BIDEOA. Etikasi programako saria irabazi dute Zumaienako ikasleek

Baleike 2019ko api. 4a, 12:06

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiak Etikasi programa jarri zuen abian. Zumaiena ikastetxeak irabazi du saria: Auschwitzera lau eguneko bidaia batean hartuko dute parte batxilergoko ikasleek.

Programan parte hartzeko, batxilergoko ikasleekin giza eskubideen inguruko lanketa egin eta bideo bat aurkeztu behar zen. Aurkeztutako lan guztietatik epaimahaiak ikastetxe bat aukeratzen zuen programan parte hartzeko.

Batxilergoko ikasleek aurre formakuntza jasoko dute hurrengo asteetan eta ekainean Auschwitz-era (Polonia) 4 eguneko bidaia egingo dute.

Zutani

"Zutani izeneko bideo hau zuk eta nik batera egingo dugun bidaia da. Zure bideak eta nire bideak gure bidaia osatuko dute. Zure eskubideak nire konpromiso bihurtuko dira. Gure betebehar etikoak.

Bideoan agertzen den sinbolorik nagusienetako bat maleta bat da, azken mende hauetako giza historiaren lekuko paregabea. Gizaki orok garraiatzen du zamaren bat, lastaz beteriko bakoitzaren maletan. Askotan giza duintasunaren aldeko borrokarako bidelagun apartak izan dira, baina beste askotan giza sufrimenduaren lekukotasuna gorde izan dute barnean.

Bideo honetako maletak, inolako zentzurik gabeko indarkeria jasan izan duten eta oraindik jasaten ari diren biktimen ahotsa izan nahi du".