ARGAZKIAK: Sinfini aurre egin dio Pulpok azken unera arte

Partida handia jokatu du gaur Txikixa Pulpok Sinfinen aurka. Kantabriarrek irabazi dute (25-28), baina Pulpok estu hartu ditu, inoiz amore eman gabe. Lehen partidan, Granollersek eta Anaitasunak 21na berdindu dute. Bihar goizean erabakiko da nork lortzen duen zortziko finalerako txartela. 

Lehen jardunaldian Granollersen aurka urduritasunak eta ardurak lotuta jokatu zuten Txikixa Pulpoko mutilek, baina gaur Sinfinen aurka beraien benetako neurria erakutsi dute. Lehen minututik jokoan erabat sartuta, erasoan gai izan dira kantabriarren gizon garaien harresia gainditzeko, baloia bizkor mugitu eta konbinazio ederrekin, hegalak eta pibotea ondo aprobetxatuz. Defentsako lanean ere sendoago aritu dira eta atepean gaur lan ona egin dute bi atezainek. Eta Pulpok maila horretan jokatuta, Sinfin markagailuan aldea egin ezinik ibili da partida osoan.

Markagailuan ez da alderik izan, azken ordu laurdenaren faltan kantabriarrek hiru goleko arnasa hartu duten arte. Baina orduan ere ez du amore eman Pulpok, denbora agortu den arte. Bigarren partida ere galdu arren, gaur harro egoteko moduko partida jokatu dute.  Bihar ere erronka gogorra izango dute, azken faserako txartela jokoan duen Anaitasuna izango baitu aurrez aurre.

Granollers mendean zuela pentsatu duenean egin dio ihes garaipenak Anaitasunari jardunaldiko lehen partidan. Iruindarren defentsako harresia gainditu ezinik ibili dira kataluniarrak, eta Anaitasunak kontrolpean izan du partida. Lehen ordu erdian zortzi gol baina ez ditu egin Granollersek (12-8). Bigarren zatian partida bide beretik joan da lehen ordu laurdenean, Anaitasunak partida dominatuta zeukala pentsatu du, eta orduan etorri da Granollersen susperraldia. Kataluniarrek ere defentsa estutu dute, kontraerasoan ateratzeko gai izan dira, pixkanaka aldea jan diote Anaitasunari, eta azkenera 21ko berdinketarekin iritsi dira. Emaitza honekin dena airean gelditzen da azken jardunaldirako.

Azken jardunaldia (igandea):

11:15ean, Granollers-Sinfin
13:00etan, Txikixa Taberna Pulpo-Anaitasuna