Igerilekuan beste bi kale egitea proposatu du Ostolazak, "leku faltari aurre egiteko"

Baleike 2019ko api. 11a, 17:53
Juan Karlos Izagirre eta IƱaki Ostolaza, gaur goizean Lubaki kiroldegiko igerilekuan.

Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako EH Bilduren hautagai Juan Karlos Izagirre Zumaian izan da gaur. Iñaki Ostolaza alkategaiarekin batera, Lubaki kiroldegia, Xey industriagunea Oikian, eta Malen Etxearen egoitza ezagutu ditu, eta baita Zumaiako EH Bilduren proposamenak ezagutu ere.

Kiroldegian hasi dute bisita Ostolazak eta Izagirrek bisita. Lubakik zerbitzua gero eta herritar gehiagori ematen diola gogoratu du Ostolazak, eta sortzen diren beharrei erantzuna eman beharko zaiela ere esan du, "epe motzean eta epe luzera". Kirol ekipamenduak handitzeko Udalak martxoaren hasieran aurkeztutako proposamenekin kritiko agertu du, eta kiroldegia handitzeko ideiak aurkeztu ditu: "Esate baterako, beste bi kale egitea igerilekuan, orain dagoen leku faltari erantzun egokia, azkarra eta eraginkorra emateko". 

Kiroldegitik Oikiara joan dira jarraian, Xeyko industriagunera, hain zuzen ere. Bertan, industriaren garrantzia azpimarratu du EH Bilduko alkategaiak. "Guk garrantzia handia ematen diogu industriak Zumaiako ekonomian daukan pisua mantendu eta indartzeari. Turismoaren gorakadak ez gaitzala itsutu: Zumaia herri industriala da, eta izaten jarraitzea nahi dugu. Hortik etorriko dira lanpostu finkoak eta soldata duinak". Zentzu horretan, eta Xeyko industriagunea hizpide, herrira enpresa berriak erakartzeko aukerak aztertu behar direla azpimarratu du Ostolazak. 

Malen Etxea emakume etorkinen egoitzan amaitu dute bisita. Feminismoa "egun bakarreko kontua" ez dela nabarmendu du alkategaiak. "Politika feminista arlo guztietan txertatu beharreko ideia multzoa" bezala definitu du, eta "sare komunitarioak eta kooperatibak" sortzearen alde agertu da. Zentzu horretan, Malen Etxearen lana goraipatu du, eta beraiekin "elkarlan estua" edukitzearen alde agertu da.