Undergroundaren mundu honetan eroso mugitzen da Aritz Paredes zumaiarra. 1983an jaioa, 35 urte ditu gaur egun, baina solasaldian zehar dioen bezala, adinari ez dio kasurik egiten. “Horrek ez du axola. 35 urte ditut orain, baina 20 urteko batek nik baino bizipen gehiago izan ditzake. Bizitza bakoitzak bere bidetik eramaten du. Hori da ideala, eta nik, behintzat, bizitza hala daramat”, dio. Mexikotik etorri berria da. Oporrak igaro ditu han. “Hildakoen Egunean heldu ginen, eta han ibili gara batetik bestera bidaiatzen. Hori da herrialde bat ezagutzeko modu bakarra”. Ohikoa dugun bezala, taberna batean jarri dugu hitzordua solasaldi honetarako. Artisau motako garagardoa eskatu du. Mila arrazoi izango dira horretarako, baina bat, behintzat, zentzuzkoa da: musika munduan ezagututako lagun batek egindako zerbeza eskatu du. Nik ere berdina eskatu dut.
Euskal Herriko (eta gure mugaz kanpoko) undergroundean ere aski ezaguna da Aritz. Makina bat musika taldetan aritua, Arrotzak taldeko baxu jotzailea da 2015etik hona. Lurzoru hotzetik izeneko diskoa argitaratu zuten iaz, eta Aste Santu inguruan biran aurkeztuko dute Europan zehar. Haziak, baina, aspaldi erein zituen. Musika munduan txikia zenetik dabilela dio. “Beti egon naiz musika munduan sartuta. Musika Eskolan ibili nintzen txikitan solfeo ikasten, eta akordeoia jotzen hasi nintzen”. Barrezka hasten da hori gogoratzean. Gogoratzen du akordeoia ikasten zuen gelako leihotik Ubilloseko entsegu lokalak ikusten zituela. Gogoko zuen musikan eta entzuten zituen kontzertuetan, gainera, akordeoiak presentzia handirik ez zuen. “Beti izan dut musikarako belarri ona, baina instrumentu horrek ez ninduen motibatzen. Txikitatik joan izan naiz kontzertuetara, eta punka eta rocka betidanik gustatu izan zaizkit. Ikusi nuen hori gustatzen zitzaidala, eta osabari gitarra eskatu nion. Aurretik ere portxeetan ibiltzen nintzen lagunekin gitarra jotzen: Nirvana, Metallica eta abar jotzen genituen. Pentsatzen nuen musika futbola bezalakoa zela: futbolean batzuk Realekoak dira, eta besteak Athleticekoak. Gurean bat Metallicakoa zen, bestea Megadethekoa, eta hurrengoa Nirvanakoa”.
"Txikitatik joan izan naiz kontzertuetara, eta punka eta rocka betidanik gustatu izan zaizkit. Ikusi nuen hori gustatzen zitzaidala, eta osabari gitarra eskatu nion"
Zumaian lagunartean jotzen zuen, baita Ubilloseko entsegu lokalak bisitatu ere. Baina taldeak sortzeko hemendik irten behar izan zuen. “Jotzeko beti mugitu behar izan dut. Hemen, Zumaian, entsegu lokalak zeuden, eta lagunekin jotzera joaten nintzen. Asko bizi izan dut hori, baina, musikalki, gehiago garatu naiz kanpoan, Donostian, bereziki, hasieran”. Ingeniaritza ikasten hasi zen Donostian, baina utzi egin zuen, eta diseinu grafikoa, inpresioa, serigrafia eta argazkigintza ikasten hasi zen. Bartzelonan jarraitu zuen ikasten, eta denbora batez bertako underground mugimenduan murgiltzeko aukera ere izan zuen. “Punkak, fanzineek, horrek guztiak, gauzak norberak egitera eraman gintuen. Bagenekien gauzak nola egin behar ziren, eta do it yourself [zuk zeuk egin, ingelesez] filosofiak eragin handia izan zuen gugan. Askoz gehiago asebetetzen zaitu gauzak zuk zeuk egiten dituzunean, zuk grabatu duzunean, zuk diseinatu duzunean”. Filosofia horri zintzo jarraituta, ateratako disko guztiak autoedizioak izan dira. “Guk ez ditugu diskoak produktu bezala ikusten, harribitxiak bezala baizik. CD bat ateratzerakoan ez ditugu kopiak fabrika batera enkargatzen. Kartoiak erosi eta serigrafiatu egiten ditugu, dena guk egiten dugu. Horrek harribitxi bihurtzen ditu, eta kontzertu batera etorri eta ikusitakoa gustukoa duen norbaitek bere etxera eraman dezake.
Donostian ikasten ari zela hardcore talde batean jotzen hasi zen: “kantak eginda zituzten eta haiek ikastea zen kontua. Baina ez ninduen asko betetzen; sormenari garrantzi handia eman izan diot beti, hori da gustatu zaidana. Ondoren, 2004 edo 2005. urtean, talde bat sortu nuen beste lagun batzuekin”. Talde hark Curasán zuen izena, eta garai hartan entzuten zenarekin zer ikusi handirik ez zuela dio Aritzek. “Jendeak ez zuen ondo ulertu zer egiten ari ginen, baina, gero, urteak pasa ahala, talde dezente atera dira ideia berdinekin: melodia desberdinak, gitarra garbiak, ohiko 4x4tik ateratzen ziren erritmoak...”. 2006an Richard Pryor izeneko diskoa atera zuten, eta hiru urte geroago Apollo Kreed ep a.k.a. Eurasian lau abestiko EPa [EP edo extended play lau abestiz osatutako disko txikiak dira]. Urte horretan bertan Decurs taldearekin batera beste EP bat argitaratu zuten, eta 2011n Curasangre, beraien azken lana. Azken disko hori biniloan atera zuten. Lan horiek guztiak taldearen Bandcampen entzun daitezke.
“Jendeak ez zuen ondo ulertu zer egiten ari ginen, baina, gero, urteak pasa ahala, talde dezente atera dira ideia berdinekin"
Geldirik egoteko gogorik ez, eta Bartzelonan igarotako urteetan talde gehiagotan aritu zen. Euskal Herrira itzultzean beste talde bat sortu zuen urte batzuk geroago Arrotzakeko partaide izango zen Aritz Aranbururekin. Horrekin nahikoa ez eta Kriston Zintak zigilua sortu zuten. “Gure inguruko taldeek grabatu eta argitaratu ez zituzten lanak ateratzeko asmoarekin sortu genuen. Betiere kasete formatuan. Lagunen gauzak atera genituen, baita gureak ere. Zintan ateratzen genuen, formatu analogikoa izanda, ekoizteko oso merkea zelako”.
Gauzak nola diren. Erabat alde batera lagata zegoen kasetea. Orain, biniloaren boomaren ondoren, industriak formatu hau ere berreskuratzeko lanak hasi ditu, kopuru txikitan bada ere. Edozer gauza musikazaleen poltsikoei zukua ateratzeko. “Metallicak ere ateratzen ditu kaseteak, 20 euroan. Mainstreamean azken bi urteotako kontua da, baina undergroundean beti mantendu da. Bartzelonan nengoenean, adibidez, 2005. urte inguruan, musika industriala egiten zuten talde dezente zegoen, eta kaseteekin egiten zuten lan. Diote binilozko diskoak berreskuratu egin direla. Ez, ez da egia, biniloa ez delako inoiz joan. Bada, kasetekin berdina gertatu da”.
Arrotzak munduan zehar
2015ean sortu zen abentura honen beste pasarte bat: Arrotzak, Gipuzkoako lau herritako beste hainbat lagunek sortutako punk rock taldea. “Hasieran lau lagun ginen: Fer, abeslaria, Lasarte-Oriakoa; Mikel, bateria, Andoaingoa; Aritz, gitarra, Getariakoa; eta ni baxuan. Bakoitza bere herrikoa. Arrotzak izena ere agian hortik dator: arrotza senti zaitezke zure familian, zure herrian, inguruan, norberaren gorputzean... Genero kontu hauekin ere ikus dezakezu zer arrotza senti zaitezkeen”.
2016an taldearen izen bereko lehen kasetea atera zuten Kriston Zintaken bidez. 100 kopia besterik ez zituzten atera eta dagoeneko agortuta dago. “Azala Paula Estevezek egin zigun. Aritz Aranbururen beste taldean, Oki Mokin, baxu jotzailea da”. Lurzoru hotzetik diskoko azala ere Paulak egin die. “Kaseteak nahiko harrera ona izan zuen, eta Frantzian jotzeko aukera izan genuen”.
Orain bi urte, bateria jotzaileak, Mikelek, taldea utzi zuen. “Aldaketa naturala izan genuen: Fer bateria jotzailea ere bada, eta argi ikusi genuen atzera joan beharko zuela, bateriara”. Hirukote formatuan grabatu dute azken disko hau. “Soinu aldetik zertxobait arindu dugu. Taldea sortu genuenean zerbait sinplea nahi genuen, azkarra eta bizia. Iazko ekainean grabatu genuen eta gure asmoa biniloan ateratzea zen. Jendeak, baina, zerbait eskatzen zuen, eta lehenbizi CDan atera genuen”. Binilozko edizioa Paredes Mexikon zela atera zuten. Izandako erantzunarekin harrituta dagoela dio. “Durangon izan zen salgai, Musika Zuzeneanen standean, eta denak saldu zituzten. Abuztuan Bandcampera igo genuen. Sare horrek mundu mailako zazpi disko garrantzitsuenen berri ematen du astero, eta aste horretan gurea zegoen zazpi horien artean. Orain gutxi Seattle (Estatu Batuak) hiriko irrati ezagun bateko DJ batek idatzi digu; diskoa bidaltzeko eskatu digu”.
"Txorakeria bat da, baina jende bat psikologoarengana joaten den bezala, beste batzuek taldeak sortzen ditugu"
Taldea hasi da berriro kontzertuak ematen. “Proposamen askori esan diogu ezetz, kanpoan nengoelako. Geldialdia agian ondo etorri zaigu, espektatibak sortu direlako”. Europa mailako bira egingo du Arrotzakek apirilaren 12tik maiatzaren 1era arte. “Frantzian, Belgikan, Alemanian, Txekiar Errepublikan, Hungarian, Eslovakian, Italian edo Suitzan joko dugu. 20 egunez arituko gara hiriz hiri hotzen eta jendea ezagutzen. Azkenean, hori da garrantzitsuena: harremanak estutzea”.
Betiere undergroundaren barruan. “Beti aritu naiz erosoago horrela. Diseinuarekin jarraitzen dut, eta kontzertuak antolatu ditut. Baita Torreberrin ere, desberdin antolatuta. Hemen kristoren zortea dugu, sekulako amarauna dagoelako kontzertuak emateko. Musikatik ez dut gauza handirik espero. Behar bat da, gehienbat. Ogibide bihurtzeko aukera sortuko balitz, gustura joko nuke gitarra edo baxua. Baina, musika niretzat da... Beno, askotan esan izan dut, eta txorakeria bat da, baina jende bat psikologoarengana joaten den bezala, beste batzuek taldeak sortzen ditugu. Musikarekin, letrekin, sormenarekin, barrenak husten ditugu”.