“Iazkoa baino gogorragoa izan da aurtengo edizioa”

Baleike 2019ko mar. 21a, 19:00

Azkue Inmobiliaria-Aranza taldeko Ricardo Azkuek eta Jesus Mari Aranzabalek Panda Raid proba egin zuten martxoaren 10etik 16ra Marokoko lurretan. Etxera itzuli eta pixka bat deskantsatu ondoren, han bizitakoa kontatu du Aranzabalek.

“Aurtengo edizioa iazkoa baino gogorragoa izan da. Etapa bakoitzeko hasiera eta helmuga puntuak antzekoak izan dira, baina tarteko ibilbideak aldaketa batzuk izan ditu eta horrek gogortasuna ekarri du. Pentsa, 76 kotxek proba utzi egin zuten”, gogoratu du Jesus Mari Aranzabalek.

Zumaiarrarentzat ez da esperientzia berria izan; iaz ere bertan izan zen Mikel Zubiarekin. Aurten, berriz, Ricardo Azkue izan du lagun. “Berarentzat ere gogorra izan da. Proba guztian gidatu zuen eta oso nekatuta iritsi zen etxera”. Guztira, 4.800 kilometro egin zituzten Zumaiatik Marrakechera joan eta etorrian. “Lasterketa sei egunetan egiten da, baina denera 10 egun egin genituen”.

410 kotxek hartu zuten parte aurtengo edizioan, eta Azkuek eta Aranzabalek osatutako bikoteak 96. postuan amaitu zuen. Bi isun garrantzitsu izan zituzten, eta kontatu duenez, horiek jaso gabe lehen 30etan sartzeko moduan izango ziren. “4.500 punturekin hasi ginen proba, eta 500 puntuko bi penalizazio izan genituen. Horietako bat jakinaren gainean egin genuen. Nahiago izan genuen ibilbidean beharrezkoa egin gabe lehenago iritsi helmugara eta kotxea konpontzea. Ukituta zegoen eta garajera eraman nahi genuen, hurrengo egunerako ongi prestatu. Azkenean gure helburua hasieratik ongi pasatzea izan zen, sailkapen orokorrari begiratu gabe”.

180 kilometro frenorik gabe

Panda Raid lasterketa proba berezia da. Alde batetik, Seat eta Fiat Panda, eta Seat Marbella autoek bakarrik parte hartu dezaketelako. Beste aldetik, inolako konexio edo GPSrik gabe egin behar delako. Iparorratzarekin eta antolakuntzak emandako ibilbideko mapa batzuekin (roadbook) osatu behar da ibilbidea. “Denetariko jendea dago, eta lehen postua egitera joaten direnak daude. Horregatik, askok GPSa eta horrelako gauzak eramaten dituzte”, kontatu du.

1998koa den Fiat Panda batekin egin zuten lasterketa guztia. Iaz arazo handirik gabe amaitu zuten, eta horren sekretua kotxea ongi prestatzea zela aitortu zuen Aranzabalek. “Aurten ere ongi eraman dugu, baina arazo txiki batzuk izan genituen. Horiek, egia esan, gure erruagatik izan ziren”, azpimarratu du. Ihes-hodia esaterako bi aldiz izorratu zitzaien; bietan azkar joateagatik jasotako kolpeengatik. “Horretaz gain, laugarren etapan, frenorik gabe gelditu ginen. Guztira, 180 kilometro egin genituen frenorik gabe. Horietatik 110 pistan, eta beste 70 errepidean. Tentsio handiarekin joan ginen. Azkenean, animaliak eta pertsonak atera daitezke errepidera. Helmugara iristean falta zitzaigun piezarik ez genuela konturatu ginen eta moldaketa bat egin behar izan nuen”.

Bizitzen den esperientziaz haratago, hango paisaiaz gozatzea eta lagunak egitea da bidaia horren alde positiboetako bat. “Gainera, lasterketak badu alde solidario bat. Jendeak ahal duena ematen du. Gure kasuan A3 dendak materiala eman zigun, baita Zezen motorsek burdinazko piezak ere. Bertakoek gustura hartzen dituzte, eta bueltan jasotzen dugun esker ona izugarria da. Horrekin gelditzen gara azkenean”.

*Argazkiak: Panda Raid eta Ricardo Azkue.

Erlazionatuak

Panda batean Marokon zehar

Baleike 2019 mar 10 Zumaia