Hauteskundetarako prestatu duten programaren berri eman dute Uzineko kideek

Baleike 2019ko mai. 3a, 15:59

Uzin Zumaia zerrendako kideek agerraldia egin zuten atzo arratsaldean Alondegiko Oxford aretoan. Maiatzaren 26an egingo diren udal hauteskundetarako prestatu duten programaren berri eman zuten bertan.

Patricia Camacho alkategaiak eta zerrendan bigarren doan Jon Iraolak hartu zuten hitza agerraldian. Udal hauteskundetara begira prestatutako proposamen batzuk iragarri zituzten, gai zehatzetan banatuta. 

Azaldu zutenez, Uzin "plataforma independiente" bat da, kaleko jendeaz osatutakoa, eta beraien asmoa Udalean izango diren bi alderdi handien arteko "giltzarri lanak" egitea da. "Gobernatzerako orduan alderdi hauek gauzak nahi bezala egiten dituzte, eta horien erdian egon nahi dugu akordioak lortzeko", azaldu zuen Iraolak. 

Programara joanda, ongizate kontutan zumaiarrak lehenestea eskatzen dute, eta, pentsiodunen aldarriei so eginez, 1.080 euroko pentsioak bermatzea proposatzen dute. 

Partaidetzaren inguruko ordenantza bat prestatzearen aldekoak dira. "Beste herri askotan dago". Bestalde, hilean behin bilera irekiak egitea eskatzen dute, "ideiak proposatzeko, zer den gustukoa edo zer hobetu daitekeen eskatzeko". 

Udalarekin harremanetan jartzeko WhatsAppeko zenbakia indartzea eskatzen dute, eta alkateak herritarrekin elkartu behar lukeela uste dute, "udaletxean edo kalean". 

Geoparkean bisitari kopuru tope bat ezartzearen alde agertu dira Uzineko lagunak. "Aste Santuan jende andana ikusi da. Aberasgarria da, baina tope bat ere jarri behar dela uste dugu". Geoparkearekin jarraituta, sarrera jarri behar den edo ez galdetzen dute, eta, turismoarekin lotuta, Turismo plana garatzea eskatu dute. 

Berdintasunari dagokionez, berdintasun plana garatzea eskatzeaz gain, horren inguruko hausnarketa bat egitea eskatzen dute. Kultur eragileen arteko harremanak estutzea proposatzen dute, eta espazioei dagokionez, leku hauen eta beharren arteko azterketa bat egitea aproposa ikusi dute. Amaitzeko, kirol ekipamenduen inguruan, kiroldegi berri baten aldekoak dira, eta baita Aita Mari futbol zelaia lekuz aldatzekoa ere.