Santelmoak 2019

Bertso saio ederra izan zen atzo Aita Marin

Baleike 2019ko api. 27a, 08:53

San Telmo jaien atarian, Zumaiako Bertso Eskolak antolatuta, goi mailako bertsolariez osatutako bertso saioa izan zen atzo gauean Aita Marin. Aretoa jendez gainezka egon zen, eta bertaratutakoen algarek girotu zuten saioa.

Urtero moduan, eta txupinazoaren aurretik, bertso saioa izan zen Aita Marin. Behetik gorako saioa izan zen, eta gai serio eta potoloak landu arren, umorea gailendu zen atzokoan.

Goi mailako bertsolariak izan ziren oholtzan: Jon Maia, Julio Soto, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Onintza Enbeita eta Unai Agirre. Gai jartzaile lanetan, berriz, Unai Manterola izan zen. Azken horrek era guztietako egoeren aurrean jarri zituen bertsolariak, eta horien erantzunak ederrak izan ziren.

Banaka, binaka eta hirunaka egin zituzten bertsoaldiak eta azpimarragarrien artean hau izan zen: Orioko familia batek Orioko traineruaren estropadak grabatzen ditu, eta irabazten dituen guztiak behin eta berriz ikusten ibiltzen dira. Maia eta Egaña familia horren bazkari batera gonbidatuak izan dira. Gaiari ongi heldu zioten bi bertsolariek, eta zumaiarra eta zarauztarra izaki, oriotarrekiko bromak askotarikoak izan ziren. Bertsozaleen irrien eta txaloen neurgailua gorenera iritsi zen.

Gernikako bonbardaketaren 82. urteurrena izan zen atzo, eta hain zuzen, gai hori jarri zion Manterolak Onintza Enbeita bizkaitarrari. Sentimenduzko bertsoaldi ederra osatu zuen muxikarrak.

Jon Maia hauteskunde mahaian

Azken aurreko bertsoaldia iritsi zenean, gai-jartzaileak benetakoa den gai baten aurrean jarri zituen Maia, Egaña eta Enbeita. Bihar, hauteskunde orokorrak dira, eta Maiari mahaian egotea tokatu zaio. Egaña botoa ematera joan da, eta Enbeita partidu politiko bateko ikuskatzailea da. Asteburu berean herriko festak izanda, Maia egoera xelebre askotan jarri zuten beste bi bertsolariek, eta honen erantzunak ironia finekoak izan ziren. Gaiak askotarako eman zuen, izan ere, seikoteak gai bera hartu zuen oinarri puntukako bertsoaldian eta bromek etengabe jarraitu zuten.

Gauerdia pasatxo amaitu zen saioa, eta festak ongi pasatzeko gonbidapena luzatu zuten bertsolariek.

Erlazionatuak