Natura eta erretratua uztartuz

Baleike 2019ko api. 11a, 08:28

Ainara Garcia argazkilariak Naturari begiradak izeneko argazki erakusketa zabalduko du bihar Oxforden. 60 argazkik osatuko dute erakusketa, eta horietatik gehienak Zumaiako naturguneetan ateratakoak dira. Maiatzaren 1a arte egongo da ikusgai, egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Ainara Garcia hernaniarrak umetatik maite izan ditu natura eta argazkilaritza. Aitaren argazki kamera analogiko batekin hasi zen argazkiak ateratzen, eta argazkigintzako ikasketak ere egin zituen gero. Ondoren, Geologia ikasketak egin zituen eta 2009tik Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan dabil lanean, ingurumen hezitzaile gisa. "Beti izan dut natura gustuko. Argazkilaritza ikasi nuenetik, hori izan da gehien landu dudan gaia. Arkitektura eta bestelako gai batzuk ere landu ditut, baina natura da atentzioa deitzen didan gai nagusia", kontatu du Garciak.

Naturari begiradak erakusketa da Garciaren bakarkako lehenengo erakusketa. Urtarrilean Hernanin erakutsi zuen, eta Zumaian jarriko du bigarrengo aldiz. “Oso harrera ona izan zuen Hernanin eta pozik nago. Erakusketa bat jartzea beti egin nahi izan dudan zerbait da, eta oso aberasgarria izaten ari da”, esan du. Guztira, 60 argazki egongo dira erakusketan, eta natura eta erretratua lotuko ditu. “Gehienak naturako argazkiak dira, baina naturguneetan egindako erretratuak ere ikusi ahalko dira. Gustatzen zait gizakiaren eta naturaren arteko konexioa ikustea”, nabarmendu du.

Zumaiako natura

Erakusketako argazkiak 2012tik gaur egun artekoak dira. Guztiak, bat izan ezik, Euskal Herrian aterata daude eta horietatik gehienak Zumaian. “Zumaiako naturarekin maiteminduta nago, eta batez ere Santiago hondartza eta bere ingurunearekin. Geologoa izanik, agian jendeak pentsatuko du harriei ateratako argazki asko egongo direla, baina ez da horrela”, jarraitu du.

Paisaia orokorreko argazkiak daude erakusketan, baina naturako elementu txikiek dute protagonismo nagusiena. "Gauza xumeak ikusiko dira. Azkenean, atentzioa deitu didaten elementuei ateratzen dizkiet argazkiak: hostoak, ur tantak...".

Urtaroen arabera antolatu du erakusketa Garciak. Hasieran, neguko argazkiak jarriko ditu ikusgai. "Argi hotza eta txuribeltzeko argazki asko daude erakusketaren zati horretan. Udaberria etorriko da gero, bere kolore biziekin. Udako argazkietan, berriz, kolore epelagoak ikusiko dira, eta udazkenean aterakoetan, berriro bizitasunera joko du erakusketak".

Argazkilaritza plazer bat dela nabarmendu du, eta, askotan, lanera joan aurretik aprobetxatzen du argazkiak ateratzeko. "Nire momentua da, eta disfrutatzen saiatzen naiz. Agian, gaur ez dut argazkirik aterako, baina bihar toki berera joango naiz eta asko aterako ditut. Atsegin dut horrela lan egitea". 

Azken urteetan argazki saioetan ere murgilduta dabil. Ama izan zenetik, umeei, familiei eta haurdun daudenei argazkiak ateratzen ibiltzen da. “Argazki saioek prestaketa handiagoa eskatzen dute, baina oso gustura egiten ditut. Erakusketa honetan bi pasioak uztartu ditut gainera: natura eta erretratua”. Bihar zabalduko du Oxford aretoan 18:00etan, eta maiatzaren 1a arte egongo da ikusgai arratsaldeko ordutegian, 18:00etatik 20:00etara.