Andoni eta Juan Ramon Larrañaga: "Mila gauza gerta daitezke itsasoan, eta guri, zorionez, ez zaigu ezer larririk gertatu"

Baleike 2019ko mai. 13a, 11:12

Ikusitakoa ikasten omen da, eta esaera horri jarraituz, umetatik arrantzan egiteko zaletasunari heldu zioten Larrañaga anaiek. Familiatik datorkie itsasoarekiko maitasuna, eta senitarteko batzuek arrantza ogibidetzat ere izan zuten. Andoni eta Juan Ramon ez dira hain urrutira iritsi, baina ahal duten guztietan ateratzen dira itsasora.

Elkarrizketa hau santelmoen atarian egin eta apirileko Baleike aldizkarian argitaratu genuen.

Noiztik duzue arrantzarako afizioa?

J.R.: Umetatik daukagu. Aitona eta osabak arrantzaleak izan ziren, eta haiekin hasi ginen arrantza mundua ezagutzen.

A.: Itsasora joateko egarriz bizi ginen. Gutxienez igerian jakin arte ez ziguten utzi joaten, eta arrantzara irteten zirenean, enbidia pasatzen genuen. Moila muturrera arte joaten ginen nola itsasoratzen ziren ikustera, eta itzulera ikusteko Arranplan egoten ginen zain.

Nola gogoratzen dituzue itsasoko lehen irteerak?

A.: Lehen bidaiak aitonarekin egiten genituen, Itzurun hondartza parera arte. Udaran ateratzen ginen, baina aurretik prestaketa lanak egin behar izaten genituen: txalupa margotu, konponketa lanak egin... Erramu egunean, bedeinkatutako erramua jartzen genuen txalupan, hori zen ohitura. Aitonak berak azkenean bota egiten zuen, lehor-lehor eginda.

Ordurako jabetuko zineten afizio gogorra zela, ezta?

J.R.: Bai horixe! Gainera, hasierako irteeretan mareatu eta guzti egiten nintzen. Hiru egun gaixotuta pasatzen nituen, kalentura eta guzti.

A.: Moila muturrera edo Inpernupera joaten zen anaia itsasoa nola zegoen ikustera eta mugituta ikusten bazuen etxean gelditzen zen. Halako batean ohitu eta beldurra kendu zitzaion.

Hiru txalupa dituzue.

A.: Garai batean egurrezko bat ere bagenuen, Arritokieta. Anaia zaharra egurrarekin lanean ona zen eta saiatzen zen mantentze lanak egiten, baina azkenean kendu egin genuen. 1942. urteko txalupa da eta gordeta daukagu. Orain poliesterrezkoak ditugu: txibitarako bi eta hegaluzetara joateko handiago bat.

Noraino joaten zarete, adibidez, hegaluzea harrapatzera?

J.R.: Gertu dagoela entzuten dugunean joaten gara. Bizpahiru ordu joaten eta beste horrenbeste bueltan.

Sustorik izan duzue inoiz?

A.: Bai. Mila gauza gerta daitezke itsasoan, eta guri, zorionez, ez zaigu ezer larririk gertatu.

J.R.: Orain aurrerapen handia dago teknologian eta itsas salbamenduak ere hiru ordutik behin abisuak ematen ditu irratitik. Ezustekoak gertatu ahal dira, baina itsaso edo eguraldi txarrak harrapatzen bazaitu, ardura gabe jokatu duzulako izango da.

Zer egiten duzue harrapatutako arrainarekin?

A.: Etxerako izaten da, lagunen eta familia artean banatzeko. Askoz gehiagorako ere ez du ematen. Azkenean, lehorrean lan egiten dugu, eta asteburuetan irteten gara.

Pentsatu al duzue inoiz arrantzale profesionalak izatea?

J.R.: Pentsatu eta gustatu bai, baina ikusten dut hor ibiltzen direnak ere uzten ari direla. Pasaian egin nituen horretarako ikasketak badaezpada ere, baina lanbide gogorra izateaz gain, etorkizun zailekoa da.

Arrantzan afizio moduan ibiltzen diren pertsonen kopurua ere jaitsi egin da?

J.R.: Bai. Afizio garestia da, eta, adibidez, lanik gabe gelditzen bazara, hau da kentzen duzun lehenengo gauza. Gazte jende berria ere gutxi hasten da.

A.: Arbustain Motor Elkartean, esaterako, bazkide kopurua ere jaitsi egin da. Lehen 110 geunden, orain 105 gaude.

Santelmoak ate joka ditugu. Nola bizi dituzue festak?

J.R.: Arbustaingo sortzaileek jarri zuten banderaren igoeran arrantzale ohi bat omentzeko ohitura, baita arrantzale zaharrei hamaiketakoa ematekoa ere. Festei itsas kutsua emateko hasi ziren, eta garrantzitsua iruditzen zaigu usadio hori mantentzea. Bestela, zer izango dira santelmoak?

A.: Banderaren igoeraren momentua tentsioz bizi dugu. Ongi irtetea nahi dugu, bandera igo behar duen pertsonak ongi pasatzea... Festetako momentu berezia da eta urduritasunak egoten dira. Hamaiketakoa lasaiago izaten da, eta arrantzale zaharrek pozik hartzen dute gonbidapena.