EH Bildu: “Beste eredu bat posible da, baita udalean ere”

Baleike 2019ko api. 5a, 18:05

Zumaiako EH Bilduk orain astebete aurkeztu zuen maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako 20 hautagaien zerrenda. Atzo arratsaldean, berriz, ekitaldi publikoa egin zuen hautagaiak jendaurrean aurkezteko.

Saregileen plazan egindako ekitaldian ez ziren hautagai denak izan, baina bai gehienak. Arritxu Iribarrek egin zituen aurkezpen lanak, eta kirol taldeekin paralelismoak egin zituen. Futbola, errugbia edo eskubaloia izan zituen hizpide. Udal hauteskundeetan EH Bilduk bederatzi titular behar dituela esan zuen Iribarrek.

Behin oholtza txikira igota, alkategai Iñaki Ostolazak hartu zuen hitza. Zerrendan joatea eskatu ziotenean bitan pentsatu zuela adierazi zuen. “Honek lau urteko konpromisoa eskatzen du. Gainera, fitxatuta geratzen zara, eta hori ere balorean jarri behar da”.

Ostolazak gaineratu zuen zerrenda osatzen duten lagunak ez direla gaurkoak, eta herrigintzako dinamika udaletxera eraman nahi dutela. “Ikasgaiak hartuko ditugu hemen bertan biltzen diren pentsiodunengandik. Pentsio duinen alde borroka egiten dute, baina baita pentsio publikoen alde ere. Martxoaren 8tik ikasgaiak ere jaso ditugu, eta bizitza erdigunera eramango dugu”. “Gure leloa beste eredu bat posible dela da, baita udalean ere”, nabarmendu zuen Ostolazak.

Bilera irekiak

EH Bilduk hiru bilera ireki egin ditu azken asteotan hauteskundeetarako programa osatzeko. Bilera horiek emandakoaren berri eman dute Ostolazak, eta gaur egungo bozeramaile, eta zerrendan hirugarren postuan doan Alex Olidenek. “Hilabete dezentez aritu gara programa lantzen eta lantalde bereziak egiten. Horietatik ateratako ideia eta proposamenak hiru saio irekitan azaldu ditugu. Guk gauzak nola ikusten genituen azaldu nahi izan dugu, eta baita jendearen ekarpenak eta iritziak jaso ere”, adierazi du Ostolazak.

Lehen bileran hirigintza eta ekipamendu publikoak izan zituzten hizpide. “Hauteskundeetara begira oso garrantzitsua den komentuari eman genion zentralitatea”, aipatu du Olidenek. “Komentua kulturgune balioanitza bezala ikusten dugu, musika eskola, dantza, antzerkia, eta kafe antzoki moduko areto bat lotuko dituena”. Aterpetxe izaera mantentzea proposatzen dute, baina ez erromesentzat bakarrik; bisitari denentzako, baizik. Jardina ere auzokideei zabaltzea defendatu dute.

Musika Eskola komentura mugituta, Ubillos jauregia hutsik geratuko litzateke, eta eraikin horretarako co-working espazio bat eratzea proposatu zuten. “Proiektuak aurrera eramateko jende desberdina elkartu daiteke, eta hala sinergiak lortu. Errenteria bezala herri batean funtzionatu du, eta hemen ere funtzionatu dezake”.

Beste eraikin batzuetarako proposamenak ere luzatu dituzte, “batzuk besteak baino konkretuagoak”. Moilaberriko estazio zaharrean turismo bulegoa eta industria-ondarearen museoa jartzea proposatu zuten bilera hauetan, Erkibe etxean haurreskola jartzea, eta Torreberriko goiko solairuan, gaur egun dantzarako erabiltzen den solairuan, Gaztegunea jartzea.

Bigarren bileran etxebizitzen eta alokairuaren gaia aztertu zutela gogoratu dute Ostolazak eta Olidenek. “Gure apustua Puntanuetan aurreikusta dauden babes ofizialeko eta alokairu sozialeko etxeak egitea da. Guztira 300 etxebizitza dira, horietatik 100 alokairukoak”. Alokairu sozialeko etxebizitza horiek merkatuko prezioak jaistea ekarriko lukeela diote. Alokairuarekin jarraituta, gaur egun gazteei zuzenduta dagoen alokairu beka talde sozial zabalago bati irekitzeko asmoa erakutsi dute. “Eta baita etxebizitza turistikoak arautzea ere. Zumaian, agian, ez dugu beste herri batzuek duten presioa, baina aurreikusi beharreko problematika da”. Etxebizitza hutsak merkatura eramateko pausoak emateko prest agertu dira.

Bigarren bilera horretan merkataritzaz ere aritu ziren. Erosketa ohiturak aldatu direnaren jabedun, “bereziki gazte jendearen artean”, Interneteko aplikazio bat sortzea proposatzen dute, “Zumaia erosketa leku bezala planteatzeko. Hemen merkatariak bitartekariak izango lirateke”.

Turismoari dagokionez, Turismo Planari bultzada bat ematearen aldekoak dira. “Turismoaren inguruan eztabaidatu eta konponbideak aurkitu beharko dira. Aldaketak egongo dira, baina aldaketa hauek guk ahalbidetutakoak izan daitezela, eta ez kanpotik ezarritakoak. Ez da erraza izango interes guztiak bateratzea, baina badago interes komun bat, eta da Zumaiak duen izaera propioa, orain arte izan duena, mantentzea”.

Gizarte zerbitzuei lotutako gaien inguruan joan zen hirugarren bilera. Gizartean sumatzen diren desberdintasuna leundu eta egoera larrienak saihestea planteatzen dutela diote. Hala, adinekoei zuzenduta, irisgarritasuna hobetzea planteatzen dute, “baina ez bakarrik igogailuak jarriz, baizik eta laguntzak eta aholkuak emanez”. Etxez etxeko zaintzaren inguruan aldaketak egitearen aldekoak ere badira.

Pentsiodunei dagokionez, osagarriak ematea planteatzen dute. “Oso garbi utzi genuen pentsioen gaia Espainiako Gobernuari dagokiola. Eusko Jaurlaritzan defendatu dugu Jaurlaritza berak osagarriak eman ditzakeela Euskal pentsio sistema izan bitartean”. 1.080 euroko pentsioa jartzen dute pentsio duin baten muga bezala. “Guk diogu hori dela pentsio duina, eta aztertuko dugu muga horretatik behera zenbat jende dagoen. Zerbitzu sozialetatik eta diru laguntzen bidez lagundu behar badugu, aurrera egingo dugu. Badago bizitza duina izan ez dezakeen jendea, eta Zumaian ere badugu halakorik. Udalaren eskumena da? Ez. Beste alde batera begiratu behar dugu? Ez”.

Zaintza lanak ere aztertu dituzte bilera ireki hauetan. “Honen inguruan proposamen konkretuak egitea zaila da, baina tailer desberdinak antolatuko ditugu, adibidez, gizonezkoak zaintza lanetan gehiago inplikatzeko”. Malen Etxearekin elkarlan estua bultzatu nahi dutela ere adierazi dute.