120 lagunek jantziko dute Zumaiako Arraun Elkarteko kamiseta gorria

Baleike 2019ko mar. 23a, 09:41

Aurtengo arraun denboraldian Telmo Deun arraun elkartearen kamiseta gorria jantziko duten lagunen aurkezpena egin zen atzo. Traineru denboraldian arituko diren neska-mutilak bertan izan ziren; eta baita harrobiko arraunlari gazteak ere.

Maila guztiak kontutan hartuta, bateletatik traineruetara arte, 120 lagun arituko dira lanean Zumaiako arraun elkartearen izenean. Hiru traineru uretaratuko ditu aurten Telmo Deunek: gizonezkoetan, seniorretan eta beteranoetan ontzi bana, eta emakumezkoetan beste bat. Hau izango da aurtengo berrikuntza nagusia, 2015. urtetik Zumaiak ez duelako emakumezkoen trainerurik izan. Hauei harrobiko 12 batelak gehitu behar zaizkie.

Atzo arratsaldean egin zuen aurkezpena Telmo Deunek, Paolbidean dagoen Villa Luz etxean. Bertara hurreratu ziren arraunlariak, entrenatzaileak eta zuzendaritzako kideak. Baita zaletu talde bat ere.

Harrobiko neska-mutilak aurkeztu zituzten lehenbizi, eta traineruetan arituko diren arraunlariak ondoren. Xabier Zulaika izango da aurten gizonezko seniorren entrenatzalea. Talde gaztea du esku artean eta, adierazi zuenez, iazko moduan, zortzigarren eta bederatzigarren postuen inguruan aritzea izango dute helburu. 

Emakumezkoen traineruaren itzulera da aurtengo berrikuntza nagusia. 22 arraunlari arituko dira Zumaiarekin denboraldi honetan; horietatik gehienak lehen urtekoak dira. Arraunlari talde horretatik 20 harrobikoak dira, eta bi besterik ez beste klub batetik etorritakoak. Kike Manterola izango entrenatzailea. Lana ilusioarekin hartu duela nabarmendu zuen ekitaldian.