Imanol Manterola: “Palestinara joateak kontzientzia esnatu dit”

Baleike 2019ko mar. 24a, 09:56

Zisjordaniako emakumeen ahalduntze prozesuaren lekuko izan zen Imanol Manterola pasa den abenduan. Emakume horiek garatzen ari diren proiektuak ezagutu zituen,  baita bere argazki kamerarekin jaso ere. Argazki erakusketa bat jarriko du orain, prozesu hori gizarteratzeko helburuarekin.

Argazkiak: Imanol Manterola

Bakerako Lankidetza Batzarrea Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatutako lehiaketa irabazi zuen Manterolak (Zumaia, 1972). Saria Palestinara joatea izan zen, erakunde horrek bultzatzen dituen proiektuen inguruko argazki erreportajea egiteko. Zazpi egunez izan zen argazkilaria Israelek horma handi batez inguratuta duen Palestinako eremuan. Horren guztiaren inguruan aritu gara Imanolekin hizketan.

Nola sortzen da Palestinara joateko aukera?

Kasualitatez, esango nuke. Facebooken aurkitu nuen argazki lehiaketa baten deialdia. Saria Palestinara joatea zen, argazki erreportaje bat egitera. Bidaiatzea gustatzen zait, eta erronkak ere erakartzen naute. Garai horretan, gainera, bestelako argazkiak egiteko fase batean nengoen. Fotoperiodismo kontuak betidanik gustatu zaizkit. Argazkien atzean istorioak daude, eta hori bilatu nahi izaten duzu beti. Urte pila bat daramat argazkiak ateratzen, eta neure buruarekin pixka bat aspertuta ere banengoen. Gero eta argazki gutxiago ateratzen ditut, eta, azkenaldian txorienak bakarrik! Txoriek gauzak zail jartzen dizkidate.

Zer lanekin hartu zenuen parte lehiaketan?

Erretratu batekin. Errefuxiatuen kanporaketaren urteurrenean hemen, Zumaian, egin zen ekitaldian ateratako argazki bat bidali nuen. Argazkiarekin batera gutun bat ere bidali behar zen. Gutunean nire curriculuma bidali nien, eta argazki rally dezente irabazi ditudala ere jarri nuen. Horri ere garrantzia eman zioten.

Argazki rallyetan behar den azkartasun hori kontuan hartuko zuten.

Azkenean rallyek esperientzia ematen dizute. Ukitu gabeko argazkiak aurkezten dituzu; argazki onak izan behar dute. Rallyetan asko ikasi dut, eta banekien lan hau egiteko prestatuta nengoela.

Argazki erreportaje hau egiteko, zenbat denbora igaro duzu Palestinan?

Abenduko zubian joan nintzen, hilaren 1etik 8ra bitartean. Egun osoak sei izan ziren. Lehen lau egunetan kooperatibetan egon nintzen, lehiaketarekin lotutako bisitak egiten. Kooperatiba horiek laguntzen dituzte hemendik, batez ere, emakumeek bultzatutako proiektuak. Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuek, Bakerako Lankidetza Batzarreak barne, emakumeen arteko topaketak antolatu zituzten egun horietan; kooperatibatan egon ginen, baita kongresu batean ere. Lehen egun horiek oso estresagarriak izan ziren, ordu asko ibili ginen eta batetik bestera. Baina, aldi berean, oso aberasgarriak ere izan ziren. Leku ugari ikusteko aukera izan nuen: udaletxeak, kooperatibak, horien lursailak, etab. Emakume horien topaketen lekuko izan nintzen. Nire lana argazkiak ateratzea zen, baina zertaz ari ziren ere jakin nahi izaten nuen. Baina ingelesez eta arabieraz ziren topaketak, eta nahiko larri ibili nintzen.

Emakumeen ahalduntzea bultzatu nahi dute proiektu hauek. Zer nolakoak dira?

Proiektu arruntak dira, baina garrantzitsuena da emakumeez bakarrik osatutako kooperatibak direla. Azkenean, beharrak eraman ditu horretara. Emakumeak han ez dira halako lanetan aritu; etxeko lanez arduratu izan dira beti. Baina arazo bat dute eta da familia pila bat gizonik gabe dagoela, hilik edo kartzelan daudelako. Horregatik, emakume askok hartu du familiak aurrera ateratzeko ardura. Baina oraindik aurreneko pausoak ari dira ematen; kooperatiba hauek zerotik sortzen ari dira. Arazoak ere badituzte, kooperatiba bat sortzeko 15 bat lagun behar dituztelako; hemen hirurekin nahikoa izan ohi da. Kooperatibistak joan dira hemendik beraien esperientzia kontatzera. Oilasko haztegi bat ikusi genuen, mahatsekin produktuak egiten dituen kooperatiba, aterpetxe bat egiteko helburua duen proiektua, azeitunen inguruan lan egin nahi duena... Emakumeek zuzendutako aroztegi bat ere ikusi genuen, baina haiek langile autonomoak ziren; enpresa beraien kabuz sortu zuten.

Emakumeen mugimendua hasten ari den leku batean nengoen. Ahalduntze prozesu baten hasieran daude emakume hauek, eta horren lekuko izan naiz. Gero, mila eta bat arazo dituzte. Beraien lurrak ureztatzeko arazoak dituzte, ura Israelen esku dagoelako. Sortzen dituzten produktuak ere ezin dituzte esportatu. Ekoizten dituzten produktuak garestiago ateratzen zaizkie Israeletik inportatuta baino. Arazoak besterik ez dituzte emakume hauek: kulturalak, ekonomikoak, politikoak, erlijio aldetik... Esan daiteke eskala batean behe-beheko postuetan daudela. Eta, hala ere, erresistentziako parte garrantzitsua dira. Beraiek zaintzen dituzte umeak, beraiek arduratzen dira etxeko lanez, eta orain sostengua ere beraiek lortzen dute.

Alboan dituzten bizilagunek ere ez dizkiete palestinarrei gauzak erraz uzten.

Esan daiteke indarkeriaren erresuman bizi direla. Israelen zapalkuntza jasan behar dute egunero. Hori da israeldarren sistema, egunero-egunero palestinarrak jazartzea. Hala galdu dute lur asko. Gauez joaten dira lurrak lantzera, eguneko orduetan [israeldar soldatuek eta kolonoek] zainduta dituztelako. Lanpostu pila bat ere galdu dute. Zisjordaniako hiriburu administratiboa den Ramallahtik Jerusalemera 15 kilometro besterik ez dago. Baina hiruzpalau ordu behar izaten dituzte hara heltzeko, kontrol pila bat pasa behar dutelako. Hori, egunero. Hori da Israelen politika. Zisjordania horma handi batez inguratu dute, eta haren barruan, leku estrategikoetan eta legez kanpo, kolonia mordo bat sortu dituzte. Landu gabeko lursailik ikusten badute, kolonoak sartu egiten dira. GKE hauek lursail horiek lantzen saiatzen dira, eskuz ez aldatzeko. Berez, kolonoek ezin dute hor egon. Baina oso konplexua da guztia, zer... nork onartzen du Palestina estatu bezala?

Israelen jazarpenak gain, herrialde musulmanek ere ez diete asko laguntzen...

Barruan ere liskarrak dituzte. Al-Fatah dago, batetik. Batzuek diote ustelkeriak janda dagoela eta Estatu Batuen lagunak direla. Bestetik, Hamas dago, batzuen esanetan erakunde terrorista bat. Lehenak bigunak omen dira; besteak, berriz, muturrekoak. Beraien artean liskar handiak dituzte, eta horrela ezinezkoa da herrialde bat altxatzea.

Palestinak bizitzerik ba al du kanpo laguntzarik gabe?

Ez, ez, nik uste ezetz. Zerbaitek harritu ninduen, baina. Langabezia eta pobrezia tasak oso altuak dira han. Baina, heldu nintzenean, ez nuen ikusi pobreziarik inon. Bizitza maila nahiko altua dute, hemen baino garestiagoa. Ez duzu inor kalean dirua eskatzen ikusten. Teknologia goreneko bideo jokoak eta tresnak ikusten dituzu dendetan. Horrek harritu ninduen. Nik uste hori dela erakutsi nahi dutena; pobreziaren irudiak ez dituzte erakutsi nahi. Oso bestelakoa omen da Gaza. Hor bai dagoela muturreko egoera.

Lehiaketarekin lotutako argazkiak ateratzeaz gain, izan al zenuen bestelako argazkirik ateratzeko aukerarik?

Bi egunez neure kontura ibiltzeko aukera izan nuen. Jerusalemen egon nintzen, eta Itsaso Hilean ere bai. Herodesen massada ikusteko aukera ere izan nuen. Mendi baten gainean zegoen gotorleku baten arrastoak daude han. Baina birrinduta dago, eta pena da. Leku oso ezagunak eta esanguratsuak daude han: Jeriko, Jerusalem, Betleem... Baina, tamalez, leku oso gutxi daude kontserbatuta. Hainbeste gerrarekin, txikituta daude. Berriro joateko aukera izango banu, herri txikiak bisitatuko nituzke. Jerikon ez nintzen egon, Nazareten ere ez. Herri txikiak ikusteko gogoarekin geratu nintzen. Uste dut hor aurkituko nituela nik atera nahi nituen argazkiak.

Leku gatazkatsua da hura. Arazorik izan al duzu?

Ni egon nintzen egunetan ez zen ezer pasa, baina etorri eta hiru egunera atentatu bat izan zen, eta hiru militar israeldar hil zituzten Ramallahko checkpoint (kontrol puntu) batean. Armada israeldarra sartu zen ondoren eta Ramallah guztia hartu zuten. Pertsona horiek aurkitu arte ez ziren atera. Nik ez nuen ezer ikusi. Nik uste han, Palestinan, mugitu daitekeela lasai. Ramallahko erdigunean ibili nintzen, eta ez nuen kanpotar bat bera ere ikusi. Baina oso leku segurua da. Kotxe bat alokatu eta han ibil zaitezke lasai. Gomendatzen dut hara turismoa egitera joatea.

Zerekin atera zara handik?

Kontzientzia berreskuratzea ekarri dit. Akordatzen naiz orain 20 bat urte, Arranplan, lehorreratzen bat egin genuela, Intifada zela eta. Parte hartu nuen han, zapi palestinarra jantzita. Orduan kontzientzia gehiago genuen. Gero zirkulu batean sartzen zara, haurrekin, hipotekarekin, eta gauza horiek guztiak ahazten ditugu. Orain berriro kontzientzia hartzen hasi naiz. Bisita honekin hogei urte atzera egin dut, eta pentsatzen dut ea zergatik ahaztu dudan. Zergatik orain ez zaizkigu palestinarrak inporta? Haien inguruko herrialdeek ere beraien arazoak dituzte, eta inor ez da palestinarrez akordatzen. Hango egoera gero eta okerragoa da. Kontzientzia esnatu egin zait berriro. Argazki hauekin kontzientziazio horretarako ekarpen bat egin nahiko nuke. Hara joango nintzela esan nuenean, jende guztiak esan zidan ea zoratuta nengoen. Arriskua ikusten zuten. Eta justu kontrakoa da: hara joan beharko genuke ikusteko zer gertatzen ari den. Hango errealitatea ikusi eta kontatu egin behar da.