EAJk Urola kostako alkategaiak aurkeztu ditu Getarian

Baleike 2019ko mai. 3a, 17:06

Atzo arratsaldean Getariako Berdura plazan egindako ekitaldian Aia, Orio, Zarautz, Getaria eta Zumaiako zerrendaburuak izan ziren. Maria Eugenia Arrizabalaga Batzar Nagusietako Urola-Debako zerrendaburua, Joseba Egibar EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakaria, eta Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua ere bertan izan ziren.

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen atarian, EAJk Urola Kosta eskualdeko kostako herrietako alkategaien aurkezpena egin zuen atzo Getarian. Bertan izan ziren bost herrietako hautagaiak: Nekane Arrizabalaga (Aia), Lourdes Salsamendi (Orio), Xabier Txurruka (Zarautz), Aitor Urresti (Getaria), eta Oier Korta (Zumaia).

Zerrendaburuekin batera, aurkezpen ekitaldian izan ziren Maria Eugenia Arrizabalaga Batzar Nagusietako Urola-Debako zerrendaburua, eta Joseba Egibar  EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko Lehendakaria ere.

Aitor Urresti izan zen lehenengoa hitza hartzen. Elkanoren balentria metaforatzat hartuta, bost alkategaiek tripulazio ona gidatzen dutela azpimarratu zuen. “Lau urteotan udalgintzan jardun dugu bost hautagaiok eta estuki egin dugu lan Urola Kostako herritarren ongizatea eta bizi kalitatea bermatzeko. Beraz, prest ditugu gure bost ontziak munduari buelta emateko: ilusioa, grina eta, batez ere, herria eta herritarrengatik lan egiteko gogoz beteriko tripulazioarekin. Konpromisoz eta arduraz jokatzeko prest gaude”.

Maria Eugenia Arrizabalaga Batzar Nagusietako Urola-Debako zerrendaburuak eskertu egin zituen hautagaiek eta horien lantaldeko kideek herri politikarako eman duten pausoa. “Herrigintzarako pausoa eman duzue, herriarentzako konpromisoa hartu duzue eta ahalegin hori eskertzekoa da. Datozen lau urteetarako Urola Kostako herriek aurrera egiteko behar dituzten gizon eta emakumeak zarete”.

Era berean, ezker abertzalearen diskurtsoarekin kritiko azaldu zen, eta “betiko konplexuekin” jarraitzen dutela nabarmendu zuen. “Ematen du beraien proiektu politikoa definitzeko zailtasunak dituztela eta irtenbide bakarra EAJrengan konfiantza jartzen duten abertzaleekiko mespretxua agertzea da”, esan zuen. Amaitzeko, eta atzera begira jarriz, Bildu Gipuzkoako diputazioan egon zeneko legealdia ekarri zuen gogora. Arrizabalagaren ustez hiru hitzetan laburbiltzen da garai hori: atzerapausoa, inposizioa eta dogmatismoa.

Herrigintza da motorra

Amaitzeko, Joseba Egibarrek, EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakariak, pasa den igandeko hauteskunde orokorretan izan zen partaidetza nabarmendu zuen. “10 puntuan igo zen partaidetza eta hori positiboa da. Gure etorkizuna arriskuan ikusi izanak jendea bozkatzera eraman du, eta EAJren emaitzek sozialisten artean kezka piztu du”, jarraitu zuen.

Maiatzaren 26ko hauteskundeei begira “tentsioa” mantendu behar dela ere azpimarratu zuen Egibarrek. “Herrigintza da gure motorra eta proiektuak aurkeztu behar ditugu aurre egiteko. Herritik hasi, eskualdeetatik pasa eta nazio ikuspegia mamitu arte. Horretarako, guztiok elkarrekin egin behar dugu lan. EAJ talde lanean da indartsu, eta konpromiso politikoarekin eta etikoarekin egingo dugu aurrera”.