Zumaian izan dira Turismo Gastronomikoaren 5. Mundu Foroko kideak

Baleike 2019ko mai. 3a, 10:30

Gastronomiak bidaiatzeko motibazioan duen eragina aztertu dute nazioarteko hainbat profesional eta sukaldarik. Zumaian izan ziren atzo, eta bisita gidatua eskaini zieten Itzurunen eta Kofradian. Olagarroa dastatzen amaitu zuten bisita.

Munduko Turismo Erakundeak (OMT) eta Basque Culinari Centerrek (BCC) antolatuta, Turismo Gastronomikoaren 5. Mundu Foroa ari dira ospatzen egunotan Donostiako Kursaalean. Hainbat profesional eta sukaldari batu ditu egitasmoak, gastronomiak bidaiatzeko motibazioan duen eragina aztertzeko asmoz.

Foroaren barruan irteerak eta tailerrak ere antolatu dituzte, euskal sukaldaritza ezagutu dezaten. Zumaiara egin zuten atzo irteera horietako bat: olagarroaren inguruko bisita gidatua eskaini zieten. Jaki preziatua arrantzatzeko moduak nahiz prestatzeko erak izan zituzten hizketagai. Itzurungo hondartzan eta Kofradian izan ziren, eta irteera behar bezala amaitzeko, olagarro mokadutxoa txakolinaz lagunduta dastatu ahal izan zuten.