Irailaren 16tik aurrera epaituko dute Nagore Garcia, presoen babes taldetako 46 kiderekin batera

Irailaren 16tik aurrera epaituko dute Nagore Garcia, presoen babes taldetako 46 kiderekin batera

"ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, 47 euskal herritar epaituko dituzte irailan Audientzia Nazionalean. Abokatuak nahiz Herrira, Etxerat eta Jaiki Hadi elkarteetako kideak dira auzipetuak, eta tartean da Nagore Garcia zumaiarra. 

Irailaren 16an abiatuko da Audientzia Nazionalean euskal presoen babes taldeen aurkako epaiketa. Hain justu ere, Herrira, Etxerat eta Jaiki Hadi elkarteetako kideak epaituko dituzte. 8 eta 12 urteko espetxealdiak eskatu ditu fiskalak auzipetuentzat.

Garcia Herrirako kidea zen, eta 13 urte eta 6 hilabeteko espetxeratzea eskatu du harentzat, talde terroristako kide izatea eta terrorismoa goratzea leporatuta. Gainera, 4.800 euroko isuna eta 8 urteko inhabilitazioa eskatu du fiskalak. Kartzelaldia bukatzean, 48 auzipetuek 4 eta 8 urte igaro beharko dituzte zaintzapean.

Herriraren aurkako polizia operazioan atxilotu zuten Garcia, Eneko Ibarguren azpeitiarrarekin batera, 2013ko irailaren 30ean. Epaileak urriaren 3an utzi zituzten biak aske; Garciak 20.000 euroko bermea ordaindu behar izan zuen aske ateratzeko. Atxilotu zituztenean herritarren babesa zabala jaso zuten biek ala biek. Ondoren, 2015eko urtarrilaren 14an, deitu zituzten Ibarguren eta Garcia deklaratzera, Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelera, eta gainerako kide guztien gisan, uko egin zioten deklaratzeari “egindako galderak ez zeudelako akusazioarekin lotuta".

2013ko irailean Herriraren kontra eginiko polizia operazioan du jatorria 11/2013 sumarioak. 2014ko urtarrilean, bitartekari taldeko zortzi lagunen aurkako sarekada etorri zen, eta hurrengo urtean, abokatuen eta beste lau lagunen aurkakoa. 2015eko martxoan, berriz, Jaiki Hadiko eta Etxerat-eko kideak atxilotu zituzten. Eloy Velasco epaileak egin zuen instrukzioa, eta Auzitegi Nazionaleko fiskalak bat egin zuen haren tesiarekin. Horren arabera, “ETAren espetxe frontea” osatzen dute auzipetuek. “Erakunde terroristako kide” izatea leporatzen die ia denei. Auzipetze autoan, baina, epaileak berak aitortu zuen aztertutako dokumentuetan ez dutela aurkitu ETAren eta ustezko Koordinazio Gunearen artean lotura zuzenik eta harreman organikorik zegoela esateko moduko “inongo daturik”. Hala ere, Velascok ziurtatu du auzipetu guztiek bazekitela “Koordinazio Taldekoek [EPPKren bitartekariek] ETArekiko menpekotasun harreman bat zutela”, eta talde horiek legez kanpoko Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren hutsunea betetzen zutela.