Telmo Irureta aktore zumaiarrak La que se avecina telesaileko datorren denboraldiko kapitulu batean hartuko du parte. "Momentu honetan hamaikagarren denboraldia ari dira ematen telebistan, eta ni hamabigarrenean agertuko naiz", kontatu du. Luis Merlo (Bruno telesailean) eta Jose Luis Gil (Enrique telesailean) aktoreekin grabatu du dagoeneko zati bat. "Hala ere, beste zati bat falta zait grabatzeko, beraz, Madrilera itzuli behar dut berriro", esan du.
Telebistan lehendabiziko aldiz agertuko da Irureta eta esperientzia polita eta aberasgarria dela aitortu du. "Nire pertsonaia Gorka izango da. Alaia da, baina madarikatu xamarra ere bai", adierazi du.
Robarte una noche laburmetraia
Iazko martxoan estreinatu zuen Iruretak, Miren Ibarguren aktorearekin batera, Fernando Veraren Robarte una noche laburmetraia Donostian. Ibilbide oparoa izan du filmak, eta Iruretak, aktore onenaren saria ere irabazi zuen Valentziako Cullera herrian egiten den desgaitasunaren inguruko zine jaialdian. Horretaz gain, maiatzaren 3an, Leongo VI. Zine eta Telebista festibalean izan zen laburmetraia aurkezten. Gaur, berriz, Hernaniko Biteri aretoan emango da, 19:00etan.