Maitane Osa: “Polonian badute halako kontzientzia bat hizkuntza gutxituekiko”

Baleike 2019ko api. 18a, 15:30

Poloniako Poznan hirian bizi da egun Maitane Osa. Etxepare Institutuaren beka bati esker joan da, hilabete batzuetarako. Adam Mickiewicz Unibertsitatean euskara klaseak emateaz gain, euskal kulturaren eta historiaren berri ematen die ikasleei. Asko gustatzen zaio denbora librean hiriko kaleetan galdu eta leku berriak ezagutzea, eta harreman berezia du ikasleekin. Martxoko Baleike aldizkariko elkarrizketa ekarri dugu webgunera.

Nola izan zenuen Etxepare Institutuaren bekaren berri?
Gasteizen Euskal Ikasketetako gradua ikasi nuen, eta bertan zerbait entzun izan nien beste ikasle batzuei. Ondoren, gertuko jendea aukera honetan sartu zela ikusi nuen; esaterako, Maia Ossa laguna, arroarra. Beti erakarri izan nau aukera honek, bidaiatzeko eta leku berriak ezagutzeko aukera paregabea delako, eta gustuko dudan zerbait egiten, gainera.

Jende euskalduna ezagutu duzu bertan?
Hemen ezagutu ditudan euskaldunak Erasmus programari esker etorri dira, batik bat. Poznanen bizi naiz ni, eta ikasle hiri bat izanik, ikasle kopurua izugarri altua da. Bestalde, nik lan egiten dudan unibertsitatean badira urte batzuk euskara klaseak ematen direla, eta, horregatik, egin ditudan lagun eta ezagun batzuek ezagutzen dute bere ikasketetan euskara ikasi nahi duen jendea. Gehienek Hispaniar Filologia ikasi dute, baina Hizkuntzalaritza ikasi duenik ere badago.

Zer nolako ikuspegia dute poloniarrek euskararekiko? Eta euskaldunekiko?
Poloniera hizkuntza eslaviarra izanik, eta euskarak gaztelaniarekin eta ingelesarekin zerikusirik ez duenez gero, lehenengo aurreiritzia beti da euskara zaila dela eurentzat. Baina hizkuntzak ikastea orokorrean ez da gauza erraza, lan egitea eskatzen du. Eta lor daiteke, ikasteko konpromisoa hartu eta pixkanaka aurreratuz gero. Horregatik, nik beti esaten diet euskara ez dela zaila, ezberdina baizik, baina hori ona dela.

Euskaldunekiko, berriz, esango nuke oso lagunkoi ikusten gaituztela. Gure harremantzeko moduan ezberdintasunak ditugu. Hemen jendea hotzagoa da, eta ez da hain erraza harreman estuak egitea. Honekin ez dut esan nahi mundu guztia hotza denik, baina orokorrean sumatu dut halako urruntasun bat. Beraz, eurentzat irekiak eta lagunkoiak garela esango nuke. Agian eguraldiak eta bizitzeko moduak eragina izango du…

Zein da zure egitekoa Polonian? 
Adam Mickiewicz unibertsitatean hispaniar filologiako eta hizkuntzalaritzako ikasleei euskara klaseak ematen dizkiet. Normalean hizkuntza bera irakasten dut gehienbat, baina saiatzen naiz horretara ez mugatzen. Euskal kultura eta historia ere azaltzen eta irakasten saiatzen naiz, ahal dudan moduan. Ahal bada modu entretenigarrian. Baina eurek ere asko irakasten didate niri. Klasean asko hitz egiten dugu gure herrialdeetako historiaz eta kulturez.

Zer gustatu zaizu gehien? Gutxien?
Lehen galdera zaila da azaltzen. Ikasleekin dudan harremana oso berezia da; beraz, hori asko gustatzen zaidala esango nuke. Izugarria iruditzen zait unibertsitateko ikasle batzuk eurek nahi dutelako euskara ikastera etortzea. Bestetik, hiri ederra da ni bizi naizena; asko gustatzen zait denbora dudanean galdu eta leku berriak ezagutzea. Janaria eta edaria ere (vodka eta garagardoa dira hemen gehien edaten diren edariak) asko gustatzen zait. Eta gainera, zlotyak [Poloniako dibisa] dituztenez, merkea da kanpoan bizitza egitea.

Bigarren galdera erantzutea errazagoa egiten zait. Gutxien gustatzen zaidana egun argiak gutxi irautea da. Egunen baten berandu samar esnatzen bazara, neguan ordu gutxi izango dituzu eguzkia ikusteko. Eta horrek tristura puntu bat ematen du normalean. Baina, tira, udaberrian berriz argi gehiago sartzen eta tenperaturak igotzen hasiko dira.

Euskara irakaslea zara bertan. Zenbat ikasle dituzu? Zergatik ikasi nahi dute euskara?
Guztira zortzi ikasle ditut. Hizkuntzalaritzakoak lau dira, eta talde bat osatzen dute. Hispaniar Filologiakoak, berriz, beste lau dira; bi bigarren mailakoak eta beste bi hirugarren mailakoak. Orokorrean, euskara ikasteko bi arrazoi dituztela esango nuke: batetik, hizkuntza ez indoeuroparra da, eurek ikasten dituzten beste hizkuntzetatik (ingelesa, portugesa, frantsesa, espainiera, katalana…) guztiz ezberdina; eta, bestetik, hizkuntza minorizatua da, eta badute halako kontzientzia bat hizkuntza gutxituekiko. Oso ikasle onak dira, ni neu harrituta nago ulertzeko duten gaitasunaz, eta, gainera, lan asko egiten dute. Pixkanaka nola aurreratzen duten ikustea irakasle batentzat izugarri motibagarria da. Bestalde, talde txikitan lan egitea abantaila handia da.

Zein hiritan bizi zara? Nolakoa da? 

Poznan hirian bizi naiz, Polonia Handia probintzian. Kokapen ona duela uste dut, beste hirietatik nahiko gertu dagoelako; baita Berlinetik ere. Alemaniako muga hortxe dauka. Hiri handia da, nahiko zaharra, eta historikoki garrantzitsua izan da. Ikasle asko daude, unibertsitate asko dituelako, eta kanpotik etortzen direnez gain, ikasle asko etortzen dira Polonia osoko beste hiri eta herrietatik. Esaterako, Lublin eta Gdanskeko ikasleak ditut. Hiri nahiko zabala da, erdigunea oso bizia da eta zaratatsua da, baina kanpoaldean leku lasai eta ederrak ere badaude; Malta lakua, besteak beste. Udan hondartza publiko bihurtzen da hau.

Euskal Herriarekin alderatuta, oso ezberdina al da? Zertan?
Nahiko ezberdina da, bai. Lehen aipatu dudan moduan, hasteko harremanetan jartzeko modua ezberdin samarra da. Jende oso interesgarri eta aberatsa ezagutu dut, baina hasieran ez zen erraza izan hurbilpena.

Bestetik, klima oso ezberdina da, hemen tenperaturak baxuagoak dira. Hala ere, nire hiriko hotza ez da hezea (Euskal Herriko kostaldekoa bezalakoa), eta tipula bat bezalaxe jantzita, ahalik eta geruza gehien gainean eramanda, hotzari aurre egin ahal zaio.

Ohitura ezberdinak ere badituzte. Egun argia laburragoa denez, lehenago jaikitzen dira, eta lehenago oheratu. Jatordu ezberdinak dituzte: gosari potentea egiten dute; ondoren, bazkaltzeko orduan zerbait arina jaten dute, eta arratsaldean, merienda orduan, afari merienda bat egiten dute. Hala ere, ni ikasle erresidentzia batean bizi naiz, eta bertan mundu guztiko jendea dagoenez, denetarik ikusten dut. Batzuk bazkaria egiten hasi orduko, beste batzuk jada afaltzen ari dira.

Itzuliko zinateke?
Bai.

Zer egiten duzu zure denbora librean?
Irakurri, musika entzun, kirola egin, baxu elektrikoa jotzen ikasten ari naiz, eta parrandan ere irteten naiz.

Pentsatu duzu zer egin itzultzean?
Ez. Lanean jarraitzea pentsatu dut, baina agian etorkizunean zerbait gehiago ikastea gustatuko litzaidake. Egia da behin kanpora joateko beldurra kenduta, mundua gehiago deskubritzeko gogoa etortzen zaizula.

Polonia politikoki une korapilatsuan aurkitzen da. Nola bizi duzu?

Partidu politiko ultraeskuindar, kontserbadore eta katoliko bat (Prawo i Sprawiedliwość) ari da agintzen gaur egun Polonian, eta egia da topo egin dudan zenbait jenderengan ikusi ditudala jarrera edo pentsamendu nahiko kontserbadoreak. Esaterako, emakumezkoak diren ikasle gehienei karrera amaitzean zer egin nahi duten galdetuz gero, gehienek ez dakiela esango du, seguraski; beste multzo handi batek ezkondu eta ama izan nahi duela esango du, familiari beren bizitza emateko; eta multzo ez hain handi batek, aldiz, ikasten jarraitu nahi duela esango du.

Hori oso esanguratsua da niretzat. Familia eredu nuklearraren ideia barruraino sartuta du gizartearen gehiengoak. Gehienak oso katolikoak dira, gainera.

Bestetik, eremu alternatiboetan ibiltzen den jende ezkertiarra ere ezagutu dut, ez da hain arraroa. Baina, ekialdeko Europaren historia oso korapilatsua da ulertzeko, eta mendebaldeko mugimendu alternatiboekin baditu bere ezberdintasunak. Oso interesgarria da, hala ere. Baina ezin da ukatu, zoritxarrez, arrazakeria eta beste hainbat zapalkuntza nabariak direla. Nik neuk ez dut inoiz eraso xenofoborik ikusi, baina egia da zuriak ez diren etorkin oso gutxi daudela, eta hori zerbaiten seinale da.