Zamaontzi bateko eskifaia erreskatatu dute gaur goizaldean Izustarrin

Baleike 2019ko mai. 8a, 19:25

Waterway zamaontzia Izustarriko harraldean kateatuta gelditu da gauerdi aldera. Itsas Salbamenduko Helimer 207 helikopteroak eskifaiako lau kide erreskatatu ditu, eta bosgarren kidea ontzian gelditu da Maria de Maeztu ontziaren laguntzarekin zamaontzia arrisku gunetik atera eta Bilboko portura garraiatzeko. Maialen Martinez zumaiarra gertaeraren lekuko izan da eta berak bidali digu erreskatea jasotzen duen bideoa. 

“Gauerdian aita eta biok Zarautzera gindoazela, Izustarri parean ontzi bat ikusi genuen hondoa jota, eta segituan 112ra deitu genuen”, kontatu digu Maialen Martinezek. Alemanian eraiki eta Saint Vicent eta Grenadinetako bandera duen 80 metroko Waterway zamaontzia zen, eta dirudienez, haitzen aurka jo ondoren, mugitu ezinik gelditu zen. “112ra deitu ondoren, Itsas Salbamendukoekin jarri gintuzten harremanetan eta beraiek ez zutela inongo abisurik kontatu ziguten. Hala ere, zamaontzikoekin komunikazioa lortzen saiatzen ari zirela esan ziguten”, jarraitu du.

Waterway zamaontzia.

 

Handik pixka batera, Itsas Salbamendukoen deia jaso zuten. “Galdetu ziguten ea han jarraitzen zuten, eta guk baietz esan genien. Ontzi eta txalupa azkar bana bidaliko zutela esan ziguten”. Azkenean, 02:30ak aldera iritsi ziren. “orduantxe justu zamaontziak harraldetik askatzea lortu zuen, eta dike aldera begira jarri zen, baina segituan, olatuengandik edo korronteengatik, buelta eman eta haitzen kontra jo zuen berriro. Itsas Salbamenduko ontzia saiatu zen hurbiltzen, baina ez zuen lortu. Azkenean, helikopteroa etorri zen eta lau pertsona erreskatatu zituen”, kontatu du Martinezek.

Bilboko portuan

Itsas Salbamenduko komunikazio sailetik ezbeharra baieztatu dute eta erreskate lanetan Salvamar Orion eta Maria de Maeztu ontziak, Helimer 207 helikopteroa eta Facal 18 atoiontzia aritu zirela kontatu dute. “Bilboko Itsas Salbamenduan Sos Deiak-en dei bat jaso zuten esanez Zumaiako irteeran haitzen kontra jotako zamaontzi bat zegoela; ondorioz, erreskateetako protokoloa abiatu zen”, adierazi dute Espainiako Itsas Salbamendutik.

Waterway zamaontziak egindako ibilbidea: 17:30ean Bermeo parean zegoen. Handik zuzen-zuzen abiatu zen Izustarrirantz, lau korapilo inguruko abiaduran. 23:30erako Izustarri parean zegoen. Ez zen handik mugitu 3:45era arte. Handik Bilboko portura eraman zuten eta hantxe dago une honetan.

 

Helikopteroak lau kide erreskatatu zituen, eta bosgarrena kargaontzian gelditu zen beharrezko maniobrak egiteko. “Ontzia bere kasa irten zen, eta Maria de Maeztu ontziak lagunduta joan zen Bilboko portura”, gaineratu dute. 

Bilboko Itsas Salbamenduko bulegotik kontatu digutenez, berriz, zamaontzia Bilboko portuan dago orain. “Egoera onean dago ontzia, ez ditu egiturari dagozkion arazorik, eta urik ere ez zaio sartzen. Orain beharrezko azterketak egingo zaizkio, baina ez dakigu noiz arte egongo den hemen. Tripulazioko kideak ere egoera onean daude”, nabarmendu dute.