Xabier Letamendia: “Oso gustura nago mutilek egin duten lanarekin”

Baleike 2019ko api. 16a, 09:23

Espainiako txapelketako lehen fasea jokatu berri du asteburuan Pulpoko gizonezkoen jubenil taldeak. Granollers izan da multzoko garailea eta estatuko zortzi onenen artean sartu den taldea. Pulpoko entrenatzailea den Letamendia gustura agertu da mutilen lanarekin.

“Ezin izan da fasea pasatu, baina oso gustura nago mutilek egin dutenarekin. Hustu egin dira eta dena eman dute. Txapelketaren balorazio positiboa egiten dut”, azpimarratu du Letamendiak. Atzo arratsaldean oraindik azken harmailak jasotzen ari ziren taldeko hainbat boluntario.

“Kirol aldetik ez dira emaitza onak izan, baina errealistak izan behar dugu. Gainerako taldeak maila bat gorago zeuden. Diferentzia handia zegoen fisikoki eta horrek eragina du”, jarraitu du. Zapore gazi-gozoarekin amaitu dutela ere nabarmendu du, izan ere, Granollersen aurkako partidan ez zuten beraien maila eman. “Emaitzari oso azkar nahi izan genion buelta eman, eta hori ez da posible izaten. Presa horren erruz baloi asko galdu genituen eta zuloa handitzen joan zen”. Bigarren partidarako ikasi zutela esan du eta Sinfinen aurka hobeto jokatu zutela baieztatu du. “Oso partida landua egin genuen, izugarrizko lana egin zuten mutilek eta hortxe egon ginen partida ateratzeko. Azkenean horrelako txapelketetako esperientzia falta sumatu genuen”, kontatu du.

Anaitasunaren aurkako partidan, berriz, ongi hasi ziren, baina bigarren zatirako hustuta zeudela esan du. “Anaitasunak 21 golegatik irabazi baligu beraiek pasako ziren hurrengo fasera. Helburu zehatza zuten, baina guk ez genien utzi nahi. Gure partida jokatu nahi genuen eta ahalik eta gol gutxien jaso”.

Giro itzela

Lubaki kiroldegia jendez gainezka egon da hiru egunetan eta entrenatzaileak eskerrak eman nahi dizkie. “Giro oso ona egon da harmailetan. Momentu guztian animatu zituzten mutilak eta hori asko eskertzen da. Badakit herriko taberna batzuetan ere jendea egon zela streaming bidez ikusten. Horregatik, azken unera arte guztia emateko esan nien mutilei: guregatik, baita publikoarengatik ere”.

Zumaiara etorritako hiru taldeak ere gustura ibili zirela kontatu du Letamendiak. “Herriak oso harrera ona egin ziela esan ziguten eta txapelketako antolakuntzagatik ere pozik ziren. Bide batez nik ere eskerrak eman nahi dizkiet lanean ibili ziren zuzendaritza eta boluntario taldeari, Jose Manuel Balenciaga masajistari eta Michael Obach streaming arduradunari. Amaitzeko, nola ez, baita jokalariei ere. Jarrera oso ona izan zuten guztiek eta ez bakarrik txapelketa honetan. Denboraldi guztian lan oso ona egin dute, eta minutu gutxien jolastu dutenek ere taldea nola babestu duten ikustea txalotzekoa da. Horiek gabe ez ginen txapelketa honetara iritsiko. Hori da benetako taldea eta biziarazi didaten esperientziagatik eskerrak eman nahi dizkiet guztiei”.

Apirilaren 26an kopako partida izango dute Bidasoaren aurka, eta horrekin amaitutzat emango dute denboraldia.