Xabier Letamendia: “Lanari esker iritsi gara honaino”

Baleike 2019ko api. 11a, 16:41

Txikixa taberna Pulpo K.E. taldeko jubenilek Espainiako txapelketako lehen fasea jokatu dute bihartik igandera arte Lubaki kiroldegian. Zumaiarrekin batera, KH7 BM Granollersek (Katalunia), Liberbank Sinfin Dosak (Kantabria) eta Anaitasunak (Nafarroa) osatzen dute B multzoa. Fasearen atarian Xabier Letamendia entrenatzailearekin hitz egin dugu.

Aski ezaguna da Xabier Letamendia eskubaloi munduan. Umetan hasi zen kirola praktikatzen, eta behin jokalari izateari utzi zionean, entrenatzaile lanetan hasi zen. Hainbat taldetan aritu da, eta egun, Pulpoko mutil jubenilen taldea zuzentzen du. Datozen hiru egunak bereziak izango dira. “Horrelako fase baten aurrean nerbioak eta tentsioak izatea normala da, baina egoeraz disfrutatu behar dela transmititzen saiatu naiz jokalariei. Hori da nire helburua datozen hiru egunetan”, adierazi du.

Espainiako txapelketako lehen fase horretara iristeko erruz egin dute lana zumaiarrek. Martxoa amaieran Usurbilen jokatutako Euskadiko txapelketan hirugarren izan ziren, eta pozik agertu da Letamendia orduan egindakoarekin. “Hirugarren egin genuen, eta bigarren gelditu zen Tolosarekin puntutan berdinduta. Golen batezbestekoagatik, hain justu bategatik, izan ginen hirugarren”, gogoratu du. “Euskadiko lauko finala jokatzen zuten lehen aldia zen eta ahalik eta ondoen jokatzea zen gure helburua. Lehiatzea eta dena ematea zen azkenean asmoa. Oso ongi egin zuten eta pozik amaitu genuen”, jarraitu du.

Asteburu honetan, berriz, Espainiako txapelketako lehen fasea jokatuko dute Zumaian. Multzo indartsua otu zaiela baieztatu du Letamendiak, izan ere, aurrez aurre izango dituzte Granollers, Sinfin eta Anaitasuna. Lehenengoak Kataluniako txapelketan bigarrenak izan dira, bigarrengoak Kantabriako irabazleak dira, eta hirugarrenak Nafarroako garaileak dira. “Errealistak izan behar gara eta aukera gutxi ditugu fasea pasatzeko. Bakarra joango da zortziko azken fasera eta oso zaila da. Gure multzoko hiruek Asobal ligan dituzte talde nagusiak. Harrobi ona duten taldeak dira, jokalari askokoak eta lanketa garatuekin. Pentsa, jokalari batzuk beraien lehen mailako taldearekin jokatu dute”, azaldu du.

Lana eta esfortzua

Letamendiaren iritziz, kataluniarrak dira faborito nagusienak, baina edozer gerta litekela azpimarratu du. Hain zuzen, zumaiarren faseko lehenengo partida horien aurkakoa da. “Korrika asko egiten duen talde bat da, oso indartsua eta indibidualki jokalari oso onak dituena. Bakarkako teknika oso landua dute”, kontatu du.

Zumaiarrek hala ere gauza bat dute argi: lehiatzea. “Guretzat sari bat da fasea jokatzea, baina horregatik ez diogu lehiatzeari utziko. Dena emango dugu, eta egindakoarekin gustura amaitu nahi dugu. Aurkari bakoitzak bere ezaugarriak ditu, batzuk beste batzuk baino hobeto emango zaizkigu, baina hiru partidetan borrokatzera aterako gara”, azpimarratu du.

Denboraldi honetan egin duten lanari eman dio garrantzi berezia entrenatzaileak. Iazko abuztuan hasi ziren aurredenboraldiarekin, eta ordutik bizi izan dituzten gauza onak eta txarrak baliagarriak izan direla gaineratu du. “Lanari esker iritsi gara honaino, baina hori bakarrik ez. Esfortzuak, konpromisoak, taldeko giroak… denak lagundu du. Guztia da garrantzitsua talde bat ongi kudeatzeko, eta nire iritziz, talde honek egin duen ibilbidea txalogarria da. Mutilen garapena itzela izan da, eta behetik gora egin dugu. Harro egoteko moduan gaude, eta niri horrek guztiak asetu nau”.

Sarreren salmenta

Ostiraletik igandera bitarte, Lubaki kiroldegia zalez beteta egotea aurreikusten dute. Kataluniatik, Kantabriatik eta Nafarroatik ere etorriko dira zaleak. Hori dela eta, jokalarien guraso eta senitartekoentzat harmaila txiki bat jarriko dute pistaren ondoan.

Pulpoko bazkideentzat sarreren aurre salmenta egingo da gaur arratsaldean. Gainerakoek partiden atarian erosi beharko dituzte 2 euroan. “Bildutako dirua gastuentzako izango da”, esan du Letamendiak.

Partiden ordutegia

OSTIRALA

18:00etan Anaitasuna "A" - Liberbank Sinfin Dosa

19:45ean Txikixa taberna Pulpo - KH7 BM Granollers

LARUNBATA

17:30ean Anaitasuna - KH7 BM Granollers.

19:15ean Liberbank Sinfin Dosa – Txikixa taberna Pulpo

IGANDEA

11:15ean KH7 BM Granollers – Liberbank Sinfin Dosa

13:00tan Txikixa taberna Pulpo - Anaitasuna "A"