‘Herri txiki, infernu handi’ saioa Oikian izan da

Baleike 2019ko mar. 29a, 15:00

Mikel Pagadik, Zuhaitz Gurrutxagak eta Sebastian Lizasok aurkezten duten programa Oikian izan da grabatzen, eta telebistan eman aurretik, atzo egin zuten aurre estreinaldia bertako frontoian. Gurrutxagaren esanetan, "nortasun eta izaera handiko lekua da Oikia".

Datorren igandean, apirilaren 7an, emango dute Oikian grabatutako ‘Herri txiki, infernu handi’ saioa ETB1n. Atzo gauean egin zuten, ordea, aurre estreinaldia auzoko frontoian. Arantxa, Maria Jesus, Mikel, Manuela, Pello, Mila, Jose Julian eta Boni izan ziren programan agertu ziren protagonistak, eta bitxikeriak, istorio propioak, anekdotak eta beste hainbat kontu umorez jantzita ikusteko aukera izan zen.

1930. urtean Zarauzko ikurrina irabazi zuten arraunlari oikiarren balentria, Urolako ibaiaren gainean egin zen lehen zubiaren historia, Kondeko jauregiak uholdeen eraginez dituen arrastoak, 8.300 oilo eta oilar dituen oilategia, festetan egiten den asto proba... izan ziren, besteak beste, saioan ikusi ahal izan ziren kontuak.

Ordu eta erdiko iraupena izan zuen emanaldia bertaratukoen gozagarri izan zen. Irribarreak eta algarak noiznahi entzun ziren, eta aurkezleak ere oso eskertuak izan ziren herritarrekin. Gurrutxagak eta Pagadik ohikoa duten umorea erabili zuten emanaldiaren narrazioan, eta Lizasok hiru bertso eder bota zituen. 

Jarraian, Zuhaitz Gurrutxagari eginiko elkarrizketa laburra: