Eta santelmoetako igandean hauteskunde mahaian egotea egokitzen bazaizu?

Baleike 2019ko mar. 28a, 12:31

Hilabete baino ez da falta santelmoak ospatzeko eta hasi dira koadrilak bazkaritarako planak egiten, danborradetako entseguak martxan daude aspaldi, egitaraua prest dago, txosnetako lanak ere bideratuta... Baina, erne, zure planak pikutara joan daitezke apirilaren 28an, santelmoetako igandean, hauteskunde mahaian egotea egokitzen bazaizu.

Halaxe egokitu dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, santelmoetako igandean, jaien erdian. Eta badakizue, hauteskunde mahaiak osatzeko herritarren parte hartzea derrigorrezkoa da. Zumaian hamar mahai osatzen dira eta bakoitzean hiru lagunek egin behar dute lan: lehendakariak eta bi eledunek. Eta ordezkoak ere izendatzen dira, norbaitek kale egingo balu. Beraz, 60 zumaiar beharko dira apirilaren 28an hauteskunde mahaiak osatzeko. Zozketan sartzen dira 18 eta 70 urte artekoak, eta 65 urtetik gorakoek uko egiteko eskubidea dute. 6.000 zumaiar inguru, gutxi gorabehera: 100dik bati egokitu zaio.

Zozketa udaletxean egingo dute, datozen egunetan, epea apirilaren 2an (asteartea) amaitzen baita. Zozketa egin eta hiru eguneko epean jakinarazi behar zaie saridunei, ziurtatutako postaz edo zuzenean udaltzainen eskutik. Datorren astean jakingo duzu, beraz, mahaian egotea egokitu zaizun.

Buruko minak ez du balio

Mahain egotea egokitzen bazaizu, zazpi eguneko tartea daukazu helegiteak aurkezteko, eta bost eguneko epean erantzun beharko du hauteskunde batzordeak. Libratu ahal izateko edozein arrazoik ez du balio. Ondo justifikatuta egon behar du (hemen legeak jasotzen duena), eta ez, parranda ondoko burukominak ez du balio. Mahaiko kideek diru sari bat jasotzen dute, 65 euro ingurukoa, eta funtzionarioek eta hirugarren batentzat lan egiten dutenek (autonomoek ez) hurrengo egunean lanaldia bost orduz murrizteko eskubidea dute. Baina hor ere abantaila handirik ez, hurrengo egunean Zumaian jai eguna delako...

Gutxienez astirik emango al die banderaren igoerara iristeko?