Hainbat hizkuntzatara itzuli dute Antxon Gonzalezen ‘El gran caminante’ liburua

Baleike 2019ko mai. 3a, 08:28

Antxon Gonzalez Gabarainek asko maite zuen Santiago bidea. Erromes fidela zen, eta ibilbide ezberdinak egin zituen urte askotan. 2012ko irailean hil zen, eta, urte horretako abenduan, bere erromesaldi bati buruzko liburua argitaratu zuen familiak. Gaur egun ingelesez eta nederlanderaz irakurri daiteke, eta laster, japonieraz ere bai.

2012ko abenduaren 15ean aurkeztu zuen Antxon Gonzalez Gabarainen familiak El gran caminante liburua Zumaian. Urte hartako irailaren 1ean hil zen AEA (Alboko Esklerosi Amiotrofikoa) gaixotasunaren ondorioz. Done Jakue bidea maite zuen, eta hain zuzen, hara eginiko bidaia bati buruzko esperientzia kontatu zuen liburuan. "2008an Antxonek eginiko bidaia kontatzen da liburuan. Martxoan abiatu zen Zumaiatik eta Finisterre arte iritsi zen", kontatu du Antxon Gonzalez aitak. 

Done Jakue bidea eta idaztea zituen pasio Gonzalez Gabarainek. Hori dela eta, Santiago bideko foroetan asko idazten zuen. "Ibilbideko pasadizoak eta gertakizunak kontatzen zituen, eta jarraitzaileak ere bazituen. Urte batean foroko kontakizun lehiaketa irabazi ere egin zuen", adierazi du Izaskun Gonzalez arrebak.

2010ean AEA gaixotasuna diagnostikatu zioten, eta medikuek bi urtetik bost urtera arteko bizi itxaropena zuela esan zioten. Liburu bat idazteko ametsa beti izan zuela gogoratu dute aita-alabak, eta hala, 2011n ekin zion eginkizunari. "Hasi eta berehala idazteko arazoak izan zituen, hortaz, teklatu berezi bat lortu zuen. Prozesu mantsoa izan zen". Senitartekoei kapituluen kopiak ematen hasi zen, eta ahoz ahokoari esker, jende askok jakin zuen idazten ari zela. Epilogoa 2012ko abuztuaren 29an idatzi zuen, eta handik hiru egunera hil egin zen. "Liburua argitaratzea ez zen gure ekimen bat izan. Jendea kapituluak irakurri nahi zituela eskatzen hasi zen, eta bukaera ere jakin nahi zutela. Orduan, Antxonek idatzita utzi zuenarekin liburua osatu genuen", nabarmendu du arrebak.

Mundu mailan zabaldua

Liburuak 600 aleko tirada izan zuen hasieran, eta aurkezpenaren egunean guztiak saldu ziren. "Harrituta gelditu ginen izan zuen arrakastarekin. Erromesen mundutik ere eskaerak iristen hasi zitzaizkigun, pentsa, Argentinatik ere bai", aipatu dute. "Liburuaren munduratzea izan zen hori, eta gaur egun, bost kontinentetan eta 32 herrialdetan aurkitu daiteke. Gaztelerazko liburua laugarren edizioan doa, eta 4.200 saldu dira. AEAko elkartera eman dira, eta kartzeletan ere badaude", adierazi dute.

Egun batean, Jose Antonio de la Riera idazle eta musikariak liburuaren ingelesezko bertsioa egin behar zutela esan zion Antxon Gonzalez aitari. "Gizon hori Galiziako Santiago bideko elkarteko presidentea da, Antxon idaztera animatzen zuena, eta liburuan sarrera idatzi duena. Rebekah Scott delako bati buruz hitz egin zidan. Kazetari eta idazle estatubatuarra da. Ea itzuliko zuen galdetu nion eta ezetz esan zidan. Moratinos (Gaztela Leon) izeneko herrian bizi da, eta hara joan nintzen. Itzulpena egiten liburuaren esentzia galtzeko beldurra zuela esan zidan, horregatik ez zela ausartzen. Bi kapitulu itzultzea eskatu nion, eta ez bazuen jarraitu nahi uzteko. Astebetera mezu bat bidali zidan sei kapitulu itzulita", kontatu du. 2017ko uztailean argitaratu zuten ingelesezko bertsioa. "Amazonen erosi daiteke liburua, eta egia esan oso azkar ari da saltzen. Dagoeneko 1.000 baino gehiago daude salduta", azaldu dute.

Hurrengo itzulpena nederlanderera eginikoa izan da, eta hori ere Amazonen aurkitu daiteke. Talde lanean itzulitako bertsio bat da hori. "Kontua duela lau urte hasi zen. Flamenkoa den gizon bat Santiago bidea egiten hasi zen gazteleraz ia ezer jakin gabe, eta aterpetxe batean Antxonen liburua aurkitu zuen. Baimena eskatu zidan nederlanderera itzultzeko, eta gazteleraz hobeto ikasten zuenean hasiko zela esan zidan. Klaseetara joaten hasi zen, eta irakaslearen eta beste bizpahiruren artean itzuli dute liburua. Iazko azaroan etorri zen Zumaiara itzulpenarekin".

Laster, japonieraz

Gonzalez familiak etxe bat du Auritzen (Nafarroan) eta duela bizpahiru urte bi erromesekin topatu zen Antxon. Iruñera eraman zituen kotxean, han Bartzelonara joateko autobusa hartu behar zutelako. "Liburuaren ale batzuk nituen kotxean eta semearen historia kontatu nien. Handik hamabost egunera, ea japonieraz itzultzea nahi nuen galdetzeko deitu zidan haietako batek. Pozik hartu nuen berria. Interesgarria da hizkuntza horretara itzultzea, izan ere, erromes japoniar asko daude".

Itzulpena Auritzen topatutako erromes horien lagun batek eta bere gizonak egin dute. "Inprimatuta bidali didate, baina orain maketatu eta abar egin behar da. Behetik gora irakurtzen da, bertikalean, eta, beno, aldaketa batzuk egin behar dira liburua argitaratu baino lehen".

Liburuak izan duen ibilbidearekin oso pozik daude idazlearen senideak. "Aitak lan asko egin du, eta asko konprometitu da itzulpenen proiektuekin", azpimarratu du Izaskunek. "Erromesen mundua itzela da, eta jendea oraindik ere gogoratzen da Antxonekin", jarraitu du idazle zenaren aitak. "Liburuari esker, Zumaia ere ezagun egin da. Askok ez zuten mapan kokatzen, eta harremana egin dudan erromes askok orain iparraldeko bidea egiten dute eta gure herritik pasatzen dira", gaineratu du Antxonek.