BIDEOA: Korrika zuzenean

Baleike 2019ko api. 4a, 16:00

Gaur, osteguna, hasiko da 21. Korrika Garesen (Nafarroa). 17:00etan abiatuko da euskararen aldeko egitasmoa Klika lelopean, eta Euskal Herrian barrena 2.560 kilometroko ibilbidea egingo du lekukoak 11 egunetan. Korrika apirilaren 14an, igandez, bukatuko da Gasteizen, eta han zabalduko dute lekukoa eta irakurriko dute gaur haren barruan sartuko duten mezua. EITBk 21. Korrikaren zuzeneko emankizuna egingo du egitasmoak irauten duen egun guztietan; ibilbide osoa grabatuko du kamera batek, eta goiko leihoan ikusi ahal izango da zuzeneko emisioa egunero 24 orduz.

Gaur Garestik abiatuta, Nafarroan ibiliko da Korrika zapatura arte; Iruñera larunbat arratsaldean iritsiko da. Igandean Zuberoatik, Nafarroa Beheretik eta Lapurditik pasatuko da, eta astelehenean Nafarroan izango da berriro. Asteartean, Arabara sartuko da egitasmoa, eta asteazkenean Bizkaian hasiko du ibilbidea. Ostegunean Bilbotik igarota, Gipuzkoara ailegatuko da Korrika ostiralean, eta hain zuzen ere, apirilaren 12an, ostiralez, pasatuko da Zumaiatik ere. 11:35 inguruan iritsiko da egitasmoa Zestoatik Narrondora, eta kostalderako bidea hartuko du. Donostiatik ostiral arratsaldean igaroko da egitasmoa, eta zapatuan Gipuzkoa barnealdea eta Durangaldea zeharkatu ostean, igandean bukatuko du lekukoak 11 eguneko bidea Gasteizen.

Erlazionatuak