Santiagoko tabernaren eta komunen kudeaketa esleituko ditu Udalak

Baleike 2019ko api. 24a, 11:18

Santiago hondartzan, Erdikoaitza behatokian, tunelaren parean, jarriko den txiringitoaren eta komunen zerbitzua esleitzeko prozedura abian da. Bertan parte hartzeko izen-emate epea maiatzaren 8an amaituko da.

Orain aste gutxi jarri zen abian baita Itzurungo taberna-kafetegiaren esleipena ere eta 2 eskaintza jaso dira esleipen horretarako. Maiatzean ezagutuko da zein izango den bietan esleipenduna.

Aurrefabrikatutako modulu desmuntagarria jarriko du Udalak argindarra eta urarekin. Kafe makina, ontzi garbigailua eta izotz makina ere izango du txiringito hone. Esleipendunaren ardura izango da taberna-kafetegia zerbitzua emateko bestelako elementuen horniketa egitea. Elementu hauek eskatuko zaizkio:

  • Terraza: 10 mahai, 40 aulki, 10 eguzkitako, eta argiztapena. Eguzkitakoek, mahaiek eta aulkiek ezin izango dute publizitaterik izan.
  • Taberna: Hozkailuak (kamerak), ontziak eta tabernaren erabilerarako tresneria (koilaratxoak, koilarak, sardexkak, etab.), zaborrontziak,  altzariak eta baldak.
  • Sukaldea: Mikrouhin labea, lan egiteko mahaia eta sukaldeko tresneria (sardexkak, labanak...).

Udalak 24 m2-ko azaleradun komunak jarriko ditu. Esleipendunak komunen kudeaketa eta garbiketa ere bere gain hartuko ditu. Komunen erabilera librea eta doakoa izango da. Komunak, gutxienez, orduro garbitu beharko dira. Une oro komuneko paperez, komuneko eskuilak, eskuak garbitzeko xaboiez eta eskuak sikatzeko paperez hornituta egon behako dute.

Zerbitzuak eskaintzeko ordutegiak jartzeko eta aldatzeko eskumena Udalarena izango da. Jendeari kantina eta komun zerbitzua eskaintzeko eguneroko ordutegia gutxienez 10:30etatik 22:00ak bitartekoa izango da, etenik gabe eta atsedenaldirik gabe. Horretarako, emakidadunak bere langileak egoki antolatu beharko ditu.

Kontratuaren zenbatekoa

Kontratu honentzat 2.088,66€ko gutxieneko lizitazioa aurrekontua (gehi BEZa) ezarri da eta prezio hau gorantz hobetu dezakete lizitatzaileek.

Kontratuaren exekuzio epea 2019ko ekainaren 15etik edo instalazioak prest daudenetik, irailaren 15 artekoa izango da.

Informazio gehigarria www.zumaia.eus webgunean dago, kontratatzailearen profila atalean edo Zumaiako Udalean bertan.