Kimika dibertigarria ere izan daitekeela erakutsi dute Kimikarin tailerreko lehen saioan

Baleike 2019ko api. 24a, 15:35

Gabonetan izandako erantzun onaren ondoren, Kimikarin esperimentu tailerra bueltan da Zumaian. Gaur izan dute lehen saioa, eta bihar egingo dute bigarrena. Saio honetarako oraindik lekua dagoela adierazi dute. 

Jokoen eta tailerren bidez kimika dibertigarria ere izan daitekeela erakutsi nahi dute arduradunek. "Eskoletan kimika erakusten dutenean aspergarria izan ohi da. Tailer hauen bidez haurrei erakutsi nahi diegu dibertigarria ere izan daitekeela". Umeek hala erantzun dute, eta gustura aritu dira esperimentuak egiten. 

8 eta 12 urte bitarteko 20 bat haurrek hartu dute parte gaur goizean 11:00etatik 13:00etara bitartean egin den lehen saioan. Laboratorio batean egongo balira bezala, esperimentu ugari egin dituzte haurrek goizean zehar. "Esperimentu hauetarako erabiltzen ditugun materialak etxean edo edozein supermerkatuetan aurki daitezke: irina, maizena, kola... Ez da material arrarorik behar esperimentu hauek egiteko". 

Kimikarin tailer honen bigarren saioa bihar egingo da, ordutegi berean. Antolatzaileek adierazi dutenez, oraindik tokiak badaude. Parte hartzeko 943 861 056 telefonora deitu beharko da (09:00-14:30 ordutegian), edo kulturetxea@zumaia.eus helbide elektronikora idatzi. Parte hartzea doan da.