Bidasoa nagusi izan da Odriozola eta Torriko aurrez aurre izan diren partidan

Baleike 2019ko api. 20a, 13:04
Argazkia: @CDBidasoaIrun

Irungo Bidasoa taldeak garaipena erdietsi zuen atzo Blendio Sinfin kantabriarren aurkako partidan. Emaitza honekin irundarrek bigarren postuan jarraitzen dute. 

Interes berezia zuen atzoko partidak Zumaiako zaletuentzat, herriko bi jokalari aritu zirelako aurrez aurre: Kauldi Odriozola Bidasoarekin, eta Ander Torriko Blendio Sinfinekin. Odriozolak hiru gol sartu zituen atzo, bi 9 metrotatik, eta beste bat kontraerasoan. Torrikok, Sinfineko goleatzaile handienetakoak, atzo ezin izan zuen golik sartu. 

Kantabriarrak gogor atera ziren lehen zatian, eta lau goleko aldea izan zuten (7-11, 18. minutuan). Irundarrek atezaina aldatu zuten, eta hortik etorri zen Bidasoaren erreakzioa: lautik galtzen egotetik, markagailuan aurretik jartzera pasa ziren (14-13, 27. minutuan). Atsedenaldira 16-15 emaitzarekin heldu ziren. Edozer gauza gerta zitekeen oraindik. 

Bigarren zatian defentsa indartu zuen Bidasoak, eta hori izan zen garaipenaren gakoa: atsedenalditik 45 minutura arteko ordu laurden horretan bost gol besterik ez zituen jaso. Amaieran, 32-27 emaitzarekin irabazi zion Bidasoak Blendio Sinfini. 

Jardunaldia amaitzeko partida dezente geratzen dira, baina irundarrek ziurtatuta dute beste astebetez bigarren postuan jarraituko dutela.