaren garapen iraunkorra sustatu behar da turismoan oinarrituta. Hemen aukera ezin hobea dugu. Turismoarekin lotuta, bertako produktuak garatzeko plan bat prestatu behar dugu, inguruko herriek ez duten gauzetan espezializa dadin.

Herriko arazoetako bat etxebizitzarena da. Etxebizitza gutxi dago eta oso garestiak dira. Zer planteatzen duzue gai honen inguruan?

Etxebizitzen inguruan norbait hitz egiteko gai bada, sozialistak gara. Iñaki Arriolak zuzentzen duen sailetik Etxebizitza Legea onartu zen. Horri dagokionez, Torreagako garapena dago, eta oso positiboa da. Bestalde, legealdi honetan alokairuaren politika saiakera bat egin da, baina ez da oso ondo atera. Jaurlaritzarekin alokairuaren inguruko hitzarmenak egitea proposatzen dugu, hemendik aurrera posible izango delako. Gero, etxebizitza hutsak ere badaude herrian; modu positiboan egin behar da lan, eta etxebizitza hutsen jabeei pizgarriak eskaini behar zaizkie etxebizitza horiek merkatura ateratzeko. Beste herri batzuetan hasi dira mugitzen, eta Zumaiak ez du zertan kanpoan geratu.

Kulturak eta ekipamenduek bat eginda, Komentuaren gaia dugu. Eraikin honetarako proposamenik ba al duzue?

Estazio zaharra industria ondarearen zentro bihurtzea proposatu genuenean, Udal Gobernutik esan ziguten flyscharen interpretazio zentroa hara eramango zutela. Legealdi honetarako programan jada jasotzen genuen komentua eraberritzearen beharra. Komentuak neurri handiak ditu, leku desiragarrian dago, eta galdetzen dut: zergatik ez jarri hor flyscharen interpretazio zentroa? Leku aproposa da. Norbaitek galde dezake zer egingo dugun erromesekin. Behin-behineko neurri bezala hartu zen aterpetxea Komentuan jartzea. Zergatik ez aterpetxea Algorrira eraman? Buelta asko eman dizkiogu ideia honi, ez da tontakeria, eta zentzu guztia izango luke.

Gero eta gizarte zaharragoa dugu, eta gero eta behar handiagoekin.

Gipuzkoa Europar Batasuneko leku zahartuenetako bat da. Urte asko bizitzeaz gain, jaiotze tasa baxuenetako bat du. Orain arte egoitzak sortzera bideratu dira esfortzuak, eta horrek berebiziko garrantzia du. Baina zahartze aktiboko politikak sustatu behar dira, 55 edo 60 urtetik gorako biztanleria aktiboa izan dadin. Hori da programan jasotzen duguna. Bestetik, belaunaldien arteko harremanak sustatzea ere jasotzen dugu. Frantzian funtzionatzen duen politika da.

Gizarte gaiekin jarraituta, pobreziatik atera ezin duen jendea ere hor dugu.

Urte jakin bati dagokion hitza aukeratzen dute urtero Espainian, eta iazkoa aporofobia (pobreari beldurra) izan zen. Dena hobetu daiteke, baina erremintak badaude gutxieneko bizi bermea izateko. Horien berri emateko informazio kanpainak egin beharko genituzke, zirkuitutik kanpo mugitzen den jende batek ez daki eta zer eskubide dituen edo zer laguntza jaso ditzakeen. Jende hori zulotik ateratzen laguntzeko baliabideak sortu behar ditugu, bai laguntza aldetik, baina baita formazio programak sortuz ere.

Gero eta jende gehiagok egiten du kirola, eta herriko ekipamenduak saturatuta daude. Proposamenik ba al duzue horren inguruan?

Etorkizuneko kirol hiriez hitz egin beharrean, gaur eguneko kontuez hitz egiten dugu. Saturatuta bakarrik ez, kiroldegia zaharkituta dago. Agian kiroldegi berri bat egin beharko genuke. Ondo dago frontoi eder bat edukitzea, baina jendeak benetan erabiltzen duena kiroldegia da. Bitartean erabiltzaileekin zer egin izan daiteke kontua. Inguruko herriekin hitzarmenak egin daitezke.

Turismoaren alde daude batzuk, besteak kontra. Legealdi honetan turismo plan bat onartu da.

Planen legealdia izan da hau. Baina gero plan horiek gauzatu egin behar dira. Turismo jasangarriaren aldekoa naiz. Zumaiak ezin du isolatuta geratu. Zumaia harribitxi txiki bat da eta Gipuzkoako kostaldeko ezezagun handia. Zaindu behar dugun harribitxia da. Ez dago saturatuta, Zarautz dagoen bezala. Industria ondarea dugu, flyscha, bertako produktuak. Gauzak ondo eramanda, modu jasangarrian landuta, etorkizun interesgarria izan dezake.   

Ekonomia kontuetan, Gipuzkoako langabezi tasa txikiena da Urola Kosta eskualdean.

Egia da langabezi tasa txikienak ditugula, baina soldatak krisiaren aurreko neurrietan daude. Enplegu politika aktiboak bultzatzen jarraituko dugu, bai herri mailan, baita Aldundiarekin edota Jaurlaritzarekin elkarlanean ere.

Laburrean

  • Izena: Maria Arritokieta Marañon Basarte. Donostia, 1971.
  • Leku bat munduan: Beire. Erriberri ondoan dagoen herri txiki bat da. Nire amaren herria da.
  • Janari bat eta edari bat: Edaria ura, baina ez dut tranparik egingo, ardoa ere gustatzen zait. Janari bat: Gure amak egiten duen arroza txirlekin.
  • Liburu edo idazle bat: Almudena Grandesen Las manos en el pan.
  • Disko edo musikari bat: Rosalia.
  • Pelikula bat: El color purpura.
  • Politikan noiz arte: Zuria izango nintzateke eta esan politikan denbora baterako nagoela, baina errealitatea da 48 urte beteko ditudala eta 24 urtetik nagoela errespontsabilitateko postuetan. Eta badirudi beste lau urtez egongo naizela. Jaio nintzenetik nago politikan eta bizi dut.
  • Hitz gutxitan, beste alkategaiak nola definituko zenituzke: Oier pertsona atsegina eta zuzena da. Iñaki ere pertsona zuzena da eta lan ona egin dezake udaletxean. Patricia ez dut ezagutzen.