Orduan bai

Libe Alkiza: eseri lasai gurekin mahaian

Baleike 2019ko urt. 1a, 09:00
Antxon anaia gaztearekin, eskolan.

Diskrezioa izugarri estimatzen dut, eta gaurkoan pertsona eredugarri batekin nator. Zarata eta keinu handirik gabe, behin ere nabarmendu gabe, baina beti hor, eginez eta eraginez, laguntzeko prest, zenbat samurtasun eta goxotasun eman digun Libek.

Libe Alkiza Laskibar 1935ean jaio zen Herreran, Altzako auzoa artean. Hiru anai-arreba ziren, baina lau urterekin ama hil eta bi zaharrenak amonaren etxera joan ziren, Altzara; han lehengusu batzuekin hazi ziren, eta haiek ahizpatzat dauzka; anaia gazteena, berriz, beste etxe batera eraman zuten.

Altzatik, eskolara Herrerara joaten ziren egunero, eta ondo baino hobeto ikasi zuten zenbateko aldapa zegoen, goitik behera eta batez ere behetik gora, bazkaltzera eguerdian igotzean. Maestrak euskaldunak zituzten, baina dena erdaraz egiten zuten. Hamabi urterekin, aita hil eta kolpe handia hartu zuen, baina ikasketa ertainak amaitu eta kontabilitatea ikasi zuen Donostian; lan egiteko aukera ere sortu zitzaion, baina osaba-izebek ez zuten nahi izan: “Garai hartan ez zegoen onartuta emakumeek bulegoan lan egitea; orduan, jertseak egiten hasi ginen etxean, eta lan pila bat egin genuen”. Harrezkero, makina bat aldiz egin behar izan zion aurre oztopo horri, emakume izategatik ezartzen zieten mugari.

Ezkerretik eskuinera, Libe (beltzez, aita hil berritan), Agurtzane Mujika eta Miren lehengusua.

Izenaz galdetu diot, beti eman didalako atentzioa, eta jaio zenean (Gerra Zibilaren atarian), ba omen ziren izen euskaldun gehiago inguruan: Garbiñe, Nekane, Edurne… Hain zuzen ere, gerraondorena ezagutu zuen, eta orduko errazionamenduko kartilla, bonoak, estraperloko irina… Baina goserik ez, eta hori, hamar lagun elkartuta mahaian…

Garai hartan Altza herri handia zen hedaduran, eta inguruko auzo asko bereak zituen; herrigunea, ordea, txikia: plaza, frontoia, eliza eta baserriak. Jolasean pilotan ibiltzen ziren, neska eta mutil nahasian, eta beste ohiko jolas askotan, baina erdaraz: “Gero izaten ziren komeriak etxean… Ahizpen artean erdaraz, eta gure osaba oso euskaltzalea zen; beti gu zuzentzen, euskaraz egiteko kargu hartzen. Jakin bagenekien, ulertu dena, baina egin… Andonirekin hasitakoan eman nion buelta”. Igandero txistulariak joaten ziren Donostiatik, eta dantza asko egiten zuten, eta hazi ahala, pixkanaka, inguruko auzo eta herrietako festetara joaten hasi ziren, baina heldutako dantzarik ez; izan ere, oso elizkoiak ziren eta hango aginduak zorrotz betetzen zituzten. “Orain konturatzen gara nola ibiltzen ginen; orduan, ordea, guretzat normala zen”.

Ormazuri Alkiza familia, Loiolan ateratako argazkian. 

Galdetu diot nola hartu zuen Zumaiarako bidea: “Gure ama zarauztarra zen, eta lehengusuak zituen laskibartarrak, Estazioan, eta Andoniren [senarraren] aita han jasotakoa zen”. Beste lotura batzuk ere izan zituen, ordea, Zumaiarekin: bi senide mojaxarretan egon ziren, eta bisitan etortzen zitzaizkien.

Andoni Ormazurirekin ezkonduta (1960an), Jadarren jarri ziren bizitzen, eta Arrangoletako etxea amaitutakoan, etxez aldatu ziren, gaur arte. Orduko Zumaiaz galdetu diot: “Nik oso gustuko nuen. Hasieran gogorra egin zitzaidan, familiaren eta lagunen faltan, baina segituan ohitu nintzen, eta oso gustura bizi izan naiz”. Bitxikeria bat ere badauka: “Hasieran ezin nuen ulertu hemengo euskara. Kostatu zitzaidan… Kontrakzioak, doinua… Baina ikasiko nuen, nonbait; gero Altzara joan eta galdetzen zidaten zer doinu hartu nuen…”, dio barrez.

Andoni eta Libe biloba guztiekin.

Oso urte gutxian bost seme-alaba izan zituzten, eta euskaraz eskolaratu nahi zituztelako, beste guraso batzuekin Ikastolaren sorreran aritu ziren. Beharrak asko eta handiak ziren, eta andereño baten baja betetzeko, haren ordezkapena egiten hasi zen; gero, urtebetez aritzeko konpromisoa hartu zuen, baina epealdi hura luzatu egin zen: “Garai hartan dena borborka zegoen… Ikastola asko sortu ziren, eta asko titulurik gabe genbiltzan. Orduan, Bergarako UNEDen (Urrutiko Hezkuntzako Unibertsitate Nazionalean) irakasle titulua ateratzeko aukera sortu zen, eta han hasi ginen. Hiru urte egin genituen, joan eta etorri, ostiral arratsaldetik larunbat eguerdira”. Erraza ez zela izango komentatu diot: “Ez horixe. Dena (jatekoak-eta) prest uzten nituen, eta handik etxera bueltatzen nintzenean, esaten dion neure buruari ‘Orain nondik hasi behar dut nik…’”. Horren aurretik, ordea, Zarautzen euskara titulua ateratzen ibili zen, Txilikurekin [Jesus Mari Olaizolarekin], eta Zarautzera joateko, gidatzeko karneta ere atera zuen: “A zer komeria! Gurpila zulatu eta etxera deika, laguntzera joateko, eta Agustin [Egiguren] marmarka, ‘Estas mujeres’”, dio algaraka. Emakumezkoak ziren, bai, famili lotura estuekin, gainera, baina bideko oztopo eta zailtasun guztiak gainditu zituzten. Izugarri kostatu omen zitzaion berriz ere ikasten hastea, baina gogor egin eta lortu zuen.

Maria Jesus Golmaio lagun onarekin, Bartzelonara egindako bidaia batean.

Ikastolako irakasle batek, Jesus Mari Aranburuk, lo egiteko lekua behar zuela eta, urte batzuk egin zituen ormazuri-alkizatarren etxean apopilo, eta beste batzuk ere izan ziren haren atzetik: Joanito Dorronsoro, Bego Martinez eta semea (euskara ikastera), Isabel Muñagorri… “Ez dakit nola kabitzen ginen ere!”, dio, eta jatorduetan beste batzuk ere inguratzen ziren, Jesus Mariren edo Joanitoren lagunak: Joxan Ormazabal, Juan Martin Elexpuru… Liberen etxe abegitsuan, zegoena beti mahaira ateratzen zen, eta konpartitu: “Esaten diot neure buruari: ‘Haiek pasako zuten gosea…’, sasoikoak ziren eta; makina bat patata tortilla egindakoa naiz!”.

Ikastolaren historia eta istorio ugari dakizki, ikuspegi askotatik ezagutu zuelako (guraso, irakasle, zuzendari…). Ikasgelak hasieran etxezuloetan, ganbaretan, etxabeetan… izan ziren, eta pixkanaka Ikastola zabaldu, sendotu eta nagusitu egin zen herrian; amaiera ere ezagutu zuen, eta tristuraz akordatzen da: “Borroka handia izan zen, eta ez zen samurra izan, asko sufritu nuen”. Ikastola amaitu eta herri eskola sortu zen, erditze mingarrian, baina uste du aitortu behar zaiola bere meritua Ikastolari: “Niri izugarrizko poza ematen dit 16-17 urteko gazteak erabat euskaraz entzuteak”.

Ikasleekin, Artadira perretxikoak biltzera egindako irteera batean, 1998an.

65 urterekin jubilatu zen. “Lehentxeago ere hartuko nuen. Azken urteak astunak egin zitzaizkidan; umeengatik ez, e? Klaustroak, bilerak, harremanak ere aldrebestu egin ziren…”. Erretiroa hartutakoan? Lehenengo gauza, ikastaroak eta bilerak fuera; bigarrena, igeriketa ikastaroan izena eman, artean ez baitzekien igerian. Mendian ere asko ibili dira Andoni eta biak, Indamendiren irteeretan, inguruko mendietan…, eta herrian paseatzea ere gustuko dute; goizetan, berriz, kalera irten eta kafea hartzen dute nonbaiten elkarrekin, eta Berria erdi bana irakurri.

Gaur larunbata da, eta seme-alabentzat eta bilobentzat etxeko atea zabalik egoten omen da, bazkaltzeko, elkarrizketa egin dugun mahai honen bueltan. Etortzen direnean, asko izanagatik, ez dut dudarik goseak ez direla geratuko, eta Libek ondo, samur eta gozo hartuko dituela, neu hartu nauen bezala.