'45 + indartzen', adin horretatik gorako pertsonak lan munduan txertatzeko sortutako proiektua

Urola Kostako Udal Elkartea 2019ko api. 10a, 08:31

45+ Indartzen programa jarri du abian Urola Kostako Udal Elkarteak. Horren bitartez, prestakuntza eskaini nahi zaie 45 urtetik gorako eskualdeko pertsonei, bereziki lan-munduan txertatzeko edota lan baldintzak hobetzeko zailtasunak dituztenei bideratuta.

Ekimenaren helburua da garapen pertsonalaren eta profesionalaren bitartez adin tarte horretako herritarrak ahalduntzea.

Guztira, 10 saiotan banatutako 40 orduko prestakuntza eskainiko da Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian. Hain zuzen ere, maiatzaren 13tik 24ra bitartean: bi astez, goizez; 09:30etik 13:30era.

Programari hasiera emango zaio maiatzaren 6an egingo den hasiera-ekitaldiarekin (9:30-11:30). Bertan, programaren xehetasun guztiak azaltzeaz gain, partaide bakoitzarekin adostuko da bakarkako saioen egutegia.

Taldekako prestakuntzaz gain, partaide guztiek hiru bakarkako saio jasotzeko aukera izango dute.

Informazio-saio bat egingo da interesa duten herritarrentzat, proiektuaren inguruko xehetasun guztiak azaltzeko: apirilaren 17an egingo da, goizeko 10:00etan, Udal Elkartearen egoitzan  (Urdaneta bidea 6, Zarautz)

45+Indartzen programan parte hartzeko izena eman behar da, apirilaren 30a baino lehen. Izena emateko eskaera-orria webgunean jaitsi daiteke edo harreran jaso.

Eskaera-orria, NAN fotokopia eta curriculuma aurkeztu beharko dira, emailez: lanpoltsa@urolakosta.eus posta elektronikora, edo aurrez aurre Urola Kostako Udal Elkarteko egoitzan: Urdaneta bidea 6, 20800, Abendaño poligonoa, Zarautz.