Gertatutakoa azalera, historia ez ahazteko

Baleike 2019ko api. 17a, 11:15

Aranzadi Zientzia Elkarteak azken hiru urteetan egindako ikerketak jasotzen dituen 'Zumaia 1936-1945: Giza eskubideen urraketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan' liburua banatu zuten bertan. Zumaienako ikasleak ere bertan izan ziren, eta giza eskubideak lantzen dituen 'Zutani' ikus-entzunezkoa proiektatu zuten. 

Memoria historikoa oinarri hartuta, ekitaldia izan zen atzo Aita Mariko zine aretoan, eta bertan banatu zuten Bigarren Errepublikatik lehen Frankismora gertatutakoaren inguruan eginiko ikerketak jasotzen dituen liburua. Ekitaldian parte hartu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek, Zumaienako ikasleek, udal ordezkariek eta San Pedro abesbatzak. 

Paco Etxeberria mediku doktoreak eta Aranzadiko presidenteak gogoratu zuen 40eko hamarkadan Aranzadi Zientzia Elkartea sortzea ahalbidetu zuela Frankismoak, baldintza bakar batekin: naturaren zientziak ikertzea. Hala ere, duela gutxiko historia aztertzea izan da elkartearen zereginetako bat. "Areto honetan zaudete historia honetako protagonistak", azaldu zuen Etxeberriak. 

Haren hitzetan, Euskal Herrian gero eta udalerri gehiago historia berreraikitzeko ahaleginean murgildu dira. Ondorengoei gertatu zenaren inguruan galdetu baino, lekukotzak protagonisten ahotatik jasotzea da, Etxeberriaren ustez, Eneko Sanzek idatzitako liburuaren meritua. Zumaiako Udala zoriondu zuen Etxeberriak: "Orain, memoria historikoak gizarte osoari eragiten dio, eta ez kaltetuei soilik". Hala ere, duela gutxiko historia ikertzea beharrezkotzat jotzen du Etxeberriak; batik bat, 60eko hamarkadatik gaur egunera artekoa. "Horrek guztiak memoria historikoaren inguruko diskurtsoa zabaltzeko balio du". 

Oier Korta alkateak hartu zuen hitza ondoren, Udalaren izenean. Esker hitzak izan zituen Aranzadi eta Etxeberriarentzat, baina, batez ere, lanketan parte hartu duten zumaiar guztiak izan zituen gogoan. "Memoria galtzeko arriskuan geuden urteek aurrera egin ahala, eta lan hau martxan jarri izanak garrantzia handia izan du, etorkizuneko belaunaldiek gure historiaren zati hori jaso dezaten". Bestetik, lanketa abiatu ahal izateko Udaleko alderdi politiko guztiek adostasuna lortu dutela nabarmendu zuen alkateak. 

Zumaiena, Etikasi programako irabazle
Zumaienako ikasleek egindako Zutani ikus-entzunezkoa proiektatzeko baliatu zuten ekitaldia. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak Etikasi programa jarri zuen abian. Zumaiena ikastetxeak irabazi du saria, Zutani ikus-entzunezkoari esker: Auschwitzera lau eguneko bidaia batean hartuko dute parte batxilergoko ikasleek.

Bideoan agertzen den sinbolorik nagusienetako bat maleta bat da, azken mende hauetako giza historiaren lekuko paregabea. Gizaki orok garraiatzen du zamaren bat, lastaz beteriko bakoitzaren maletan. Askotan giza duintasunaren aldeko borrokarako bidelagun apartak izan dira, baina beste askotan giza sufrimenduaren lekukotasuna gorde izan dute barnean.