'Un asunto de familia' pelikula japoniarra emango du Ostarrenak gaur zine forum saioan

Baleike 2019ko mai. 9a, 09:15

2018ko Canneseko zine jaialdiko sari nagusia irabazi zuen, eta Japoniak Oscar sarietara aurkeztu zuen Un asunto de familia pelikula emango du Ostarrena zine klubak, gaur, zine forum saioan. Emanaldia 22:00etan hasiko da Aita Mari zinean. 

Hirokazu Koreeda zuzendari japoniarraren azken lana da hau. Familia harremanak izan dira zinemagile honen pelikuletako ardatzak betidanik, eta gaur Aita Marin ikusiko dena bere maisulana dela esan daiteke.

Oraingoan, ohi baino lehorrago aritu da, sentiberatasunari tarte gutxi utzita. Familia arrunt baten istorioa da, ez dute baliabide handirik, baina aurrera egiteko moldatzen dira. Baina sekretu bat ezkutatzen dute itxurazko bizimodu normal horren atzean: aspaldian hildako gurasoen erretreta saria jasotzen segitu dute, ilegalki.

Lan honekin Canneseko jaialdiak ematen duen sari gorena jaso zuen iaz, Urrezko palmondoa, hain zuzen ere. Oscar sarietarako hautatu zuen Japoniak, eta azken finalisten artean izan zen. Alfonso Cuaronen Romak kendu zion saria. Donostiako Zinemaldian ere erakutsi zuten. Ez hori bakarrik: bere zuzendariari, Koreedari, Donostia Saria eman zioten iazko jaialdian.

Beste bi pelikula
Ekainaren hasierara bitartean beste bi pelikula emango ditu Ostarrenak. Maiatzaren 23an Nadine Labaki zuzendari libaniarraren Capharnaüm pelikula ikusteko aukera izango da. Lan honek Epaimahaiaren saria jaso zuen iazko Canneseko zine jaialdian. 12 urteko haur batek epailearen aurrean hitz egingo du. Epaileak galdetzen dio ea zergatik salatu dituen bere gurasoak. Haurrak erantzungo dio: "bizia eman zidatelako".

Ekainaren 6an Entre dos aguas pelikula emango du Ostarrenak. Isaki Lacuesta kataluniarraren azken lan honek iazko Donostiako Zinemaldiko Urrezko maskorra jaso zuen. Lacuestak 2006an aurkeztu zuen La leyenda del tiempo pelikularen jarraipena da hau. Isra eta Cheito anaiak dira, eta oso bide ezberdinak jarraitu dituzte bizitzan. Isra kartzelatik ateratzen denean, Cheito itsas armadan eginiko misio luze batetik itzuliko da. Biak San Fernando uhartean elkartuko dira, jaioterrian. Aitaren heriotza gogoratuko dute han.