Juan Ramon Llavori: "Ilunpean zeuden liburuei argia eman nahi izan diet"

Baleike 2019ko api. 20a, 11:23

Juan Ramon Llavori argazkilari zumaiarrak bi pasio handi ditu: Tibeta eta Donejakue bidea, "errefuxiatuak eta bidean aurkitzen duzun jendea, ez Bidetik bizi den jendea". Bi pasio horiek liburu banatan landu ditu Llavorik: Jule Ladakh! eta Peregrinatio, argiaren bidetik liburuetan, hain zuzen ere. Bi liburu hauek kalera atera ditu berriro Aste Santuko egun hauetan. 

Aste Santuko egun hauetan Kofradia paretik pasatzen direnek postu berezi bat aurkituko dute Estalapean. Bertan, Llavorik urte hauetan guztietan bildu dituen hainbat objektu eta artelan ikus daitezke: milaka urte dituzten fosilak, Tibeteko banderak, mendeak dituzten artelanak, eta abar luze bat. Horien artean dira azken hamarkada hauetan Juan Ramon Llavorik atera dituen bi liburuak. 

Tibetera egindako bidaiatan ateratako argazkiek janzten dute Jule Ladakh! liburua. Peregrinatio, argiaren bidetik argitalpenean, berriz, Donejakue bideko esperientziak biltzen ditu, bai argazkien eta baita idatzien bidez ere. "Etxean nituen gordeta liburu hauek eta oparitzea erabaki dut. Ilunpean zeuden liburuei argia eman nahi izan diet", dio Llavorik. 

Estalapean jarritako postura hurreratzen direnei emango dizkie liburuak. "Nahi duenak borondatea emateko aukera izango du", gaineratu du Llavorik. Cu Xa, Isiltasunetik Birsortutako Lorea du izena Llavoriren proiektu berriak, eta borondatezko diru hori erakusketa hori sortzera bideratuko duela adierazi du.

Aste Santuko egun hauetan goizez jarriko du postua Estalapean, 11:30etik 14:30era bitartean. Hortik aurrera, eguraldi ona egiten duen larunbatetan ere egongo da, 11:30etik 21:00etara bitartean.