Ekintzaileen hizkuntza-kudeaketa hobetzeko saioak egingo dira apirilean

Urola Kostako Udal Elkartea 2019ko mar. 28a, 11:26

Eskualdeko ekintzaileentzako bi saio antolatu dira Urola Kostako Udal Elkartean: apirilaren 9an, euskaraz, eta apirilaren 16an, gaztelaniaz.

'Ekiten, Ekintzaile eta Enpresarien Ekosistema' eta ‘Enpresa Euskaraz Handitzen’ egitasmoak uztartuz, ekintzaileei bideratutako euskarazko saioak prestatu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak. Modu honetan, eskualdeko ekintzaileek hizkuntza hobeto kudeatzeko saio teorikoak eta praktikoak izango dituzte apirilaren 9an euskaraz, eta apirilaren 16an gaztelaniaz.

Udal Elkarteak antolatu dituen saioei esker, enpresa aurreratua izateko aukerak identifikatu, eta hizkuntzen kudeaketa hobetzeko erremintak erabiltzeko gaitasuna lortu ahal izango dute parte-hartzaileek.

Besteak beste, xede da zerbitzu-hizkuntzaren eta lan-hizkuntzaren garrantzia azpimarratzeaz gain, ekintzaileak konturatzea hizkuntza kudeaketa eraginkor batek beren proiektuari zein ekarpen egin diezaioketen. Saioetan, alderdi teorikoa ezagutzeaz gain, adibideak eta irtenbide zehatzak ezagutzeko aukera izango dute partaideek.

Saioetan parte hartzeko interesa duten Urola Kosta bailarako enpresa txikiek eta ekintzaileek dagoeneko eman dezakete izena Udal Elkartearen webguneko formularioa beteta (http://www.urolakosta.eus/eu/euskara-enpresan).

Mezua ere bidali dezakete handitzen@urolakosta.eus helbide elektronikora edota 943 890 808 telefono zenbakira deitu.