Artea al da argazkilaritza?

Javier Carballo Berazadi 2019ko mar. 28a, 19:01

Galdera horixe egin zuen Robert de la Sizeranne (1859-1936) idazle frantsesak La Revue des Deux Mondes aldizkariko artikulu batean 1897an, eta denbora luzez eztabaida ugari piztu zituen. Gaur egun, aurreiritziak argituta, prestigio handiko museo askok erakusten dituzte balio artistiko eta merkantil handiko argazki lanak.

Baina inoiz ere ez zen zalantzan jarri argazkilaritzaren hasiera-hasieratik (1829, Niépce eta Daguerrerekin) argazkilaritzak nola ematen duen mundu honen historiaren fede eta lekukotza, eta gaur egun ere ematen jarraitzen du.

Hain zuzen ere, argazkiaren dokumentu izaera funtsezkoa da 1968ko argazki honetan, eta hor azaltzen diren bost osagaitan: trainerua, arrasteko arrantza ontzia, zama ontzia, hotela eta palazio dorrea; horiek guztiak duela mende erdiko Zumaiaren historiaren zatiak dira.

1968ko udaberriko goiz bat zen. 1954tik lehorrean egon ondoren (beraz, aurreko 14 urteetan), gure traineruaren aurkezpena zen. Arraunzale batzuek, Jose Ignacio Apestegi buru zela, gure herrian berriz ere arraunari heltzea erabaki zuten.

Seguru asko larunbata edo jaieguna izango zen, gertaera horrek zenbateko espektazioa piztu zuen ikusita.

Nire Voigtlander Vito B kamerarekin, zuri-beltzezko karrete negatiboa sartuta, argazkia egin nuen manterolatarren Arritxu bateletik.

Traineruan, Manuel Galarraga zihoan patroi, eta arraunlari, berriz, hauek: bi anaia Iturralde, hiru anaia Ibar, bi anaia Egaña, Osa, Arce, Zurutuza, Apestegi, Amilibia, Gómez, Durán, Galarraga... 15 arraunlari aipatu ditut nahita, jakinaren gainean traineruan 13 besterik ez direla, baina beste biak ere taldekideak ziren.

Manuel Galarragak, bere keinuarekin, adierazten digu badoazela arraunean barra aldera.

Urte hartan, Donostiako Kontxako estropadetan, Manuel Galarraga izan zen lehen egunean patroi, eta Jose Luis Miralles bigarrenean. Bi egunetako emaitzak batuta, Zumaia bosgarren geratu zen.

Moilan, egurrezko bi arrantza ontzi daude lotuta; batak, Ferroleko matrikula dauka, baina ezin da bereizi zenbakia; bestea, berriz, Sol de verano arraste ontzia da, SS-3-1191 matrikuladuna, 1962an Zumaiako Arrizabalaga y Olasagasti SRCn egina, Bermeoko Larrauri, Astruy y otros armadoreentzat. Neurriak: 23,20 metro luze eta 6,43 metroko errunekoa; Unanue motorduna, 200 HPekoa.

Moilan bertan, Urmaya zama ontziaren kaskoa dago. Balenciaga SA ontziolak egin zuen Bilboko Enrique Rodríguez Polledo armadorearentzat. 1968ko otsailaren 15ean uretaratu zuten. Neurriak: 55,48 metro luze eta 8,51 metroko errunekoa, eta 4,40 puntalean; MAN motorra zeraman, 1.070 BHPkoa. Edukiera: 575 TRB (erregistroko tonaje gordin) eta 438 TR (erregistroko tonaje garbi).

1977an, Coruñako Jose Abeijón Camiñari saldu zioten. 1984ko azaroaren 2an matxura izan zuen, eta jitoan, ekaitz gogorrarekin, Punta de Besugueirosen hondoa jo zuen, Coruñako Salvora uhartean, eta han olatuek txikitu egin zuten. Bederatzi tripulatzaile, guztiak galiziarrak, salbatu egin ziren.

Eskuinaldean, atzealdean, “Gran Hotel Amaya” dago, Cosme Iraundegi Aizpuruarena, Luis Martínez Kleiserrek bultzatutakoa proiektua. 1923ko ekainean inauguratu zuten, bi solairurekin. Espainiako Gerra Zibilean ospitale militarra izan zen. 1946an 3. eta 4. solairuak eraiki zituzten, baita garajea ere. Zinema-antzokia ere bazeukan, eta 1952an igerilekua, tenis pista eta frontisa eraiki zituzten. 1977an bota zuten.

Ezkerraldean, Talaimendin, Plasenciako kondearen palazioa ageri da, Dorretxe hau Bernarda Leturiondorena eta haren senar Jose Agustin Arbillagarena zen; azken hori enpresarioa zen, Arbillaga zaku fabrikaren nagusia. 1906ko maiatzaren 17an saldu egin zioten José María de Arrospide y Álvarezi, makina bat titulu zeukanari: Plasenciako kondea, Castro-Enríquezeko dukea, Perellóseko bizkondea, Ruedako bizkondea, Béterako baroia, Dayako baroia, Espainiako Aitoren Seme Handia. María de los Dolores de Arrospide y Ruíz del Burgorekin ezkonduta, Boileko markesaren alabarekin, zazpi seme-alaba izan zituzten, hiru gizonezko eta lau emakumezko.

Arrospide sendiak jauregitxoan igarotzen zuen udara, eta Maria Salegi Arakistain zen etxezaina eta Jesús Yeregi Manterola txoferra; biek ere batu egin zituzten beraien bizitzak, ezkondu egin baitziren.

1916ko ekainaren 16an kondeei seme nagusia hil zitzaien, José María, 14 urtekoa. Itzurungo aldapan behera bizikletan zetorrela, harri bat jo eta bertan geratu zen, hilda.

Handik Aurrera, ez ziren gehiago etorri udara Zumaian pasatzera, eta noizean behin baino ez ziren etortzen. 1930ean, Arritokietako Ama Birjinaren koroazioan, aitabitxi-amabitxiak izan ziren, eta amabirjinarentzat eta umearentzat urrezko eta esmaltezko koroak eman zituzten opari.

José Mª de Arrospide, Plasenciako XI. kondea, 1936ko irailaren 5ean hil zuten Donostian, Gerra Zibilean.

1940tik, dorretxeko kontserjeak Martín Aginagalde eta María Rita Urbieta izan ziren, eta han bizi izan ziren Cándido, Juanita, Victor eta María Jesús seme-alabekin. Aginagaldetarrek gutxi gorabehera 1967an alde egin zuten jauregitxotik, eta urte batzuk geroago eraitsi zuten palazioa. 

Javier Carballo

(Nire eskerrik beroenak, egindako ekarpenengatik, hauei: Maria Jesus Aginagalde, Pello Etxabe, Luis Mª Goikoetxea, Carmelo Larburu, Joxe Amilibia, Gontzalo Torre, Javier Del Pilar eta Tomás Otamendiri)