Gara egunkariaren afera hizpide izango da asteartean Oxford aretoan

Baleike 2019ko mai. 12a, 15:14

Egin egunkaria 1998. urtean itxi zuten Baltasar Garzon epailearen aginduz. 21 urte geroago, bidegabekeria haren ondorioak beste egunkari batek pairatzen ditu: Eginek zituen 3 milioi euroko zorrak Gara egunkariari leporatu dizkiote. Zorrak ordaintzen laguntzeko eta, bide batez, proiektua indartzeko, harpidetza kanpaina jarri dute martxan. Horren berri emango dute maiatzaren 14an Alondegian egingo den hitzaldian.

20 urte baino gehiago dituen bidegabekeria baten aurrean gaudela uste du Andoni Etxanizek, Zumaian harpidetza kanpaina hau aurrera eramateaz arduratzen ari den lagunak. “Itxiera hori bidegabekeriatzat jo zuen 2009an Auzitegi Gorenak, eta orain itxiera horretatik sortutako zorra Garari leporatu diote. Eginek zituen ondasunak, ordea, ez dizkiete Garari eman. Egin legez kanpo itxi zuten eta orain, legez kanpoko itxiera hartatik eratorritako zorrarekin, Gara itxi nahi dute”, dio Etxanizek. “Herritik sortutako komunikabide hau, gure ekosistema komunikatiboan behar beharrezkoa den hedabide hau, berriro ezbaian jarri dute”, azpimarratu du Etxanizek.

Zorra estaltzen laguntzeko, harpidetza kanpaina jarri du Garak martxan. “Helburua 10.000 harpidetza egitea da, eta erantzuna ona izaten ari da. Jada 4.000 harpidedun baino gehiago lortu dira”. Kopuru horietara heltzeko Zumaian 60 bat harpidetza izatea aurreikusten dute kanpainaren antolatzaileek. “Hurbil samar gaude, dagoeneko 50 bat harpidedun daude Zumaian. Helburutik hurbil gaude, baina harpidedun gehiago izateari ez diogu muzin egingo proiektua indartu nahi badugu, behintzat”.

Harpidetza kanpaina horri herri mailan bultzada emateko, maiatzaren 14an hitzaldia egingo da Alondegian. Hizlaria Garako kazetari Maider Iantzi izango da. “Gaur egungo egoerara nola heldu garen azalduko du. Izango da, noski, harpidetzak egiteko aukera ere”.

Rock jaialdi bat ere antolatu dute egunkari honi laguntzeko. Berri Txarrak, Esne Beltza, Gatibu edota Huntza taldeek hartuko dute parte. Jaialdia ekainaren 9an egingo da Donostian. Printzipioz, Donostiako Belodromoan zen egitekoa, baina sarrerak 20 minutuan ahitu ziren, eta antolatzaileak beste kokaleku baten bila ari dira.

Harpidetza hauek Internet bidez ere egin daitezke www.naiz.eus webgunean, eta telefono bidez 943 223 709 telefonora deituta. Harpidetzen bidez lortzen den diruarekin Gararen proiektuari “finantza muskulua” ematen zaiola nabarmendu du Etxanizek. “Helburua ez da zorra estaltzea bakarrik. Proiektu hau aurrera begira egonkortu eta indartu nahi da. Euskarazko telebista jarri du martxan Nafarroan, irratia ere martxan jartzekoak dira, eta naiz.eus webguneari indar handia ematen ari zaio azken boladan. Herritik sortutako komunikabide honek herritarren babesa behar du”.