"Zumaiako adineko pertsonen egoera ona da, oro har"

Baleike 2019ko mai. 9a, 18:00
Pili Alberdi Gizarte Zerbitzuetako teknikaria, IKEIko arduradunak eta Oier Korta Zumaiako alkatea aurkezpenean.

IKEI aholkularitza enpresak atzo aurkeztu zituen Zumaiako adineko pertsonen gizarte beharren inguruko ikerketaren emaitzak. Egoera positiboa den arren, 75 urtetik gorako kolektiboak duen zailtasunei eta beharrei arreta jartzeko premia dagoela nabarmendu zuten.

Donostiako IKEI aholkularitza enpresa iazko azaroan hasi zen Zumaiako adineko pertsonen gizarte beharren inguruko ikerketa garatzen. Udaleko plan estrategikoaren barnean kokatzen den lanketa bat izan da, eta urtarrila arte 75 urtetik gorako 422 pertsona elkarrizketatu dituzte. "Gizarte zerbitzuetara inoiz joan ez diren edo azken bi urtetan egon ez diren pertsonak hartu ditugu lagintzat", kontatu zuten azterketaren arduradunek.

Udalaren eta aholkularitza enpresaren elkarlanaren helburua alde batetik 75 urtetik gorako kolektibo horren ezaugarriak ezagutzea izan da. "Horretaz gain, baita pertsona horiei Zumaiako Gizarte Zerbitzuak eskaintzen dituen prestazioen eta zerbitzuen berri informatzea ere".

Azterketa lau fasetan egin dute, eta partaidetzarekin oso pozik agertu ziren. "Etorkizuneko eskaintza egokitzeko eta hobetzeko beharrezkoa da jendeak parte hartzea eta alde horretatik erantzuna ona izan da".

Datu positiboak

Ikerketaren oinarria 422 pertsonei egindako galdeketa izan da, eta, bertan, hainbat aldagai jorratu dituzte: soziodemografikoa, osasuna eta eguneroko jardunetako mugak, ongizate emozionala, etxebizitzaren egoera, ekonomia...

"Osasunari dagokionez, emaitza positiboa izan da, izan ere, galdetutakoen % 68k erantzun dute egoera ona edo oso ona dela. % 36 hiru hilero joaten da osasun zentrora, % 9,2k zailtasunak ditu joateko, eta % 14 ez da joaten. Beraz, etorkizunerako, etxeko arretan egokitzapenak egin beharko dira", azpimarratu zuten.

Ongizate emozionalari buruz, berriz, datuek alerta egoera aurkezten ez duten arren, esanguratsuak direla esan zuten. "% 6 maiz bakarrik sentitu da, % 9 triste eta % 13 segurtasun falta sumatu dute". Harreman afektiboetan, aldiz, hurbileko familia gertu dagoela nabarmendu zuten. Ildo beretik, sozializazioraren inguruan, emaitza gazi-gozoak atera ziren. Galdetuen % 90 egunero ateratzen da kalera, baina kirolean, prestakuntza ikastoetan eta abar partaidetza murritza da.

Ondorioak

Gizarte Zerbitzuak ematen dituen eskaintzen artean eguneko zentroa, tele-laguntza eta etxez etxeko laguntza dira galdetuen artean ezagunenak. "Hala ere, oraindik ezagutza eza nahiko handia da, beraz, ondorioetako bat da horretan jarri behar dela arreta. Informazioa zabaldu egin behar da, jende gehiagorengana iritsi".

Etxebizitzak egokitzeko iniziatibak sustatzea da plazaratu zuten beste ondorioetako bat, baita kirola egiteko eta hezkuntza programetarako deialdiak antolatzea ere. "Zumaiako adineko pertsonen egoera ona da, oro har, baina arreta jarri behar da".